Gipuzkoako EHNEko presidente kargua berritu du Garikoitz Nazabalek (Zaldibia, 1984), nekazarien sindikatuak joan den asteburuan egindako VIII. kongresuan. Uste du eragileen eta instituzioen artean lehen sektorearen inguruan epe erdi eta luzerako iparrorratz komun bat adostea falta dela. Nolanahi ere, aurrera egiteko bideak ikusten ditu, eta horiek jorratzea du helburu.
Errautsetatik birsortzen! leloa aukeratu du sindikatuak kongresurako, EHNEk jakin duelako «egoera larri batetik abiatuta, berritze lan bati ekiten». Izan ere, «inflexio puntu bat» izan zen duela hiru urteko kongresua, zuzendaritzako 11 kideetako zazpik dimisioa emanda eta zatiketa hots artean egin baitzen. Gainditutako egoera da hura Nazabalentzat, eta azpimarratu du, funtsean, «kontrol nahia zegoela eredu talka bat balitz bezala saldu zen horren atzean». Edonola ere, pozik dago 2014an hartutako bideaz, «baserritar onen eta txarren arteko bereizketa» atzean utzi dutelako.
Zeintzuk izan dira biltzarrean landutako ildo nagusiak?
Prezioen defentsa izan da ildo transbertsaletako bat: gure soldatak datoz gure produktuak prezio duin batean saltzetik. Bereziki indartu nahi dugun puntu bat da hori, eta ikusten dugu badugula aukera goraka egiteko. Ez dena posible da prezioak ez garestitzea,azken urteetan gertatu bezala. Horretarako lan bat egin behar dugu erosle hezi bat izateko. Izan ere, desinformazio ikaragarria dago. Jendeak jakin behar luke produktu bat erosten duenean zer dagoen produktu horren atzean, nola lan egiten den.
Eta zer dago atzean?
Lurrarekin eta animaliekin lan egiten dugu, baina errespetuan eta kalitatean oinarrituta.
Hil honetan Derion egindako Via Campesinaren kongresuan kapitalismo berdea salatu dute eta agroekologia aupatu. Berdearena mozorro gisa ere erabiltzen da?
bai. Helburu komertzialak hori du: egin behar ez duguna da agroekologia, benetan oinarritik esplikatu ordez, marka moduan erabili merkatuan nabarmentzeko. Alde batekoak eta bestekoak ikusten ditugu Euskal Herrian. EHNEren funtzioa da, hain zuzen, gauzak testuinguruan jartzea, eta diren bezala esplikatzea.
Zein da testuingurua?
Harrigarria da zer-nolako arazoak izaten ditugun hainbat instituzio eta politikarekin, ez daukagulako adostutako iparrik sektorerako. Baserritarra ingurumenaren kudeatzaile eta herritarren bizi kalitatearen berme gisa hartu beharrean, batzuetan pribilegiatu gisa eta jauntxo gisa tratatzen dute. Udalek eta diputazioek, sarri, jarduerarako traba izugarriak sortzen dituzte. Herri hitzarmenak behar ditugu lehenengo sektoreak aurrera egin behar badu: alderdikeriak gainditu behar dira, eroslea hezi, politika komunak adostu, ipar bat partekatu.
Merkatuan ere urratsak egitea eskatu duzu.
Europa neoliberal batean bizi gara, bost axola zaie tokiko produktua; CETA eta TTIP adibide.
CETAk zelan eragingo dizue?
Mesederik ez digu egingo behintzat. Gure produktuen lehia izango dira, eta askoz merkeago, ekoizpenean batere zerikusirik ez duten produktuak.
Protekzionismoa deabrutzen ari da, bereziki Donald Trumpen eta brexit-aren garai honetan.
Protekzionismoaz hitz egiten bada esanez hobe dela lana tokiko jendeari ematea, jendeak ez du txartzat hartzen protekzionismoa. Azkenean, tokiko ekonomia eta gizartea sustatzen da. Demagogiarekin eta populismoarekin bukatu behar dugu, gauzak buru gehiagorekin egin. Uste dut gauza batzuetan behar ditugula politika protekzionistak. Frantziak ere oso neurri protekzionistak erabiltzen ditu nekazaritzan.
EBn oraintxe ari dira NPB Nekazaritza Politika Bateratu berria negoziatzen, 2020-2027ko aldirakoa. Zer dago jokoan?
Oso ezkorra naiz NPBrekin. Ez dut uste Europak nekazaritzaren aldeko apustu serio bat egingo duenik. NPBk interes merkantilistari erantzuten dio. Bruselara begira bagaude, ez daukagu zereginik, baina uste dut asko daukagula egiteko herritik bertatik. Gehiegitan erabiltzen da EBtik datozen politiken aitzakia, bertan beste gauza batzuk egiteko.
Orekak zailak dira, sarri, ingurumenaren kudeaketan. Aralarko pisten auzia horren adibide.
Gipuzkoan ukitu berdea ematen duen jarduera bakarra gurea da. Eta, gainera, kalte ekologikoa guk sortuko bagenu bezalako diskurtsoak jasan behar ditugu: surrealista da. Inork planteatu du, beste edozein jarduera sozioekonomikori dagokionez, guri eskatzen zaigun ingurumen estatusa aplikatzea? Goierritarra naiz, etaikusten dut industriak, errepideak eta garraioak zer esan nahi duten. Diskurtso hori darabilten batzuk ikusten dut non lan egiten duten. Zintzoa da benetan?
Zer soluzio du talkak?
Oinarri moduan aipatutako iparrorratza jartzen dugu. Herri bezala baserritarrak mantendu nahi baditugu, eta ingurumena kudeatzen jarraitu, onura soziala sortuz lanpostuen bidez... Logika horrekin bat egiten baldin baduzu, ezinbestekoak dira baldintza duinak, beste edozein negoziotan bezala. Nola nahi dugu gazteak sartzea sektorean, gero abereak ikustera joateko bizia jokatu behar badugu? Badakit zer den hamabost eta hogei kilometro egitea abereak ikustera joateko, eta beti ez dituzu 30 urte izaten. Teorian, ipar horrekin bat egiten baduzu, baina gero esaten baduzu Ibil zaitezte kalamitate baten moduan... Horrek ez du logikarik.
Garikoitz Nazabal. Gipuzkoako EHNEko presidentea
«Batzuetan behar da protekzionismoa, buru gehiagorekin jokatu»
Sindikatuko presidente kargua berretsi berritan, Nazabalek uste du ezinbestekoa dela «ipar bat» adostea lehen sektorerako. Prezioak igotzea helburu transbertsaltzat jo du, soldatak duintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu