Aldaketa isil baina sakon bat Euskal Herriko merkataritza eraldatzen ari da. Belaunaldiz belaunaldi, denda txikiak izan dira auzoen arima, eta han sortu izan dira giza harremanak, baina azken urteotan, erakusleiho hutsak eta pertsiana itxiak paisaia komun bihurtu dira. Merkatariak eta administrazio publikoak kezkatuta daude errealitate horretaz. Denda tradizional txiki askok ateak itxi dituzte, baina, aldi berean, negozio berri batzuk beren lekua aurkitzen ari dira merkatuan. Horien artean nabarmentzen dira gimnasioak, klinikak, eta ongizatearekin eta estetikarekin lotutako zerbitzu espezializatuak.
2020tik 2023ra bitartean, EAEk 4.239 saltoki galdu zituen: %10,8 hiru urtean. Gipuzkoa eta Bizkaia dira lurralde kaltetuenak ─%11,2ko eta %11,3ko jaitsiera izan dute─, eta Araban, berriz, %7,9 gutxitu dira, Javier Hurtado Jaurlaritzako Merkataritza eta Kontsumo sailburuak onartu duenez. Antzeko kopuruak eman ditu Nastatek Nafarroarako: 2018an, 8.957 denda zeuden, eta azken datuek diote 2024 amaieran 668 gutxiago zeudela (-%7,5).
Fenomeno hori ez da bakana edo aldi baterakoa, baizik eta tokiko merkataritzaren mapa berriz marrazten ari diren egiturazko faktoreen konbinazioaren emaitza.
Askotarikoak dira dendak ixteko arrazoiak. Internet bidezko erosketak ugaritzen ari dira urtez urte, eta horrek kalte egin die denda txikiei, nahiz eta haietako batzuek dagoeneko fakturatzen duten Interneten bidez —EAEn, txikizkako saltokien %16,5ek—. Pandemiak bizkortu duen eraldaketa digital hori kontsumo ohiturak aldatzen ari da, denda fisikoetara joaten den jende kopurua murriztu egin baita, eta etxetik egiten diren erosketak lehenetsi. Amazonek eta beste plataforma handiek eskala ekonomiak aprobetxatzen dituzten bitartean, merkatari txikiek ez dute baliabiderik baldintza paretsuetan lehiatzeko.
Belaunaldi aldaketa
Belaunaldi erreleboaren faltak ere eragina du tokiko denden itxieran. Biztanleriaren zahartzeak ere berebiziko garrantzia du. Gipuzkoan, adibidez, merkataritzako langileen %65ek 45 urte baino gehiago dituzte, eta %34k, 54 baino gehiago. Familia denda askok, bere garaian loratu zirenak, erretiroaren dilemari aurre egin behar diote orain, negozioa bere gain hartzeko prest dagoen oinordekorik ez daukate eta.
Badira negozio txiki ugari itotzen dituzten beste arazo batzuk: alokairu kostu handiak, inflazioa eta laguntzak lortzeko zailtasunak. Negozioen tamainak ere ez die uzten aldaketetara egokitzen; Euskal Merkataritzaren Behatokiaren txosten baten arabera, EAEko saltokien %69,4k bi langile baino gutxiago dituzte.
Baina merkataritza txiki osoa ez doa gain behera. Azken urteetan, gimnasioak, osasun eta estetika klinikak eta zerbitzu espezializatuak ugaritu egin dira Euskal Herrian. Gorakada horren arrazoia da gizartea gehiago kezkatzen dela ongizateaz, eta esperientzia pertsonalizatuagoak bilatzen dituela.
1
Izan nutrizioa eta dietetika
Errenterian (Gipuzkoa) iaz sortutako Izan nutrizio eta dietetika zentroa da negozio berrien adibide horietako bat. Alazne Mindegia eta June Ibarguen gazteek amets batetik abiatuta sortu dute kontsulta, nutrizioaren eta dietetikaren arloan beren ikuspegia eskaintzeko asmoz. Proiektuaren hastapenak erronkaz beterik egon direla aitortu dute, baina gogoak, ingurukoen babesak eta nutrizioaren garrantzi gero eta handiagoak hasierako arazoak gainditzera eraman dituzte. Gainera, beren adineko ekintzaile gutxi daudela eta horrek beste enpresetatik desberdintzen dituela azpimarratu dute.
