BBVAk diseinatua du Sabadell xurgatzeko eskaintza oldarkorra

Sabadellen akziodunengana zuzenean jotzeko baimena eskatu dio CNMVri. Zuzendaritzak hilaren 9an onartu ez zuen eskaintza bera da.

BBVA bankuaren egoitza bateko nagusiko sarrera. LUIS TEJIDO / EFE
BBVA bankuaren egoitza bateko nagusiko sarrera. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko maiatzaren 24a
19:35
Entzun

BBVAk ez du amore eman Sabadell Bankua bereganatzeko ekinean, eta jada prest du hura erosteko egingo duen eskaintza publiko oldarkorra (EEP). Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera (CNMV) bidali duen eskaintza agiriaren arabera, BBVAk 12.200 milioi euroren operazio bat egingo du, eta maiatzaren 9ko eskaintzako baldintzei eutsiko die: BBVAren akzio bat Sabadellen 4,83 akzioren truke.

Sabadelleko agintariek ez zuten eskaintza hori onartu. BBVAk, baina, uste du oso eskuzabala dela, eta EEParen bitartez lortu dezakeela bere nahia. CNMVren baimena lortzea igaro beharreko lehen langa baino ez da, Europako Banku Zentralaren eta Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen onespena ere behar du eta.

Baina zer da zehazki eskaintza publiko oldarkor bat? Banku bateko zuzendaritza organoak erosia izateko eskaintza bati ezetz esaten dionean, erosteko asmoa duen finantza erakundeak zuzenean egin diezaieke eskaintza akziodunei. Alde guztientzat mesedegarria delakoan egiten du hori erosleak. Horretarako, baina, erakunde publiko askoren baimena behar du, erosi nahi duen bankuaren administrazio kontseiluaren boterea indargabetzen du eta.

BBVAk orain Sabadell bankuko akziodunen %50,01 konbentzitu behar ditu, eta eskaintza publikora jo dezaten lortu. Lortuko balu, Espainiako Ekonomia Ministerioaren atea jo beharko luke gero. Lehiaren agintaritzaren baiezkoa ere behar du; izan ere, herrialde batzuetan merkatuaren parte handi bat bereganatuko luke fusioaren ostean sortuko den banku berriak. Katalunian, esaterako, finantza merkatu osoaren %30 kontrolatuko luke.

Zortzi hilabeteko bidea gutxienez

BBVAk bidea hasi du, baina luze joko du. CNMVk zazpi egun ditu informazioa aztertu ala ez erabakitzeko, eta ez du erabakiaren berri emango onartu arte. Azterketa epe hori luzatzeko eskubidea du, eta normalean asko luzatu ohi da. Ez litzateke harritzekoa CNMVren iragazki lan guztia urte amaierara arte ez amaitzea, eta baliteke prozesu osoak zortzi bat hilabete irautea.

BBVAren eskaintza ez da ezustekoa izan, eta horren adibide da Sabadellek CNMVn jarritako salaketa. Sabadelleko agintarien ustez, BBVAk EEPen legea urratu du. Izan ere, egoitza nagusia Bilbon duen bankuak onartu zuen Sabadelleko hainbat akziodunekin harremanetan jarria zela eta haiek eskaintza onartu zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.