Bederatzi euskal abizen

Espainiako 'Forbes' aldizkariak argitaratutako ehun aberatsenen artean Hegoaldeko bederetzi fortuna daude: 8.075 milioi dituzte denen artean

Jon Fernandez.
2014ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Forbes España aldizkariak ehun pertsona aberatsenen zerrenda argitaratu zuen atzo, eta tartean Hego Euskal Herriko bederatzi fortuna handiren izenak daude. Bederatzi euskal abizen ehunen artean. Horien aberastasuna 8.075 milioi eurokoa da. Beste era batera esanda, EAEko iazko barne produktu gordinaren ia %13a, edo Jaurlaritzaren urtebeteko gastuaren hiru heren inguru.

Gestamp autogintzako Abadiñoko multinazionalaren fundatzaile Francisco eta Jon Riberas anaiena da euskal fortuna handiena, 2.600 milioi. Ehuneko zerrendan, 10.enak dira iaztik 1.000 milioi hobetu ondoren; iaz 21enak ziren.

Daniel Mate Badenes da hurrena hego euskal herritar aberatsenen zerredan, 1.800 milioi eurorekin. Ehuneko zerrendan 18. postuan dago; iaz 27. postuan zen, baina aurten 650 milioi euro gehiago ditu. Donostiarra da Mate, eta Glencoreko zuzendaritzako kidea eta akzioduna da.

Jose Maria Aristrain de la Cruz da donostiarra da Hego Euskal Herriko aberatsetan hirugarrena. 825 milioi euro ditu, iaz baino 325 gehiago. (49.ena; iaz 72.ena). Arcelor Mittaleko akzioduna.

Sendagorta Aranburu familia plentziarra (Bizkaia) da aberatsetan laugarrena. 650 milioi euro dituzte, iaz baino 50 milioi gutxiago. Sailkapenean ere postuak galdu ditu sendiak urtebetean: 35.etik 65.era jaitsi dira. Sener konpainiaren jabeak dira, eta baita Rolls-Royce motorrak egiten dituen ITP konpainiarenak ere.

Zardoia familia donostiarra da Hegoaldeko fortuna handietan bosgarrena. 550 milioi dituzte, iaz baino 150 milioi gutxiago. Zerrendan 67. daude aurten, iaz baino bost puntu atzerago. Zardoya Otis konpainiako akziodunak dira. Hain justu, Mungiako lantegia (Bizkaia) ixtear dago enpresa, eta laurogei behargin kalean geratzeko arriskuan daude.

Javier Ormazabal Etxebarria bilbotarra eta haren familia dira aberatsetan seigarrenak. 525 milioi euro ditu, iaz baino 100 milioi gehiago. 85. postutik 69. eraino igo da. Velatiako presidentea da, lehengo Ormazabal taldearena.

Victor Urrutia Vallejo getxotarrak du fortuna handietan zazpigarrena: 400 milioi euro ditu, eta 93.a da zerrendan —iaz ez zegoen Forbes-en zerrendan—. CVNE ardo konpainiako presidentea da.

Sabino Arrieta Heras Sidenorreko akziodun eta presidente ohiak du Hegoaldeko fortuna handietan zortzigarrena. 375 milioi euro ditu. Arrieta Eusko Jaurlaritzako Barne sailburuordea izan zen 1980ko hamarkadan, EAJrekin. Forbes-en zerrendan 98. postuan dago —iaz ez zegoen zerrendan—.

Alejandro Aznar Sainz da aberats handienetan bederatzigarrena. 350 milioi euro ditu, eta 100. postuan dago sailkapenean; zerrenda ixten du —iaz ez zegoen zerrendan—. Ibaizabal itsasontzi enpresako presidentea da, eta baita Marques de Riscal bodegakoa ere.

Ortegaren erregetza

Forbes España-ren ehun aberatsenen zerrendan Amancio Ortega galiziarra dago oraindik ere lehen postuan, jaun eta jabe. Inditexen sortzaileak 46.000 milioi dauzka, iaz baino 1.600 milioi gutxiago. Baina haren aberastasuna zerrendako hurrengo hamahiru aberatsenen parekoa da. Rafael del Pino Ferrovialen jabea eta Juan Roig Mercadonarena dira zerrendako bigarren eta hirugarrenak. Ehun aberatsenak iaz baino %9,2 aberatsagoak dira aurten.

Madrilgo erkidegoak du aberats gehien (28), eta gertu dauka Katalunia (24). Hirugarren postuan berdinduta daude EAE eta Valentzia, zortzina fortuna handirekin. Zerrendan ez da nafar bakar bat ere agertzen.

Forbes España-ren zerrendan 15 emakume baino ez dira ageri, iaz baino lau gehiago, eta 24.125 milioi euro pilatzen dituzte —gizonezkoek, 143.799 milioi—.

Aberatsenen zerrenda osatzeko, aldizkariak Erregistro Merkantilaren datuak aztertu ditu Informa datu base pribatuaren bitartez, eta baita CNMV burtsa ikuskatzailearenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.