BBVAk %30eko gainsaria proposatu die Sabadell bankuko akziodunei

Sabadellen 4,83 akzioren truke BBVAren akzio bat jasotzea eskaini die. Hego Euskal Herrian 138 bulego eta 1.650 langile inguru dituzte bi erakundeek.

Sabadell bankuaren egoitza, Sant Cugat del Vallesen (Herrialde Katalanak). TONI ALBIR / EFE
Sabadell bankuaren egoitza, Sant Cugat del Vallesen (Herrialde Katalanak). TONI ALBIR / EFE
joxerra senar
2024ko maiatzaren 2a
09:50
Entzun

Azkar mugitu da, gauzak oso aurreratuak zituen seinale. Asteartean onartu zuen bat egitea aztertuko zuela, eta berehala egin die eskaintza BBVAk Sabadell bankuko akziodunei: Sabadellek 4,83 akzioren truke BBVAren bat jasoko lukete. Informazioa jakin aurreko asteleheneko kotizazioaren arabera, %30eko gainsaria izango lukete, eta, azken hiru hilabeteetakoa aintzat hartuz gero, %50ekoa.

Orotara, 11.500 milioi euroan baloratu du Sabadell BBVAk, burtsan egun duen balorazioaren gainetik —9.900 milioi euroko kapitalizazioa du—. Horregatik, asteartetik nabarmen garestitu da Sabadellen akzioa: gaur bertan beste %4,1 igo da. Kontrako bidean doa BBVArena: asteartean %6 galdu zuen eta beste %3tik gora gaur. Izan ere, BBVAk kalkulatu du 1.450 milioi euroko gastua eragingo diola bat egiteak. 

Oraingoz, Sabadell bankuko agintariek ez dute iritzirik eman. Asteartean esan zuten proposamena jaso zutela, baina ez dute ongi hartu, antza, informazioa argitaratu baino lau minutu lehenago jaso izana lehen eskaintza. Prentsa ekonomikoaren arabera, egun batzuk hartu nahi dituzte erantzuna ongi aztertzeko, baina ikusteko dago merkatuak horretarako aukera ematen ote dien.

2020ko saioaren porrota

Duela lau urte ahalegindu zen BBVA Sabadell beretzen, baina ez zuen lortu. Orduan bezala orain ere, Bizkaian sortutako bankuari Sabadellek enpresa txikien eta ertainen finantzaketan duen negozioa interesatzen zaio, baina baita banku katalanak Erresuma Batuan duen adarra, Lloyds Bank izenekoa. 

2020ko operazioak huts egin izanaren arrazoietako bat balorazio ekonomikoa izan zen, nahiz eta orduan orain baino lau aldiz gutxiago balio zuen Sabadellek.

Beste oztopoa administrazio kontseiluko kargu banaketa izan zen. Oraingo honetan, Sabadell bankuaren hiru kontseilari egongo lirateke BBVAren kontseiluan. Halaber, horietako bat bankuko presidenteorde izango da. 

Akziodunek eskaintzari oniritzia eman eta bat egitea aurrera ateraz gero, taldearen egoitzetako bat Katalunian ezarriko litzateke, gaur egun Sabadellen egoitza nagusia den tokian, Sant Cugaten. 

BBVA marka gailenduko da, baina bankuak proposatu du euren marka nagusiaren alboan Sabadell Bankua izenari eustea «interes komertzial handia den eskualdeetan eta negozioetan». 

Langileen bateratzea

Akziodunei bidalitako gutunean BBVAk dio ez duela neurri traumatikorik hartuko. «Langileak bateratzeko orduan, meritu eta gaitasun profesionala errespetatuko da». Euren esanetan, bi erakundeen arteko batzordea osatuko da «bateratze prozesurik hoberena diseinatzeko, lehia zuzenbidearen errespetatuz eta bi bankuetako talentua sendotzea helburutzat hartuz». Halaber, bankuetako zuzendaritza talde bien arteko elkarlanetik sortuko dela gaineratu du.

Hego Euskal Herrian, BBVAren eta Sabadellen artean 138 bulego eta 1.650 langile inguru dituzte. Ikusi beharko da nola eragingo dien operazioak, horrelakoetan ohikoa baita lantaldea eta bulegoak txikitzea, bikoizketak eragoztea baita dirua aurrezteko moduetako bat. Oraingoz isilik dira sindikatuak.

Duela hamalau urte Sabadell berak Guipuzcoano erosi zuen, eta garai bertsuan CAM beretu zuen.

BBVAk eta Sabadellek bat eginez gero, bilioi bat eurotik gorako finantza erakundea sortuko litzateke, Europako handienetakoa. BBVAren arabera, bien artean ehun milioi bezero izango dituzte, eta, «burtsako kapitalizazioari dagokionez, euroaren eremuko handiena izateko anbizioa» dute. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.