Basogintzako eragileek sektorearen etorkizunaz zer pentsatzen duten aztertu du BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzaile talde batek, eta bide orri bat proposatu du eredu jasangarri bat garatzeko. Talde horretako kide da Noelia Zafra-Calvo (Bilbo, 1977), eta basozainen eta zientzialarien arteko elkarlanera deitu du.
Zer baldintza bildu behar ditu basogintzak kudeaketa jasangarria izateko?
Jasangarritasunaren hiru zutabeak: ingurumena, gizartea eta ekonomia. Gaur egun, gehiengoaren iritziz irizpide ekonomikoa lehenetsi behar dela esango nuke, baina ez lirateke ahaztu behar ez ingurumenaren zutabea ezta soziala ere.
Ingurumenari dagokionez, zer garrantzi du baso baten biodibertsitateak?
Batetik, baso naturalak behar dira. Bada nazioarteko akordio bat lurraldearen gutxienez %30 babesteko 2030. urterako [Kunming-Montreal Biodibertsitatearen Mundu Esparrua]. Hor sar daitezke esku hartzerik gabeko basoak edo gutxieneko esku hartze bat dutenak. Bestetik, nire ustez, ekoizpenera bideratutako basoak ere behar dira, baina jasangarriak izan behar dute, ez dituzte soilik irizpide ekonomikoak aintzat hartu behar, ahalik eta gutxien kaltetu behar dute biodibertsitatea, lurra, ura... Eta, gizarte arloan, alderdi hauek zaindu behar dituzte: lan baldintzak, belaunaldien arteko transmisioa, landa eremuen hustea eta abar.
Zer pauso eman behar dira basogintza jasangarri baterako?
Kalitate handiko egurra duten espezieetan oinarritutako basogintza bat bultzatu behar da. Gaur egun landaketetako espezieen arazorik handienetako bat da gaitzak dituztela, eta ez dutela errendimendu onik ematen; papera egiteko saltzen dira, eta ez da askorik ordaintzen. Beraz, aukera bat da espezie bat baino gehiago landatzea, horietako asko tokikoak, baina mozteko garai desberdinak dituztenak. Adibidez, haritzak —hemendik 80 urtera moztu beharko dira—; lizarrak —agian denbora gutxixeago beharko dute—; gereziondoak; pagoak... Horrela, errendimendu ekonomikoa jaso daiteke zenbait urteko maiztasunarekin.
Gainera, bakarrik egin beharrean taldean egiten bada, elkarte edo kooperatiba baten barruan esaterako, lur gehiago erabil daiteke, eta lur hori kudeatzea merkeagoa izango da. Izan ere, egungo beste arazo nagusietako bat da lursailak txikiak direla. Pinua hektarea erdiko lursail batean moztu behar baduzu, eta lursaila urruti badago, eta, gainera, papera egiteko saltzen baduzu egurra, ez da errentagarria izango.
«Karbono merkatuaren bitartez landaketekin espekulatzeko modua ematen bada, ez du ezertarako balioko»
NOELIA ZAFRA-CALVOBC3ko ikertzailea
Enpresek zer aldaketa bultzatu ditzakete?
Enpresek egiaztatutako produktuak eta balio ekonomiko handikoak susta ditzakete. Adibidez, kalitatezko altzariak. Ahalegina egin dezakete jendeak produktu horiek eros ditzan bertako produktuak direlako, elikagaien sektorean Eusko Label egiaztagiriarekin gertatzen den bezala.
Klima krisia arrisku bat ala aukera bat da eredu jasangarria bultzatzeko?
Aukera bat dela uste dut. Orain beste neurri bat proposatzen ari dira: karbono merkatuak garatzea. Bide hori aukera bat izango da soil-soilik behar bezala egiten bada. Hau da, karbono merkatuaren bitartez landaketekin espekulatzeko modua ematen bada, ez du ezertarako balioko. Oso garrantzitsua da erreferentzia nola finkatzen den. Abiapuntuko erreferentzia lursail huts bat baldin bada, edozein zuhaitz landatuta ere, karbonoa xurgatuko duzu. Eta eukaliptoa bezalako hazkuntza azkarreko zuhaitz bat baldin bada, are gehiago. Erreferentzia ondo finkatzen ez bada, errentagarriena izango da landaketa guztia moztea eta eukaliptoak jartzea.
Zer landatu erabakitzeko orduan, lur jabeek aintzat hartzen dute ezagutza zientifikoa?
Ez beti, horretarako oztopo asko baitaude. Balioak erabakigarriak dira ezagutza bat balekotzat jotzeko ala ez. Askotan, informazio jakin bat alboratu egiten da pentsatzen duzulako informazio hori zure balioekin bat ez datorren norbaitengandik datorrela. Ikerketan ondorioztatu dugu ezagutza zientifikoa ez dela lur jabeengana iristen. Ezagutza hori biologian adituak direnek sortzen dute, nagusiki, eta ez baso ingeniariek. Interesgarria litzateke baso ingeniariak biologoekin eta gizarte zientzialariekin elkarlanean aritzea, aztertzeko, besteak beste, zein espezie landatu daitezkeen eta zer nolako kudeaketa egin daitekeen eredu jasangarri bat garatzeko. Oraingoz, oso urrun ikusten ditut, eta ikuspegi kontrajarriak dituzte, gainera.
Ezagutza zientifikoa ez bada, zein da lur jabeen erabakietan pisu handien duen ezagutza?
Merkatuaren gaineko ezagutza eta espezieen errendimenduari buruzko informazioa iristen zaie. Enpresek esaten diete: «orain hainbeste ordaintzen da, orain beste merkatu hau ireki da». Baina ez dakit hori den behar duten ezagutza guztia erabaki jasangarriagoak hartzeko.