BEC erakustazokako zuzendari nagusia

Xabier Basañez: «BEC ez da handiegia; biurtekora egokituriko tamaina du»

2024a BECentzat urte oso ona izango dela uste du Basañezek, eta pandemia osteko susperraldia hazkunde bihurtuko dela aurten. Makina-erremintaren Biurtekoa arrakastatsua izatea espero du, eta hori beti da lagungarria erakustazokarentzat.

A
Xabier Basañez
Imanol Magro Eizmendi.
Barakaldo
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Aste lanpetua izan du Xabier Basañezek (Getxo, Bizkaia, 1968), eta hurrengoa okerragoa izango da. Makina-erremintaren Biurtekoa astelehenean hasiko da, eta BEC erakustazoka borborka dago. «Ez da aste txarrena, onena baizik», zehaztu du; «egun hauetan erakusten diogu geure burua munduari». BEC dorreko azken-aurreko solairuan egin du solasaldia BERRIArekin, euskaraz.

Nolakoa da biurtekoaren astea zuretzat?

Astea? Asteak esango nuke. Gogorrak dira. Tira, prestaketa hemezortzi hilabete lehenago hasten da: irudia eta diseinua egin, erakusleak zein bisitariak lortzeko lan komertziala... Muntatzeari dagokionez, ireki baino hiru aste lehenago hasten da; gero, astebeteko azoka dator, eta hamar eguneko desmuntatzea. Biurtekoak bospasei astez hartzen du azpiegitura osoa.

Zer ematen dio biurtekoak BECi? Eta BECek biurtekoari?

Europan ezagunak gara, baina makina-erremintaren inguruko azoketan lehiakortasun handia dago. Lan handia eta apustu berriak egin behar dira erakusleak eta bisitariak erakartzeko. Asko ematen digu guri, gure azokarik garrantzitsuena baita. Munduan kokatzen gaitu. Gu ere garrantzitsuak gara sektorearentzat. Ez da gauza bera hemengo ekoizlea kanpoko azoka batera joatea, edo bezeroa hona erakartzea eta hari ahalmen osoa erakutsi ahal izatea. Eta ez bakarrik ahala, baita inguruan dagoen ekosistema ere: lantegiak, ekoizpena, makinak...

Zeintzuk dira BECen lehiakideak?

Europan: Frankfurt, Hannover, Londres, Milan... Gertuan, iberiar penintsulan, IFEMA Madrilen eta Fira Bartzelonan. Haiek Txapeldunen Ligan lehiatzen dute, eta guk, berriz, Europa ligan. Baina horra begira gaude. Haien kasuan, baina, aldea populazioan dago; hiri handiak daude, eta, horrenbestez, enpresa handi asko dituzte inguruan.

Zer moduz doa 2024a?

Biurtekoak asko baldintzatzen du gure jarduna; urte bikoitiak beti dira hobeak. Hasiera indartsua izan dugu, pare bat azoka handirekin: Windeurope eta EHEC, hidrogenoarena. Food for Future ere izan dugu. Udazkenean azoka profesional gutxiago izango ditugu, eta publikoarentzako gehiago. Kontzertu asko egongo dira. Urte oso ona izango dela uste dut.

«Makina-erremintaren ekoizle batek esan zidan 2022ko biurtekoan hamar makina saldu zituela hemen. Hori ere guk sortzen dugun aberastasuna da»

Internet hain garatua dagoen garai honetan, aurrez aurreko azokek ba al dute etorkizunik?

Bai, azokak goraka doaz. Nik uste nuen pandemia mugarri bat izango zela, txarrera, eta oker nenbilen. Gero ikusi dugu zenbateko garrantzia duen tratu zuzenak, hala bizitza pertsonalean nola profesionalean. Gero, sektoreak eta sektoreak daude. Boligrafo bat erosi nahi baduzu, Internetez eros dezakezu, baina, makina bat erosiko baduzu, oso garrantzitsua da ekoizlea zuzenean ezagutzea. Makina-erremintaren ekoizleak urtero hamar edo hamabost azokatara joaten badira, zerbaitegatik izango da.

Iaz 900.000 bisitari izan zenituzten BECen; asko edo gutxi dira?

Nahikotxo, kopuru ona da. 2008ko krisiaren aurretik, milioi bat bisitari baino gehiago izan genituen urte batzuetan, baina batez bestekoa iazkoa da. Ez dut uste kopuruarekin itsutu behar dugunik; garrantzitsuagoa da bisitari motari erreparatzea. Guztiak dira garrantzitsuak, noski, baina ez dute eragin bera kontsumo azoka batera datorren bisitari batek eta biurtekora datorren bezero espezializatu batek. Horrez gain, kontzertuen fenomenoa dago; izugarria da, ia dena saltzen da. Iaz 27 kontzertu izan genituen, eta hamazazpitan sarrera guztiak saldu ziren.

