Iñaki Martinez. Gipuzkoako Merkataritza Federazioko presidentea

«Behar dugu bezeroak eta gizartea sozialki arduratsuak izatea»

Gertatzen da, esaterako, dekoratze proiektu bat eskatzea merkatariari, osorik hartzea ideia eta Ikeara joatea erostera. Orduetako lana, musu truk. Zerbitzua nola balioetsi topatzea da merkatarien erronketako bat.

Miren Garate.
Donostia
2015eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Zazpi urteko gainbeheraren ostean, iaz gora egin zuten Euskomerren batzen diren saltokien salmentek, %1,7. Hango kide daGipuzkoako Merkataritza Federazioa, Araba eta Bizkaikoarekin batera.ñaki Martinez presidentearen esanetan, jaiegunetan saltokiak irekitzeak ez luke salmenten igoerarik ekarriko. Alabaina, «interesgarria» iruditzen zaio jaiegunak ordenatzea, eta astelehenetara aldatzea.

Salmenta kopuruan joera aldaketa izan zen iaz. Nola ekin diozue 2015ari?

Itxaropentsu, urtez urte behera joan gara, eta bada aldaketa bat hori eten izana. Ikasi dugu krisiarekin lan egiten, eta Gipuzkoan turismoaren arrakasta ere ikusten da. Baina egia da, krisiak kalte handia eragin du merkataritzan, Internetek aldaketak ekarri ditu, saltoki handi batzuk merkatuan egoteak ere ez du lagundu...

Eustaten datuen arabera, iaz saltoki handietako salmentek behera egin zuten, %1,5. Federaziotik ere aipatu izan duzue jendeak gero eta gehiago erosten duela etxetik gertu. Zerk ekarri du aldaketa?

Lehen, modan-edo zegoen erosketak merkataritza zentro handietan egitea. Krisiagatik-edo,jendea orain sentiberagoa da prezioarekiko, gehiago begiratzen eta konparatzen du, eta konturatu da gertu ere lortu hal duela prezio onik. Topiko bat da saltoki handietan prezioak merkeagoak direlakoa. Elkartasun eta kontzientzia kontua ere izan daiteke,pixka bat.

Hala ere, saltoki handiek nahiz nazioarteko kateek egiten duten lehia handia da.

Zerbait ezberdina eskaini behar dugu haiekin lehiatu ahal izateko. Behar dugu, halaber, bezeroak eta gizartea sozialki arduratsuak izatea. Ez zait ondo iruditzen merkatari bati dekoratze proiektu bat eskatzea, eta gero proiektu horretatik ideia guztiak hartzeaeta Ikeara joatea erostera. Zortzi orduko lana egon daiteke proiektu horren atzean. Nola egin bezeroek nabaritzeko, ordaintzeko zerbitzu hori? Ez da batere erraza, baina seguru nago asmatuko dugula aurrera egiten. Uste dut etxeko lan bat dugula gizarte mailan ere: bakoitzari balioetsi behar zaio bere lana. Kontzientzia harrarazi behar dugu, eta horregatik eskatzen diogu laguntza Eusko Jaurlaritzari.

Zertan lagundu dezake Eusko Jaurlaritzak?

Behintzat, duen dirua ondo erabili behar du. Ez da eraginkorra kanpaina orokor bat egitea herrietan erostea zein garrantzitsua den esateko; hori badaki jendeak, eta autobus geltoki batean mezu hori ikusteak ez dio aldatuko bere erosteko joera. Merkatarioi lagundu behar zaigu balio gero eta handiagoa ematen, kemenak berritzen. Guk behin eta berriz eskatzen dugu sektore mailakoak izan behar dutela laguntzek, okindegi batek eta optika batek ez baititu premia berberak. Industrian ere sektoreka banatzen dira laguntzak.

PIVE, Renove... halako planak eraginkorrak dira?

Oso-oso interesgarriak dira, jendeari erosteko gogoa ematen dietelako. Gainera, seguru asko, BEZarekin bakarrik euren burua finantzatzen dute plan horiek. Ideala litzateke halako plan gehiago sustatzea, baina ulertzen dugu baliabideak eskatzen dituztela. Baliabideak falta badira, dirurik ez dagoelako, behintzat eskatzen dugu dagoen dirua ondo erabiltzeko.

Iazko balorazioa egiteko agerraldian honako hau esan zenuten: «Ez gaitzatela engaina. Europan ere ez dituzte irekitzen saltokiak jaiegunetan». Nork estutzen du jaiegunetan irekitzeko?

Batez ere, merkataritza zentroek dute interesa, inbertsio handiak egin dituztenek, eta multinazionalek. Epe oso laburreko estrategiarekin aritzen dira, eta errentagarritasuna bakarrik nahi dute. Gu, berriz, herriko eta hiriko jendea gara.

Jaiegun gehiagotan irekitzeko premiarik ez duzue ikusten, beraz.

Inondik inora ez zaigu lehentasuna iruditzen. Akaso zentzu handiagoa dauka eguerdietan irekitzeak, hala jendeari aukera ematen zaio txandaka lan egiteko. Kostako herrietan, batzuk hasi dira, eta, oraingoz, pozik daude. Gizarte gisa zer nahi dugun ere kontuan hartu behar da: zer nahi dugu igandeetan, merkataritza zentroetara joan?

Eta jaiegunei lotuta, bestelako aldaketarik proposatzen du merkataritza federazioak?

Guretzat, interesgarria litzateke jaiegunak ordenatzea. Zergatik egin behar dugu jai martxoaren 19an, edo uztailaren 25ean? Ez gara gogoratu ere egiten zergatik diren jai. Zergatik ez ditugu ordenatzen produktibitate aldetik, edo kontziliatzen eskolako eta enpresako jaiegunak? Guretzat,oso interesgarria litzateke jaiegunak astelehenetan izatea; noski,Gabonak, Aste Santua, herriko jaiak... horiek egokitzen direnean ospatuta. Kontziliazioaren kontua oso garrantzitsua iruditzen zaigu.

Saltokiak itxita egon arren, Internet bidez egin daitezke erosketak jaiegunetan ere. Nola aldatu du Internetek merkataritza?

Batetik, informazio aldetik ekarri du aldaketa. Lehen, bezeroa produktuari buruzko informazio eske etortzen zitzaigun; orain, dendariak berak baino gehiago jakiten du askotan. Horrek saltokiei eskatzen digu oso prestatuta egotea. Erosketa aldetik, Internet lehiakide bat gehiago bihurtu da. Ezagutzen ditut hornitzailea aldatu behar izan duten dendak. Imajinatu saltzen duzula produktu bat, eta hura bera merkeago eros daitekeela Interneten. Ezin zarahorrekin lehiatu, aurkitu behar duzu beste produktu bat saltzeko.

Aurten amaitu da errenta zaharren 20 urteko luzapena. Denda asko itxi behar izan dituzte?

Batzuk itxi dituzte, baina programatua zutelako ixtea. Federazioak negoziazio mordo batean lagundu du, ondo egin ditugu etxeko lanak, eta, errenten amaiera iritsi denean gehienek kontratua berritua zuten edo bazuten beste alternatiba bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.