BBVAk 7.622 milioi euro garbi irabazi ditu urtarriletik irailera bitartean

Bezeroei kobratutako komisioek %25 egin dute gora. Bere negozio adar nagusietan, Mexikon eta Espainian, gora egin du jarduerak.

Carlos Torre Vila BBVAko presidentea, urriaren 17an, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
Carlos Torre Vila BBVAko presidentea, urriaren 17an, Bartzelonan. MARTA PEREZ / EFE
joxerra senar
2024ko urriaren 31
09:30
Entzun

Lehengo lepotik burua, bere marka hausten jarraitzen du BBVAk. Hala egin zuen urteko lehen sei hilabeteetan, eta bide beretik jarraitzen du: urtarriletik irailera bitartean 7.622 milioi irabazi ditu, iaz epe berean baino %28 gehiago. Aurreko hiruhilekoen erritmo berean, hirugarren hiruhilekoan 2.627 milioi irabazi ditu zehazki, eta, ondorioz, urtea inoizko emaitza onenekin amaitzeko bidean da honezkero.

Taldearen arabera, gordailuen eta maileguen arteko interes marjinaren eta bankuak bezeroei kobratzen dizkien komisioen ondorioz, «sendo» dago. Komisioak %25 handitu dira, eta haiei esker 5.754 milioi bildu ditu. Interes marjina, berriz, %6 igo da, eta 18.861 milioiko diru sarrerak izan ditu. Halaber, bankuak banatutako kredituak %11 igo dira urtebetean.

Mexikoko eta Espainiako negozio adarrak gorantz doaz; batik bat kontsumo kredituak, enpresa txiki eta ertainentzako maileguak eta kreditu txartelak. Mexikok sortzen du BBVAren negozioaren %50, eta Espainiak %34.

Errentagarritasunean, Europako batezbestekotik nabarmen gora dagoela dio bankuak: zehazki, Rote kapitalaren gainerako errentagarritasuna %20,1ekoa da. Bankuak jakinarazi du akziodunak saritzen jarraituko duela eta etekinen %40 eta %50 artean banatuko duela haien artean. Zehazki, urriaren 10ean, akzioko 84 zentimoko dibidendua banatu zuen akziodunen artean.

Sabadellen emaitzak

Jatorria Bilbon duen bankuak finantza giharra erakutsi dio hortaz Sabadelli, baina, bere neurrian, Sabadellek ere erantzun nahi izan dio. Maiatzean BBVAk egindako erosteko eskaintza oldarkorrari uko egin dio Sabadelleko administrazio kontseiluak, eta haren akziodunak konbentzitzeko emaitzak aurkeztu ditu gaur: 1.295 milioi euro garbi, urteko lehen bederatzi hilabeteetan, iaz epe berean baino %25 gehiago. 

Azaro erdialdera da iristekoa eskaintzaren inguruko lehen erabakia. Merkatuaren eta Lehiaren Espainiako Batzordeak ebatziko du ea baimentzen duen bat egitea, eta zer baldintzatan. Baliteke, era berean, azterketa xeheagoa merezi duela esatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.