BECi egiten zaizkion kritiketako bat da gutxi erabili izana.

Ez nago ados. Inoiz ez nuke esango bere ahalaren oso azpitik dagoenik. Hasieran, urte batzuk behar izan ziren geure burua munduan ezagutarazteko eta azoka berriak ekartzeko. Urteekin, baina, abiadura handia hartu dugu, ahal dugun guztia ez, baina bai abiadura oso handia. 2019ko emaitzak oso onak izan ziren, baina gero, pandemiaren eraginez, bost pauso eman genituen atzera. 2022a suspertze urtea izan zen; iazkoa, egonkortzekoa; eta, aurten, gorantz goaz. Jarduera gehiago hartu ditzakegu, baina ez dago inoiz hutsik.

BIEMH MAKINA-ERREMINTAREN BIURTEKO AZOKA
Makina-erremintaren Biurteko azokaren 2022ko ekitaldia. MARISOL RAMIREZ / FOKU
BEC handiegia al da? Orain zerotik eraikiko balitz, hain handia izango litzateke?

Eta orduan non sartuko genituzke hurrengo astean hau beteko duten enpresa guztiak? Pabiloi guztiak goraino daude orain. Galderara itzulita: ez, ez da handiegia; biurtekora egokituriko tamaina dugu. Beti ez dituzu izango sei pabiloiko azokak, baina bai pabiloi bateko sei ekitaldi. Biurtekoa muntatzen hasi aurreko asteburuan, lau azoka eta kontzertu handi bat izan genituen aldi berean; dena zegoen beteta.

BEC nazio apustu gisa defendatu izan duzu.

Hala delako. Hau aireportu baten moduko azpiegitura bat da. Guk gure inpaktu ekonomikoa neurtzen dugu, parametro batzuen arabera. Iaz 156 milioi euro sortu genituen zuzenki: hotelak, garraioa... Baina badago beste aberastasun bat: sektore batzuetan dugun eragina, hemen egiten diren negozioak... Hori handiagoa da. Makina-erremintaren ekoizle batek esan zidan 2022ko biurtekoan hamar makina saldu zituela hemen.

Errentagarria al da BEC?

Nik uste dut zenbaki gorrietan ez ibiltzea eskatu daitekeela, ustiaketari dagokionez. Galera txikiak ere onargarriak izan daitezke; nire ustez, inbertsioak dira, galerak baino gehiago. Ez, ordea, amortizazioa edo bankuei ordaintzea, hori erabaki instituzional bat izan baitzen. Errentagarritasuna beste parametro batean eskatu behar zaio: azoka kopurua, kontzertuak...

«Kontzertuen fenomenoa izugarria da: iaz 27 egin ziren BECen, eta hamazazpitan sarrera guztiak agortu ziren»

BECi buruz hitz egitean, zorraren auzia aipatzen da. Gaur egun zein da egoera?

Duela hogei urte, bi mailegu eskatu ziren, bat Europako Inbertsio Bankuari eta beste bat inguruko hainbat bankuri: 250 eta 150 milioikoak, hurrenez hurren, guztira 400 milioi. Plan bat ezarri zen, zeinetan Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak ordainketa egutegi bat zehaztu zuten. Erabaki zuten urte bakoitzean kopuru bera ordainduko zutela. Tartean, bi gauza gertatu ziren: batetik, maileguetako bat 2014an amaitzen zen, eta, hura amortizatzeko garai ona ez zenez, luzatu egin zuten. Bestetik, pandemia; 2020an euskal erakundeek ikusi zuten bazeudela mailegua kentzea baino lehentasun handiagoak, eta hiru urtean interesak bakarrik ordaindu zituzten. 30 milioi euro jarri beharrean, hamabi ordaindu zituzten. Aurten, aurreko kopuruetara itzuli gara, martxoan ordaindu zen, eta, horrenbestez, gaur egun maileguaren zorra 163 milioi eurokoa da. Hasierako asmoa zen zorra 2027an kitatzea, baina, hiru urteko etenaren eraginez, 2030era arte atzeratuko da.

Azoketan euskararen presentzia ia hutsaren hurrengoa da. Zer egin daiteke?

Gure aldetik, euskararen presentzia bermatuta dago: liburuxketan, afixetan... Gure egunerokoan euskara gero eta gehiago txertatzen saiatzen gara, baina egia da gero eragin txikia duela ekitaldietan. Bezeroei sentsibilitate hori transmititzen saiatzen gara, abegikorrak izan daitezen euskararekin, baina hona datozen erakunde batzuk munduan barrena dabiltza, eta normalean ez dute sentsibilitate hori izaten. Hemen ingelesa da nagusi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.