Kutxaren eraldaketa. Patronatuak

Batzar Nagusiek jarriko dituzte izenak Kutxan

Batzar orokorra desagertuta, 11 kideko patronatuak zuzenduko du banku fundazioa aurrerantzean.Patronatuko kideen bi heren beharko dira Kutxabankeko akzioak saltzeko erabakia hartzeko

Jon Fernandez - Ivan Santamaria
2014ko urriaren 25a
00:00
Entzun
BBK eta Vital bezala, Kutxa ere banku fundazio bihurtu da, aurrezki kutxa izateari utzita. Aldaketa juridiko hutsa baino gehiago da. Kutxetan zegoen botere organo gorena desagertu da: batzar orokorra. Banku fundazioaren boterea, erabakiak eta etorkizuna patronatuaren eskuetan geratu dira, betiko.

Patronatua hamabost pertsonako talde bat izango da BBKn eta Vitalen. Kutxan, estatutuen arabera, gutxienez bederatzi kide izan dezake, eta gehienez hamabost. Bilduk, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak ez dituzte hautatu euren ordezkariak; azkenean, 11 kiderekin jarriko da martxan. Aurrezki kutxen administrazio kontseiluaren pareko organoa izango da.

Desagertu den batzar orokorra zen kutxen kontseilua aukeratzeko eta erabaki funtsezkoenak hartzeko lekua. Lau urterako aukeratzen ziren batzarkideak, eta aldaketa horretan unean uneko gehiengoak islatzen ziren. Alde batetik, bozen emaitzek eragin zuzena zuten administrazio publikoen ordezkariak izendatzeko garaian. Bestetik, batzarraren ia erdia bezeroen ordezkariak ziren, hauteskunde zuzenez hautatuak.

Fundazioekin, akabo batzarrak eta bozen prozesuak. Hala BBK-k nola Vitalek onartu dituzten estatutuen arabera, agintzen ari diren patronatukideek erabakiko dute agintaldia amaitzean nortzuk ordezkatuko dituzten, bestelako bozketa edo bermerik gabe. Alegia, oraingo patronatuen egitura politikoa betikotzeko aukera dago, erakunde publikoetan gehiengoak aldatu arren.

Kutxaren kasuan ez da erabat horrela izango. BBK-neta Vitalen ez bezala, Kutxa fundazioak Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatuko die patronatuko hamabi kide izendatzeko, organo hori «herrialdeko herritarren borondatearen ordezkari nagusi den neurrian». BBK-k hautagaiak proposatzera gonbidatuko ditu «lurralde historikoaren erakunde publiko eta pribatuak», zein erakunde zehaztu barik.

Patronatuko beste kide baten izena Kutxabankeko langileen ordezkaritza sindikalari eskatuko diete Kutxan. Beste bi kideak, erakunde sortzaileek, hau da, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Diputazioak proposatuko dituzte. Nolanahi ere, kasu horietan guztietan, «proposamenak» baino ez dira izango izen horiek. Azken hitza patronatuak berak du.

Aukeraketa prozesuarekin batera, talde ezberdinek duten ordezkaritza ere nabarmen aldatu da. Espainiako Kutxa eta Fundazio Legeak ezarri du %25 baino gehiago ezin dela izan administrazio publikoen ordezkaritza. Alderdi, enpresaburu, elkarte edo sindikatuetan kargu eragileren bat izatea edo hautetsi izatea bateraezina da patronatukide karguarekin. Administrazioko goi kargudunak postua utzi eta bi urtera sar daitezke patronatuan.

Erakundeen eserlekuak

BBKren eta Vitalen estatutuek hiru eserleku gorde dizkiete erakunde fundatzaileei; Kutxak, bi. Hau da, herrialde bakoitzeko hiriburuko udalari eta foru aldundiari. Zeintzuk dira patronatuko beste kideak? Estatutuek gutxieneko bat finkatu dute interes kolektiboen ordezkarientzat —bi eserleku Vitalen, eta bakarra BBKn eta Kutxan—. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EAJk Afagiko ordezkaria izendatu du Kutxaren patronaturako.

Beste bi taldeen kasuan, definizioa lausoagoa da. Pertsona «independenteak» aipatzen dituzte estatutuek, «finantzen ezagutza eta esperientzia» dutenak, edo banku fundazioaren helburuetan «prestigioa» duten pertsonak. Bi talde horiek osatuko dute patronatuaren nukleo gogorra: Vitalen 10, eta BBKn 11 eta Kutxan 7. Kontrolaren bi heren baino gehiago kasu guztietan. Dena dela, Kutxaren kasuan gutxiago dira EH Bilduk Batzar Nagusietan eta atzoko batzarrean ez zituelako bere ordezkariak aukeratu, eta beraz, hamabostekoa behar zuen patronatua 11 kidekoa izango delako azkenean —Diputazioak eta Donostiako Udalak oraindik ordezkariak hautatu ez badituzte ere—.

Akzioak saltzeko, bi heren

Aurrezki kutxetan bestelakoa zen ordezkaritzaren banaketa. Administrazio publikoek %40 betetzen zuten —%17 erakunde fundatzaileek, %17 udalerriek, eta %6 batzar nagusiek—. Beste %7 langileen ordezkariak ziren —sindikatuek izendatuta—, eta %5, interes kolektiboak ordezkatzen zituzten erakundeak. Ordezkaritza handiena bezeroek zuzenean aukeratutakoa zen (%48).

Fundazio bihurtzeak esan nahi du alderdiek organoaren kontrola galdu dutela? Ez. EAJk, PSEk eta PPk itun bat egin dute eserlekuak banatzeko. Alegia, alderdi horiek proposatu dituzte lehen patronatukideak.

Patronatuak gidatuko du, hortaz, fundazioen gizarte ekintza, eta, garrantzitsuagoa dena, Kutxabanken dituzten akzioen jabe ere izango da. Erabakiak gehiengo bidez hartuko dira, baina estatutuek salbuespen bat jarri dute: bi heren beharko dira fundazioak Kutxabanken duen parte hartzean inolako aldaketarik erabakitzeko. Horrek esan nahi du erakunde fundatzaileen ordezkariek ez dutela aukerarik izango halako akzioak saltzeko erabaki bat gelditzeko, ezta interes kolektiboetako ordezkariak lagunduta ere.

Fundazio bihurtuta, kutxek Kutxabanken duten jabetza osoa galtzea bihurtu da benetako polemika. Patronatuak izango du azken hitza horretan. Baina prozesu horrek izan ditzakeen ondorioek eragin handia edukiko dute fundazioen eginbeharretan: gizarte ekintzan, hain zuzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.