Pentsioen erreforma

Batzuen haserrea...

Gehiengo sindikalak salatu du akordioan bertan ageri dela erreforma pentsio pribatuak sustatzeko delaMobilizazioaren bidetik jarraituko dutela ohartarazi dute Muñozek eta Etxaidek

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia eta Adolfo Muñoz ELAkoa, atzo, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Mikel Carramiñana.
Bilbo
2011ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Langileen eskubideak murrizteari elkarrizketa soziala deitzerik ez dagoela uste du gehiengo sindikalak, eta, horregatik, etorriko diren murrizketa berrien aurka «mobilizatzea beste aukerarik ez» dagoela ziurtatu dute. Hala esan du Euskal Herriko gehiengo sindikalak urtarrilaren 27an eginiko greba orokorraren emaitza eta Madrilen Espainiako Gobernuak UGT eta CCOO sindikatuekin sinatutako akordioa aztertzeko eginiko agerraldian.

Erreformarekin bat eginda sindikatu horiek «langileak babesteari uko egin izana» deitoratu du Adolfo Muñozek, enpresaburu handiek eta finantza botereek «guztiaren bila» doazen bitartean. Izan ere, politikariei «langileen soldatak eta eskubideak kapitalaren mesedera berriz» jartzea leporatu die ELAko idazkari nagusiak.

Madrilen hitzartutako testua aztertzeko denbora gehiago behar dutela esan arren, itunaren atarian esandakoari «oso larria» deritzo Muñozek: «Pentsio eredu publikoaren eskuzabaltasuna funts pribatuak hazteko traba dela diote». Hala, sistema publikoaren bideragarritasuna bermatzea ez, «erreformaren helburu bakarra» funts pribatuak kudeatzen dituen patronalarena bermatzea dela salatu du.

Buruzagiaren ustez, murrizketa gehiago etorriko dira, Moncloako Itunak berregiten ari direlako alderdi politikoen, patronalaren eta pentsioen erreforma babestu duten sindikatuen artean. Besteak beste, Madrilen negoziazio kolektiboaren erreforma egin nahi dutela ohartarazi du: «Euskal langileen lan baldintzak berton negoziatzea dago jokoan».

Greba, bakarrik

CCOOk eta UGTk sinatutako itunaren sarrerak bakarrik joan den asteko «greba orokorra egiteko arrazoi guztiak berretsi» dituela esan du, bestetik, Ainhoa Etxaidek: «Sistema pribatua bultzatzeko eginiko murrizketen kontra beharrezkoa zen lanuztea egitea, eta greba egiteko subjektu bakarra ginen». Haren ustez, gehiengo sindikala osatzen duten eragileek «arduraz» jokatu dute, eta sindikalismo eredu horren bidea babesten duten milaka langile daudela gogorarazi du.

Espainiako Gobernuak onartutako azken erreformaren ondorioz milioika langile pentsiorik gabe geldituko direla ohartarazi du LABeko buruzagiak. Dagoeneko hamar erretirodunetik zazpik pobreziaren mugaren azpitik bizi direla, egoera are larriagoa sortu nahi izatea leporatu dio Madrilgo gobernuari. Horrez gain, pentsioen erreformak «gizarteko talderik ahulenei, emakume eta gazteei, kalte handiagoa» egingo diela gogorarazi du.

Pentsioen erreforma ez ezik UGTren eta CCOOren sinadurarekin Rodriguez Zapaterok krisialdiaren harira eginiko murrizketa guztiak ere babestu dituztela uste du Etxaidek. Izan ere, itun sozialarekin «guztia zilegi dela ageri dute, orain arte esandakoaren kontra». Sindikatu horiek eginikoa, alabaina, ibilbide baten ondorioa dela gogorarazi du, iazko abenduaren 10ean argitaratutako Espainiako Aldizkari Ofizialean egiazta daitekeenez: «Lan Ministeriotik beretik CCOOk 72 milioi euro eta UGTk 80 milioi euro jasoko ditu; hori kostatu zaigu langileoi erreforma onartzea».

Finantza munduari eskatutako guztia eman ondoren Espainiako Gobernuaren hurrengo helburua enpresaburuen alde egitea dela aurreratu du Etxaidek: «Kotizaziorik gabeko kontratuak sustatuko dituztela esan dute, langabeziaren datuak itxuratzeko». Politika horiekin, alabaina, krisia areagotuko dutela ohartarazi die administrazio publikoei.

Emaitzarekin pozik

Etxaiderekin eta Muñozekin batera, EHNEko Eneritz Otamendik, Hiruko Esteban Munduamendiarazek eta EILASeko Belen Arrondok hartu zuten parte atzoko agerraldian. Urtarrilaren 27ko lanuztearen arrakasta nabarmendu du Arrondok, erreformari «gehiengo zabal batek ezetz esan ziolako, mobilizazioetarako unea ez zela esan bazieten ere».

Ildo horretatik, Eusko Jaurlaritzak grebaren inguruan izandako jarrera salatu du EILASekoak, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak mobilizazioaren atarian gehiengo sindikalari eginiko «mehatxuengatik». Joan den astean iragarri zuten bezala, Aresen kontrako kereila jartzeko asmoa dutela berretsi dute bost sindikatuetako ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.