Bazterra jotzear da Uber

Konpainia Bilbo Handian soilik dago Euskal Herrian, eta 2026ra arte du herri barruetan ibiltzeko baimena. Gidariak lan baldintzak duintzeko borrokan dabiltza.

Uberreko langileak protestan, Bilbon, apirilaren 2an. ELA SINDIKATUA
Uberreko langileak protestan, Bilbon, apirilaren 2an. ELA SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 22a
05:00
Entzun

Uberrek Euskal Herrian segitzen du. 2019. urtean sortutako harrabotsaren ostean, plataformak ez du zarata handirik atera azken urteetan, baina gidariek apirilaren 2tik 4ra egin zituzten lanuzteek albistegietara ekarri dute berriro. Agerian geratu dira langileen lan baldintza eskasak, eta azaleratu da herritar askoren galdera: garraiorako gehien erabilitako aplikazioak nola funtzionatzen du gurean?

Adan Galarreta Uberreko gidariaren arabera, gero eta bezero gehiago ditu. «Bilbon asko handitu da turismoa, eta hiri handietatik datozen atzerritarrek ohitura handia dute Uber erabiltzeko. Hemengo gazteek ere gehiago jotzen dute gugana taxira baino. Lehen baino dezente gehiago egiten dugu lan», kontatu du. Galarretak hiru urte daramatza Uber bidez funtzionatzen duen Ares Capital enpresan lanean, eta grebara deitu duen enpresa batzordeko presidentea da.

Euskal Herrian, Bilbo Handian soilik funtzionatzen du aplikazioak. Bertan, Moove Cars jabe duten bi enpresak eskaintzen dute zerbitzua: Ares Capitalek (horiek dabiltza protestan), zeinak 80 langile baititu; eta sortu berria den beste batek, 40 behargin inguru dituenak. Duela lau urte inguru heldu ziren Bizkaira. Hasieran, hamazazpi gidari zituzten; orain, 120.

«Gero eta bezero gehiago ditugu, nagusiki atzerritarrak, baina hemengo gazteek ere jotzen dute gugana».

ADAN GALARRETA Uberreko gidaria

Kopuru hori nahiko egonkorra da duela zenbait hilabetetatik, ELAko Itziar Larrazabalek azaldu duenez. Sindikatua lanean ari da gidarien lan baldintzak hobetzeko, baina argi utzi du enpresa horien kontra dagoela: «Atzetik inbertsio funtsak dituzte, eta zentzurik txarrenean saiatzen dira negozioa egiten. Etekinak eskuratzen dituzten bitartean, berdin zaie langileak nola dauden». Azpimarratu du prekaritatearen bidez dirua lortzen saiatzen direla, «Glovok autonomo faltsuekin egiten duen moduan, eta Amazonek azpikontratekin egiten duen moduan».

Uber Bilbora heldu zenean, taxi gidariek aurre egin zioten. 2018an hainbat mobilizazio egin zituzten, eta grebara ere jo zuten. Izan ere, Borja Musons Taxisten Euskal Federazioko presidenteak argi du erraldoi digitalen asmoa taxia ordezkatzea dela. Teknologiaren handikien larruan jarri da: «Taxilari mordo bat gaude inori komisiorik uzten ez diogunak, autonomoak. Nahi dutena da gure sektorea ere euren filtrotik pasatzea, aplikazioa erabiltzea eta etekinen %20 eurei ematea».

Ia esklaboak

Autoa Ares Capitalek Getxon (Bizkaia) duen basean jasotzen du egunero Galarretak. Toki hori baliatu dute langileak antolatzeko. Ez da lan erraza izan, euren arteko tratua murritza delako eta asko migratzaileak direlako. Prozesua nola izan den kontatu du: «Gure soldata prekarioa zenez eta horrenbeste arazo genituenez, afiliatzea eta hauteskunde sindikaletara deitzea erabaki genuen, babesten gaituen sindikatu bat izateko». Batzordeko bederatzi kideetatik zortzi ELAkoak dira orain.

