Langile bat hil da gaur arratsaldean Ataunen (Gipuzkoa) baso lanetan ari zela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Lizarrusti mendate inguruan zebilen lanean, eta zuhaitz bat erori zaio gainera; 14:40an jazo da ezbeharra.
Gipuzkoako suhiltzaileak, Ertzaintza eta osasun langileak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko. Suhiltzaileek menditik errepideraino eraman dute gorpua, eta hortik hileta zerbitzuek eraman dute.
Joan den astean baso lanetan ari zen beste langile bat hil zen, Iurretan (Bizkaia); zuhaitz baten adar bat erori zitzaion gainera. LABek basogintzan arriskua «handia» dela salatu zuen. Sindikatuaren arabera, Euskal Herrian aurten 36 lagun hil dira lanean ari zirela. Ataunen hil den langilearekin, 37 dira jada.