BBVAk 5.000 milioi irabazi ditu urte erdian

Inoizko irabazirik handienak lortu ditu bankuak urtarriletik ekainera bitartean. Sabadell bereganatuta 850 milioi euroren sinergiak lortuko liratekeela dio. Sabadellen hirurehun bulego ixtea aurreikusten du.

Carlos Torres, BBVAko presidentea, uztailean Bilbon egindako batzar berezian. MIGUEL TOÑA / EFE
Carlos Torres, BBVAko presidentea, uztailean Bilbon egindako batzar berezian. MIGUEL TOÑA / EFE
Irune Lasa.
2024ko uztailaren 31
15:44
Entzun

Errekor propioak hausten jarraitzen du BBVA bankuak. Urteko lehen sei hilabeteetan 4.994 milioi euro irabazi ditu, iaz epe berean baino %29 gehiago, eta orduko hartan jada inoizko irabazirik handienak ziren. 

Bankuaren arabera, diru sarrerak izan dira emaitza ikusgarrien sorburu nagusia. Interesen marjina %20 handitu du (12.993 milioi euroraino), eta komisio garbietan jasotakoa, %35 (3.842 milioi euro).

Errentagarritasunean ere gora egin du, Rote kapitalaren gaineko errentagarritasuna %20ra igo baitu, martxoko %17,7tik.

Espainiako filialak 1.790 milioi euro irabazi ditu, bankuei ezarritako zerga bereziagatik ordaindutako 285 milioi euroak barne. 

Emaitzen berri ematerakoan ere, BBVAk Sabadell bereganatzeko operazioa saltzen jarraitzen du. Bateratuko balira, hiru urtean 850 milioi euroren sinergiak lortuko liratekeela esan du, eta hor, 300 milioi euro aurreztuko lituzke pertsonal kostuak murriztuta. Sabadellen hirurehun bulego ixtea ere bada BBVAren asmoetako bat.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.