Grebaren bidez, eskatzen ari dira abenduaren 31n iraungi zen enpresa hitzarmena berritzeko eta oinarrizko lan baldintzak ezartzeko: soldatak hobetzea —SMIa jasotzen dute orain—; oporrak beharren arabera eskatu ahal izatea; ulertzeko moduko nominak izatea; ibilgailuetan segurtasun handiagoa izatea, autoak enpresaren instalazioetan aparkatu ahal izatea; eta gauean eta jaiegunetan lan egiteagatik gehigarriak jasotzea.

«[Uberrek] inbertsio funtsak ditu atzean. Etekinak dituzten bitartean, berdin zaie langileak nola dauden».

ITZIAR LARRAZABAL ELAko kidea

Dena den, horietatik zein azpimarratuko luketen galdetuta, lanaldiak neurtzeko modua aipatu dute Galarretak eta Larrazabalek. Zortzi orduko jardunaldiak dituzte, baina enpresak bezeroren bat autoan sartua duten denbora bakarrik kontatzen die lanalditzat. Hori, eta gasolina botatzeko edo autoa garbitzeko beste %30. Hau da: gidariak zortzi orduko lanaldian hamar minutuko ibilbide bat egin duen bezero bat soilik izan badu, enpresak kontatzen du hamahiru minutu egin dituela lan. Ondorioz, beharginek beti zor dituzte orduak. «Horregatik esaten dugu ia esklabotza egoeran daudela», argitu du ELAko kideak. Gehitu du konpainiak ez dituela hitzarmenaren negoziazioak serio hartzen, eta greba egun gehiagotara deituko dutela.

Oporrak eskatzeko orduan aplikazio baten bidez egin behar dutela ere salatu dute gidariek. Ondorioz, ez dute aukerarik enpresarekin negoziatzeko. «Hor agertzen zaie oporrak noiz izango dituzten, eta onartzeko aukera soilik eskaintzen die sakelakoak». Teknologiak enpresaren eta langileen arteko harresi lanak egiten ditu.

Uberrek ez dituenez beharginen lan baldintzak ezartzen, ez du iruzkinik egin grebaren inguruan. Moove Carsek, berriz, esan du akordio bat adosteko lanean ari direla. Uberrena da Moove Carsen %30.

«Gutxi iraungo dute»

Gidarien arabera, geroz eta bezero gehiago dituzte, baina Musonsek dio Uber bidez funtzionatzen duten enpresek gutxi iraungo dutela Euskal Herrian. Esplikatu du orain darabiltzaten baimenak 2022. urtean emandakoak direla. Bizkaiko Foru Aldundiak ez zituen eman nahi, baina epaile batek behartu zuen horretara. Eusko Jaurlaritza ere saiatu zen Uberri oztopoak jartzen, baina epaitegiek zapuztu zituzten haren asmoak.

2018. urtean onartutako Abalos dekretuari esker, baimen horiek lau urteko luzamendu bat dute, inbertsioa konpentsatzeko. Hala, epe horretan, herriz herriko bidaiez gain, herri barnekoak ere egin ditzakete VTC lizentzia dutenek. Baina gero zer? «Herri barruan lanean segi nahi badute, udaletara jo beharko dute baimenak eskatzera, taxilariok egiten dugun moduan», azaldu du Musonsek. «Guk herri barruan jarduteko baimena dugu, eta herriz herri ibiltzeko aldundiak ematen digun lizentzia ere bai».

«Taxiaren lana egin nahi dutela? Bada, izan daitezela taxiak. Besoak zabalik hartuko ditugu, gidari faltan gaude».

BORJA MUSONS Taxisten Euskal Federazioko presidentea

Salatu du Uberrek eta enparauek «euren neurrira egindako legedi bat» nahi dutela, eta ezin dituztela taxi lanak egin «taxi modura funtzionatzeko balio ez duen lizentzia batekin»: «Taxiaren lana egin nahi dutela? Bada, izan daitezela taxiak. Guk besoak zabalik hartuko ditugu, gidari faltan gaude eta».

Luzamendua amaitutakoan negozioa bukatuko zaielakoan dago taxilaria. «Enpresa horiek alde egin dezatela etorri ziren bidetik, eta utz diezaiotela taxiari bere lana egiten».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.