Bazkundeak uste du hazkundea txertoen mende egongo dela aurten

Gipuzkoako BPGa %6-8 handituko dela dio. Pandemia aurten mendean hartu arren, 2022an lortuko dira 2019ko datuak

Idiazabalgo (Gipuzkoa) Ampo balbula egileko langile bat. GOTZON ARANBURU / FOKU.
xabier martin
Donostia
2021eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako ekonomiak erronka handia dauka aurrez aurre, eta 2021. urteak ematen dituen aukerak bere alde jartzen asmatu behar dute enpresek, «aukerak egongo direlako». Enpresen artean egindako urteroko inkestaren txostena plazaratu du Bazkundeak, eta lan horrek islatzen du 2021. urtea izango dela suspertzearen urtea, «batik bat bigarren seihilekoan»; baina 2022an lortuko dira atzera 2019ak erakusten zituen datuak ekonomia azaltzeko indizeetan. Hala, merkataritza ganberak %6-8ko hazkundea aurreikusi du. «Munduko erakunderik garrantzitsuenen aurreikuspenenak asko aldatzen dira, txertoarekin lotutako jokaleku desberdinak hartzen direlako aintzat. Horregatik da hain zaila zehatzagoak izatea», esan du Javier Zubia zuzendariak.

Zubiak azpimarratu du 2020. urtean ekonomiak izan duen beherakada izugarria kontuan hartuta txukun eutsi zaiola enpleguari. Enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak giltzarri izan dira horretan; udazkenean, 40.000 langile egon ziren dosier horietan Gipuzkoan, eta, gaur egun, 11.000 geratzen dira. «Enpleguak bilakaera ona izan du, BPGaren erorikoa ikusita».

Eta aurrerantzean, zer? Bada, inkestak dio Gipuzkoako enpresen %86k eutsi egingo diotela lantaldeari edo handitu egingo duela (%12); eta bakarrik %14k esan dute lantaldea murriztuko dutela. Inkesta hori abenduan egina dago, hirugarren olatuaren zartadaren atarian. Edonola ere, Bazkundeak uste du enpresek orain arte «konpromiso handia» erakutsi dutela enpleguarekin, eta aurrerantzean ere erakutsiko dutela. Horretarako, ezinbestekoa izango da ekonomiak indar hartzea. Enpresen %23k uste dute fakturazioa igo egingo zaiela 2021ean; %45k diote ez zaiela jaitsiko; eta %32k, negozioa apalduko zaiela. Sektoreka alde handiak daude, hala ere. Industriak espero du susperraldirik handiena.

Izan ere, Atzeraldi Handian gertatu zen antzera, Gipuzkoako merkataritza ganberak uste du esportazioek bultzatuko dutela gehien, eta Pedro Esnaola presidenteak nabarmendu du esparru horretan Gipuzkoako enpresek etxeko lanak eginak dituztela, 2010etik aurrera egindako ahaleginaren bidez. Merkatuak suspertu egingo dira munduko BPGaren %5,5eko igoera aurreikuspenaren itzalean, baina alde handiak izango dira herrialde batzuetatik besteetara. Oro har, gorabidean diren herrialdeak gehiago haziko dira garatuak baino, eta Bazkundeak «dibertsifikazioan sakontzeko» eskatu die enpresei. Horiek horrela, enpresen %37k diote esportazioak handitu egingo dituztela; %43k uste dute kanpo salmenten mailari eutsiko diotela; eta %20k, esportazio gutxiago egingo dituztela.

Erosle handien hazkundea

Dena den, euskal esportazioak jasotzen dituzten merkatuetan txertoek duten eboluzioak finkatuko dute zenbateraino bete ahal izango diren hazkunde helburuak. Erosle handiak haziko dira gutxien, tartean Alemania bera, baina Bazkundeko presidenteak uste du hazkunde nahikoa izango dutela euskal enpresek beren esportazioak handitzeko. Edonola ere, aurreikuspen guztiak daude lotuak pandemiaren eboluzioari, Esnaolak sarritan gogoratu duenez. Koronabirusa mendean hartzeko urtea 2021.a izango dela dio erakundeak, baina ez dela gauza bera izango lehenago edo geroago lortzea hori.

Enpresen arteko elkartasuna

«Hilabete batzuk barru, aldatu egingo da jokalekua, eta garrantzitsua da enpresek eustea», erantsi du Javier Zubia zuzendariak; «elkarlana eta elkartasuna egon behar dira enpresen artean, eta bezeroek ere gertuko dendetan erosi beharko lukete, beren kaleak bizi egon daitezen; gehiegitan jotzen dugu Internetera». Krisiaren irteera «zaila» dator orain, baina aukeraz betea, Bazkundearen arabera: «Ezin dugu lehiakortasuna galdu azken txanpan».

Enpresa asko daude, ordea, oso estu, eta kreditu krisi baten mehatxua badela onartu du Zubiak, nahiz eta ganberak ez dituen ezagutzen kasu asko kaudimen arazo larriak dituztenak. «Oraingoz, mehatxu bat da, ez errealitatea». Hala ere, Bazkundeko presidenteak ez du ezkutatu kapitalizazio arazoak gertatzen direla enpresak kaudimen nahikoa ez dutenean, eta aro horietan gertatzen direla operazioak atzerriko diruarekin. «Dirua egon badagoelako merkatuan; funts handiak hor daude». Baina Gipuzkoako enpresariak bere enpresaren jabe izatea gustuko duela nabarmendu du, eta badirela erakundeak enpresarien ahalegina laguntzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.