Bilbao Exhibition Centrek 2004. urteko apirilaren 19an ireki zituen ateak lehen aldiz, makina-erremintaren biurtekoaren 23. aldiarekin bat eginez. Orduz geroztik, 1.969 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGan.
2024. urteko memoria ekonomikoa aurkeztu du gaur goizean BECek, ohar bidez. Hogeigarren urteurreneko urtea inoizko onena izan da eragin ekonomikoari dagokionez, lehen aldiz 200 milioi euroren langa gainditu dute eta. %45eko igoera da, 2023ko datuekin alderatuta.
Sortutako lanpostuei begiratuta ere, emaitzak hobeak dira urtetik urtera: BECek 4.348 lanpostu zuzen sortu zituen 2024an; duela bi urte, ia erdiak, eta aurrekoan, doi-doi gainditu zituen 3.000 lanpostu.
2024. urtean, 280 feria eta ekitaldi antolatu ziren Barakaldoko erakustazokan. Zehazki, 27 feria eta 253 ekitaldi egin ziren. Horietatik 30, Bizkaia Arena areto nagusian. Denera, hogei urteko historian, 3.200 ekitaldi hartu ditu BECek, kalkulatu dutenez.
Ia egunero izan da jardueraren bat 2024an. Erakusketak berrehun egunetan baino gehiagotan ireki zituen ateak, eta ehun egun egin zituzten muntaketa eta desmuntatze lanetan. Beste era batera esanda, 366 egunetatik 55etan ez zen jarduerarik izan.
Bisitarien kopuruak, baina, behera egin du 2023. urtearekin alderatuta. Kopuruak goia jo zuen duela bi urte, 900.000 lagunetik gora bildu baitziren denera, baina iaz %7 gutxiago izan ziren. Hogei urtean hogei milioi bisitari izan dituztela zehaztu dute BECeko arduradunek.
Memoria ekonomikoan ez dute zehaztu BECek irabazirik izan oten duen. Azken urteetan galerak pilatu ditu eta, gainera, oraindik bankuekin dituzten zorrak ez dituzte erabat kitatu.
Hogei urte, eta gehiago
2025. urtea «baikor» hasi dute, eta azpimarratu «askotariko» programazioa prestatu dutela. Kultur eta aisialdi ekintzez gain, garapen ekonomikoari lotutako hainbat topaketa ere egingo dituzte. Esaterako, eguzki energiaren inguruko Europako feria bat egingo dute, eta, iragarri dutenez, «BEC trantsizio energetikoaren nazioarteko epizentroa» bilakatuko da. Halaber, ETS eta Gatibu taldeen agur kontzertuak bertan izango dira, eta milaka lagun elkartuko dituzte.
Urrunago begiratuta, BECeko arduradunek garapen digitalean jarri dute arreta. Azpimarratu dute jada hasiak direla bide hori jorratzen, 2024an auditorium birtuala abiarazi baitzuten, besteak beste. Era berean, jasangarritasunean sakondu nahi dute. Horrez gain iragarri dute energia kontsumoa, hondakinen kudeaketa, garraioa, digitalizazioa, berdintasuna eta begirunea izango dituztela ardatz kudeaketan.