Mindegiaren eta Ibarguenen ametsa beti izan da beren kabuz aritzea: «Karreran geundenean ametsa zen kontsulta sortzea, baina oraindik ez ginen prest, eta oso zaila ikusten genuen. Gero, ikusi genuen lanpostu gutxi zeudela, eta probatzea erabaki genuen». Horrela, Oiartzualdeko ekintzailetza programaren babesean bideragarritasun plana garatu zuten, eta euren proiektua errealitate bihurtu.
«Udaletxeetan informazioa eta laguntza eskatzea gomendatzen dugu. Prozesua zaila izan daiteke, baina beren proiektuan konfiantza izatea eta laguntza eskatzeko beldurrik ez izatea da garrantzitsuena»ALAZNE MINDEGIA eta JUNE IBARGUENNutrizionistak
Izan nutrizio zentroak kokapena eta eskaintzen duen tratamendu pertsonalizatua ditu indargune nagusi. «Pertsona bakoitzari jartzen diogun arretak eta ingurukoen babesak bermatu dute gure arrakasta», azaldu dute. Halaber, nutrizioaren gorakadak ere eragin positiboa izan duela azpimarratu dute: «Nutrizioa gero eta garrantzitsuagoa da gizartean, eta guk jendea laguntzeko gogo handia dugu».
Hala ere, ez zuten dena erraza izan. Horrelako prozesu batean, tramite legalak eta esperientziarik ez izatea izan ziren erronka handienak. «Ekonomikoki arriskua hartu behar izan genuen, eta horrek zalantza asko eragin zizkigun», aitortu dute. Aurrera jarraitu ahal izateko, ingurukoen babes emozionala eta profesionala erabakigarriak izan ziren. Kontziente dira komertzio txikiak indarra galtzen ari direla, eta horrek «kezkatzen» dituela onartu dute.
Gaur egun, negozioa egonkortzea dute helburu nagusi. Hala ere, etorkizunerako amets gehiago dituztela ere aurreratu dute. Gainera, beste ekintzaileei aholkua ere eman diete: «Udaletxeetan informazioa eta laguntza eskatzea gomendatzen dugu. Prozesua zaila izan daiteke, baina beren proiektuan konfiantza izatea eta laguntza eskatzeko beldurrik ez izatea da garrantzitsuena».
2
Uga gimnasioa
Urtzi Odriozolak eta Iñigo Soraluzek, 25 eta 26 urte dituztela, Uga izeneko gimnasioa inauguratu dute beren herrian, Azkoitian (Gipuzkoa), oztopoz eta emozioz beteriko prozesu baten ondoren. Gimnasioa ez da «proiektu arrunt bat», baizik eta bizitza oso baten oroitzapenaren ikur: Ugaitz Kerejeta adiskidearen oroimenez sortu dute. 2020ko abuztuan hil zen Kerejeta, 22 urte zituela, Azpeitian izandako moto istripu batean. Hura ere proiektuaren parte zen.
«Ugaitzen ametsa gimnasio bat sortzea zen, nirea ere bai. Beti hitz egiten genuen nola egin genezakeen, eta elkarren artean zein motibazio handia genuen horretarako», adierazi du Soraluzek. Azken batean, lagun haren ametsa betetzea eta haren oroimena gorde eta ospatzea bihurtu zen proiektuaren muina. Ingurukoek ere oso atsegin hartu zuten ideia, eta proiektua babestu eta lagundu dute beti. «Uga gimnasioa kirol zentro bat baino gehiago da».
Soraluzek aitortu du hasieratik izan zirela zailtasunak, baina ilusioari eta gogoari eutsi dietela beti. Ekonomikoki, gimnasioaren ekipamenduaren eta obraren kostua handia izan zen, baina «ilusioz» eta lan eginez ikusi dute posible dela ametsak betetzea.
Dokumentazio eta administrazioko oztopoak, batez ere, prozesuaren lehen faseetan izan ziren. Gaur egun, gimnasioan hainbat eremu eta zerbitzu daude, hala nola crossfit saioak, taldeko klaseak eta 50 makina baino gehiago. Zerbitzu pertsonalizatua eskaini nahi diete bezeroei, «gune moderno batean».
Fitnessaren eta entrenamenduaren sektorea gero eta nabarmenagoa dela esan du Soraluzek, eta hori alde positibo bat izan dela beraientzat. «Azken urteotan, adin guztietako jendea gero eta gehiago konturatzen ari da indarra lantzeak eta entrenamendu fisikoak bizitza osasuntsu eta orekatu baterako dituen onurez». Hala ere, onartu du badagoela kezka bat herriko merkatu txikien etorkizunari dagokionez. «Gero eta gehiago ikusten ari gara merkatu txikiak itxi egiten direla eta horrekin batera herriko giroa eta dinamismoa galduz doazela. Internet bidezko erosketen ohiturak gero eta gehiago indartzen ari dira, eta horrek kalte egiten die bertako saltoki txikiei».
