BBK-k ehun milioi euro ditu aurten euskal enpresetan inbertitzeko, Talgo barne

Banku fundazioak hiru inbertsio egingo ditu, eta, zehaztu ez duen arren, ziurtzat jo daiteke horietako bat Talgon egingo duela: 45 milioi euro. Iaz 220 milioi euro irabazi zituen inbertsioen bidez, horietako 178 milioi, Kutxabankeko zatiarekin.

Xabier Sagredo BBK banku fundazioko presidentea. RAUL BOGAJO / FOKU
Xabier Sagredo BBK banku fundazioko presidentea. RAUL BOGAJO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2025eko apirilaren 3a
14:20
Entzun 00:00:0000:00:00

BBK anbizioz aterako da aurten inbertsioen merkatura; izan ere, adierazi du ehun milioi euro baino gehiago dituela hiru eragiketa egiteko gutxienez. «Labean daude hirurak, baina diskrezioz jokatu behar dugu» , azaldu du Xabier Sagredo banku fundazioko presidenteak. Baieztatu ez duen arren, itxura guztien arabera, hiruretako bat Sidenorren eskutik Talgo tren konpainian sartu asmo dituen 45 milioi euroak dira.

Eta zein da inbertsioen helburua? «Jaurlaritzaren aliantza publiko-pribatuen barruan gaude. Enpresak errotzea da xede handietako bat, baina baita kanpoko enpresen egoitza sozialak Euskadira ekartzea ere. Horixe bera egin genuen APK2-rekin». Espainiako parkin enpresetan laugarrena da hori, eta egoitza Bilbora ekarri zuen BBKren eskutik. Talgorekin ere berdina egin asmo du, egun egoitza Madrilen baitu.

«Enpresak hemen errotzea da inbertsioen xede handietako bat, baina baita kanpoko enpresen egoitza sozialak Euskadira ekartzea ere»

XABIER SAGREDOBBK fundazioko presidentea

Hamar urte igaro dira BBK «banku fundazio bihurtu behar izan zutenetik», eta urte horietan 4.700 milioi euroko inbertsioak pilatu ditu enpresetan. Horien %75 Kutxabanken duen zatia da —BBK bankuen akzioen %57en jabe da— eta beste 1.100 milioiak hainbat euskal enpresa handitan ditu —Iberdrolan, CAFen, Petronorren eta Gestampen, kasurako—, batzuetan bakarrik eta beste batzuetan Kutxabanken eskutik. BBK-k iaz 211 milioi euro irabazi zituen dibidenduen bitartez, eta horietatik 178 milioi Kutxabankekin irabazi zituen.

«Euskal Herriko enpresetan gehien inbertitzen duen euskal erakundea gara», esan du harro Sagredok BBKren inbertsioen balantzearen berri emateko eginiko agerraldian. 2016an abiaturiko estrategiak emaitza ona eman duela ondorioztatu dute, eta datozen urteetan horri eutsiko diotela. Halaber, zehaztu du BBKren jardunak ez duela zerikusirik Kutxabankek sorturiko Indar inbertsio plataformarekin.

CAF tren konpainiak duen lantegietako bat. CAF
CAFen lantegi bat. Tren konpainiaren akzioen %3en jabe da BBK, baina ehuneko hori %13,2 da Kutxabank osoa kontuan hartuz gero. CAF

2035erako 7.000 milioi euroko inbertsio bolumena izan nahi du BBK-k, egungoa baino %50 handiagoa —2.200 milioi gehiago—. Hori bai, hor sartuko litzateke egungo inbertsioek handitu dezaketen balioa, batez ere Kutxabankek handitu dezakeena.

Badute beste helburu handi bat epe horretarako: gizarte ekintza osoa Kutxabank ez diren enpresetako inbertsioen bitartez finantzatzea. Iaz 33 milioi izan ziren, eta gizarte ekintzaren aurrekontu osoaren %84 ordaindu zuten kopuru horrekin.

Talgo, zain

«Talgori buruz ez dut hitz egingo», Sagredo zintzoa izan da. Sidenorren bitartez eta Vital Kutxa eta Jaurlaritzarekin batera tren konpainiaren %29,77 erosteko operazioa nahi baino gehiago katramilatzen ari da. Talgok isunak ditu hitzartutako epeak ez betetzeagatik, eta, orain, bankuekin duen zorra berriz negoziatu behar da; horren guztiaren ondorioz, erosketa atzeratu dute.

Talgo erosteko operazioak egoera bitxia dakarkio BBKri, egoitza Euskal Herrian duten bi tren konpainiatan izango baititu akzioak: Talgon eta CAFen. Lankidetza ekar dezake horrek? Lankidetza ekarriko luke jakinda Talgo eskariak betetzeko ezinean dabilela? «Etorkizunean estrategiak bateratzen joango gara», esan du. Alegia, ez du zehaztasunik eman, eta ez da ezer aurreratzen ausartu.

CAF apustu estrategiko bat da BBKrentzat, eta bertan duen parte hartzea handitu zuen iaz. Fundazioak akzioen %3 ditu, eta %13,23en jabe da Kutxabanken bitartez. Iaz Gestampen akzioen %3 ere lortu zituen. Autogintzaren krisiak ez zuen beldurtu, eta Gestampengan «inoiz baino gehiago» sinesten duela esan du Sagredok.

ZeR enpresAtan duEN dirua bbk fundazioak

  • Kutxabank. Akzioen %57 ditu, 4.700 milioi euroren balioa dutenak. 
  • Iberdrola. Kutxabanken bitartez, %1,63. BBK 263 milioiren balioko akzioak ditu.
  • CAF. BBK-k akzioen %3 ditu, eta %13,23 Kutxabanken bitartez.
  • Petronor. Kapital sozialaren %14.
  • Ingeteam. Kapital sozialaren %12,9. 
  • Gestamp. Kapital sozialaren %3 du, bigarren akziodun nagusia da.
  • Arteche. Kapital sozialaren %3. 
  • Vidrala. Kapital sozialaren %1,04.
  • Redeia. 20 milioi euro ditu sartuta, kapital sozialaren %1 baino gutxiago.
  • APK2. Enpresaren %8,73. Egoitza soziala Euskal Herrira ekarri du.
  • Oncomatryx. Kapital sozialaren %2,82. 
  • BeGas. Akzioen %0,84.
  • Herko. Kapital sozialaren %5,68.
  • Talgo? Operazioa ixteke dago. BBK-k 45 milioi euro jarriko ditu, eta, ondo bidean, akzioen %7,5 inguru eskuratuko lituzke.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.