Bazkideek dute azken hitza

Ulmako eta Oronako bazkideek bihar erabakiko dute Mondragon korporaziotik irten ala ez. Ez die erraz joaten utzi nahi Mondragonek, eta azkenera arte baliatu ditu mezuak bidaltzeko aukerak

Mondragon korporazioaren egoitza nagusia, Arrasaten (Gipuzkoa). MONDRAGON.
aitor biain
2022ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Zirt edo zart. Ulma eta Orona kooperatibetako bazkideek bihar erabakiko dute Mondragon korporaziotik irten nahi duten ala ez. Haiena da hitza, eta haiek erabakiko dute beren enpresa non egotea nahi duten eta non ez. Donostian egingo dituzte biek gaiaz eztabaidatzeko ezohiko batzarrak: Illunben egingo du Oñatiko kooperatiba taldeak (Gipuzkoa); eta Ideo bere egoitza nagusian Hernaniko kooperatibak (Gipuzkoa). Halere, giroa guztiz zakartuta dagoela egingo dituzte bilkurak. Ia hautsita baitaude Arrasateren, Oñatiren eta Hernaniren arteko loturak, elkarren arteko mezu eta akusazio gogorrak tarteko.

Bi aldeek azkenera arte luzatu dituzte bazkideei mezuak zabaltzeko aukerak. Mondragonek, esaterako, urrats bat aurrera egin du, eta bi kooperatibetako bazkideei nabarmendu die zeintzuk diren elkarrekin segitzearen onurak. Ulmak eta Oronak «presio» egitea eta «esku hartzea» egotzi arren, korporazioak ez die horren erraz joaten utzi nahi, eta kooperatibistei azken deia egin nahi izan die geratzearen aldeko botoa emateko.

Askotariko bideak eta moduak erabili ditu horretarako. Sentimenduen amua erabili du, adibidez, Tu Lankide agerkari digitalean argitaratutako bideo batekin. Kooperatiba taldeko kide diren hainbat enpresatako bazkideen testigantzak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak —GSR, Mondragon Assembly, Soraluce, Laboral Kutxa, Loramendi, Batz, Lagun Aro, Orkli, Lanki, Eika, Ategi, Fagor taldea, Eroski, Lana, Fagor Ederlan, Mondragon Unibertsitatea, Mundukide, Mapsa eta Bexen Medical—. «Zergatik Mondragon?» galderari erantzunez, kooperatiben arteko lankidetza, elkartasun printzipioa eta halako ideiak aipatzen dituzte.

Prentsaren bidez ere saiatu da Mondragon Ulmako eta Oronako bazkideengana heltzen —korporazioak hasieratik salatu du ezin izan dizkietela azaldu beren argudioak—. Rosa Karabel Eroskiko zuzendari nagusiak eta haren aurreko Agustin Markaidek hizpide izan dute gaia hedabideetan, eta korporazioaren balioak eta ekarpenak nabarmendu dituzte.

Mezu zuzenagoak bilatu dituzte, berriz, Iñigo Uzin korporazioko presidenteak eta Leire Mugerza kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko lehendakariak. Behin eta birritan gogorarazi dute harremanak hausteak eragingo duen galera, hala ekonomikoa, nola sinbolikoa. Eta ohartarazi dute proposamena «onartezina» zela.

Batzarrak eta oharrak

Ulmako eta Oronako zuzendaritza taldeek ere batzarrak egin dituzte langileekin egunotan, zalantzak argitzeko eta irtetearen alde bozkatzeko dituzten arrazoiak azaltzeko. Urrian barne prozesu bana abiaraziko zutela jakinarazi zutenetik, behin baino gehiagotan esan zuten behar ziren beste egingo zituztela, eta langileei edozein zalantza argitzeko prest zeudela.

Ulma taldeko zuzendaritza taldeak, gainera, Mondragonek eta haren ordezkariek egindako adierazpenen inguruko gogoetak helarazi dizkie langileei, barne ohar batean. Izan ere, uste dute korporazioak ez diola utzi eskua sartzeari, eta «egia ez diren informazioak» zabaldu dituela.

Ulmak Mondragoni egotzi dio «jendearen sentimenduak manipulatzea», irtenbide gisa elkarrizketa eskatu arren «kontrako norabidean doazen adierazpenak» egin dituelako. Izan ere, Oñatiko kooperatibaren arabera, korporazioa izan zen eztabaida ukatu ziena ekainean proposamena aurkeztu zutenean, zera erantzun baitzien: «Ez orain, ez inoiz».

Oharrean diote bi kooperatibek aurkeztutako proposamena ez dela «berria», baizik azaroko Kongresu Nagusian onartu zen txostenaren harira egindako proposamen alternatibo bat, «epe eta modu egokian egindakoa». Eta, funtsean, Laboral Kutxaren kasuan onartu den «gauza bera» proposatzen dutela dio Ulmak.

Ez da egia, halaber, elkartasunerako funtsetara gainerakoek egiten duten ekarpen bera egiten ez dutenik ere. Kongresuak zehaztutako arauak betetzen dituztela azpimarratu du Ulmak, eta gogorarazi arau horietan jasota dagoela dibisioko funts propioa kudeatzeko bi kooperatibek duten autonomia ere.

Horrez gain, kooperatibismoaren «ikuspegi bakarra» izatea ere egotzi dio Ulmak Mondragoni. Eta ohartarazi dio «mehatxu» eginagatik ere ez dela «ezer» aldatuko Lagun Arorekiko, Laboral Kutxarekiko eta beste erakundeekiko harremanetan, langileen eskubidea delako, legeek eta arauek bermatzen dietelako.

Biharamuna

Hainbat bozketa egingo dituzte bi kasuetan. Mondragonetik irten ala ez erabaki beharko du kooperatiba bakoitzak lehenik, eta korporazioarekin aurrerantzean zer harreman izan nahi duten bigarrenik. Bozketaren emaitza dena delakoa izanda ere, argi dago abenduaren 17an gauzak ez direla berdin izango, ez Mondragonen, ez Ulman eta ez Oronan.

Geratzeko hautua egiten badute, prozesuak irekitako zauriak ixtea tokatuko zaie, eta desadostasunak konpontzea. Aldiz, kanpora ateratzea erabakitzen badute, ikusteko dago zein izango den elkarren arteko harremana. Mondragonek esan du ez dela gauza bera korporazioko kide izatea eta ez izatea, baina zubi batzuei eusteko gai izango ote den, horixe jakitea falta da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.