Bizkaiko Batzar Nagusiek Batuz sistema abiaraziko duen foru arauaren proiektua onartu dute, gobernuko bi alderdien botoei esker: EAJ eta PSE-EE. Hala, negozioek eta enpresek Foru Ogasunaren egoitza elektronikoan egin beharko dituzte kontuak.
EAJk eta PSE-EEk atzera bota dituzte oposizioko alderdiek egin dituzten zuzenketa guztiak.
Lehen eginkizunak berehala hasiko dira, 2024ko urtarrilaren lehenean. Enpresa handiak, bankuak eta aseguru etxeak izango dira ordurako Batuz sistema erabili beharko duten bakarrak. Enpresa txikiak eta ertainak, berriz, 2024aren erdialdean hasiko dira sistema erabiltzen, eta, beranduenez, 2026aren erdialdean erabili beharko dute Batuz. Azken txanda sozietateen gaineko zerga ordaintzen ez duten entitate, irabazi-asmorik gabeko erakunde, nekazari, arrantzale eta irakaskuntzako langileentzat izango da; horiek 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera hasi beharko dute sistema erabiltzen.
Sistema 2025. urtea baino lehen ezartzen duten enpresek hobari fiskalei eutsiko diete, PFEZa edo sozietateen zerga %10 murriztuko baitzaie. Batuz ezartzeagatik sortutako gastuek ere %30eko hobari fiskala izango dute.
Bi zerga berri
Batuz sistema ez ezik, bi zerga berri ere onartu dituzte batzar nagusietan. Berriro erabili ezin diren plastikoa ekoiztu, inportatu edo erosten duten enpresek 0,45 euro ordaindu beharko dituzte plastiko kilo bakoitzeko.
Zabortegiek ere zerga berria izango dute, eta instalazioen ezaugarrien arabera aplikatuko dute. Zabortegietara doazen udal zaborrei 40 euroko zerga ezarriko zaie tona bakoitzeko, eta hondakin industrialei, berriz, tonako 10 eurokoa 2023an, 15 eurokoa datorren urtean, eta 20 eurokoa 2025etik aurrera.
Bi zerga horiek 2023ko urtarrilaren 1ean sartuko dira indarrean, atzerako eraginarekin.