«Azken urteotan, adin guztietako jendea gero eta gehiago konturatzen ari da indarra lantzeak eta entrenamendu fisikoak bizitza osasuntsu eta orekatu baterako dituen onurez»IÑIGO SORALUZE Uga gimnasioaren sortzaileetako bat
Soraluzeren eta Odriozolaren helburu nagusia Uga kirol zentroa Azkoitian sendotzea da, eta bertako erabiltzaileen beharrak guztiz asetzea. «Oso garrantzitsua da lehenik eta behin gure bezeroen behar guztiak asetzea eta osasunaren eta bizi kalitatearen arloan haien espektatibak gainditzea. Hori lortzeko, baliabide berriak eta zerbitzu berritzaileak eskaintzea dugu helburu, bezeroen esperientzia ahalik eta osatuena izan dadin». Ekintzaile berriei aholku bat eman nahi izan diete: «Ametsak bete nahi izanez gero, lehen urratsa egitea da gakoa».
3
Lu ile apaindegia
Lourdes Artigasek txikitatik izan duen ametsa bete du: Errenterian (Gipuzkoa) bere ile apaindegi propioa irekitzea. Urteak besteren kontura lanean eta trebatzen eman ondoren, Gabonetan ireki ditu ateak. Proiektu berritzailea da harena: larruazala eta ilea zaintzen dituen kontzeptu organiko bat eskaintzen du, eta horregatik azaldu du bere negozioa ile apaindegi konbentzionala baino zerbait gehiago dela. «Ilusio handia izan dut beti ile apaindegi bat sortzeko. Txikitatik egin nahi nuen zerbait zen», esan du. «osasuna eta ingurumena errespetatzen dituzten produktuak erabiliko ditut».
Artigasek aitortu du lokala irekitzeko bidea ez dela erraza izan. Proiektuarekin hasi aurretik, bideragarritasun plan bat egin zuen, negozio bat hutsetik hastearen gastuei aurre egiteko. Hainbat erronka gainditu behar izan ditu, hala nola Madrilera bidaia ugari egin, erabili beharreko produktu guztien inguruan gehiago ikasteko. «Bezeroei %100 eskaini nahi nien», azaldu du. Ile apaindegietan espezializatutako enpresa kudeaketako ikastaro bat ere egin zuen; izan ere, adierazi duen bezala, «negozio bat irekitzea ez da ile apainketari buruz jakitea soilik, baizik eta baita hori kudeatzen ikastea ere».
Zailtasunak zailtasun, Artigasek uste du lanean duen konfiantza eta segurtasuna funtsezkoa izan dela proiektua aurrera ateratzeko. «Bezeroak tratatzeko moduak, zerbitzuak egiteko moduak eta egiten dudan horretan ematen dudan konfiantzak markatzen dute desberdintasuna», esan du.
«Autonomook ordaintzen ditugun zergak neurriz kanpokoak dira arriskuarekin eta lan egiten dugun orduekin alderatuz gero»LOURDES ARTIGASEstilista
Denda txikiei buruz hausnartu du: «Duela 15 urte ia ezinezkoa zen lokal huts bat aurkitzea. Denak okupatuta zeuden, baina orain asko daude salgai edo alokairuan. Autonomook ordaintzen ditugun zergak neurriz kanpokoak dira arriskuarekin eta lan egiten dugun orduekin alderatuz gero».
eTORKIZUNARI BEGIRA
Tokiko administrazioak saltokien itxiera geldiarazteko eta negozio berrien irekiera sustatzeko neurriak ezartzen hasi dira. Nafarroan, adibidez, Lekuko izeneko programa sortu dute, saltokien jabe beteranoak belaunaldien arteko erreleboa hartu nahi duten ekintzaileekin lotzeko. Sustapen ekonomikoko eremuen legeak, berriz, hiriguneak eta landaguneak biziberritu nahi ditu.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak hiruko trantsizioa sustatzen du — digitala, ingurumenekoa eta soziodemografikoa — merkataritza sektorea modernizatzeko. Hala ere, neurri horien eragina ikusteko dago oraindik, sektore horretan gero eta negozio txiki gutxiago baitaude. Gasteizen, adibidez, 54 negozio berri ireki dira azken urtean, udalen pizgarriei eta auzoak bultzatzeko estrategiei esker.