Mendi eta zelai berde artean, Malerreka betean dago Orbela aterpetxe eta taberna, Beintzan (Nafarroa). Negua berez da gorria bertan, eta Nafarroako Gobernuak ezarritako murrizketek are gorriago bilakatu dute herriko ostalaritzarentzat. Orbelaren jabe Mikel Albisuk asteburuetan baino ez du zabaltzen herriko tabernako terraza. Taberna barruak itxita daude Nafarroan urtarrilaren 23az geroztik, eta astean ez dago bezero askorik: «Mendialdeko herri txiki bat da gurea; mugimendu gutxi dago, eta hemen eguraldia neguan bortitza da». Baina, hala ere, taberna zabaltzeko hautua egin du, «herriko ostatua delako, herriari zerbitzu bat emateko». Bestelakoa da aterpetxeko egoera. Oraingoz, itxita daukate, nafarrekin soilik ez delako «errentagarria».
Iazkoaren %24 baizik ez du fakturatu aurten. Hori horrela, Nafarroako Gobernuak emandako laguntzak «nahikoak ez» direla dio. Bere kasuan, gainera, bi aldiz ordaindu behar duenez jarduera ekonomikoen gaineko zerga, %25 murriztu dizkiote laguntzak. Otsailerako iragarri dituztenetan «justizia gehiago egitea» espero du Albisuk. Dena den, gogorarazi du Nafarroako Gobernuak ez lukeela itxaron beharko ostalariek eta turismoaren sektorekoek protesta egin arte laguntzak kaleratzeko: «Laguntzek automatikoak izan behar dute. Zure jarduera %30era murriztu behar baduzu, lagundu behar dizu gainontzeko %70a betetzen; ate bat ixten denean, bertzea ireki behar da».
Baina beste mota bateko laguntzak ere eskatzen dizkio administrazioari, hain zuzen ere, bide administratiboak zabaltzea. Salatu du gobernuak ez diela bidea erraztu ekintzak antolatzerakoan; izan ere, «behar sozial» bati erantzunez, udalekuak antolatu zituzten iazko udan, baina ez zuten Turismo Departamentuaren erantzunik jaso. Onartu du batzuetan «pareta bat jotzearen irudipena» duela, laguntzak ikusi beharrean trabak ikusi dituelako edonon. Orain, berriz udan jarrita dauzka begiak, ziur baitago udalekuek eta bertaratuko diren kuadrillek «arnasa» emango diotela.
Mikel Albisu. Beintzako Orbela aterpetxearen jabea
«Batzuetan, pareta bat jotzen ari garen irudipena dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu