Datua ez da ofiziala izango beste bi astez, baina euro bat gora edo behera, dagoeneko aurreratu daiteke: batez besteko pentsioa 43 euro handituko da urtarrilean Hego Euskal Herrian. Beste modu batera esanda, 2024koa baino %2,8 handiagoa izango da, horixe izan baita, behin-behinean, Espainiako batez besteko inflazioa azken hamabi hilabeteetan, INEren arabera.
Pentsioen azken datua asteartean eman zuen Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak. Haren arabera, azaroaren 1ean 658.560 pentsiodun zeuden Hego Euskal Herrian. Pentsioak, berriz, 727.322 ziren, pentsiodun batzuek bi pentsio jasotzeko eskubidea dutelako: alargun pentsioa eta pentsio propioa batu ditzakete.
Batez besteko pentsioa 1.536 euro izan zen azaroan, eta horri %2,8 gehituta 1.579 eurora iritsiko da, 43 euro gehiago hain zuzen ere.
Are gehiago igoko dira erretiratuen batez besteko pentsioak, ia 50 euro, 1.741 eurotik 1.790 euroraino. Hiru pentsiotik bi dira erretiroari lotutakoak. Pentsio horiek jasotzeko eskubidea dutenen kopurua urtez urte handitzen ari da (iaz baino 7.200 gehiago dira), jende asko dagoelako erretiroa hartzeko adinean eta Gizarte Segurantzaren pentsio bat jasotzeko eskubidea duten emakumeak ere ugaritzen ari direlako.
Alargun pentsio gutxiago
Kontrakoa gertatzen ari da alargun pentsioekin: 163.754 dira, iaz baino 500 gutxiago, eta pentsioen %22,5 banatzen dituzte haien artean. Batezbestekoa 30 euro handituko da, eta lehen aldiz gaindituko du 1.100 euroren langa (1.103 euro).
Ezintasunarengatik emandako batez besteko pentsioak 41 euro handituko dira (1.504 euroraino), 26 euro senideen aldekoak (951 euroraino) eta hamabost euro umezurtzenak (551 euroraino).
Gizarte Segurantzan hamabost urte baino gutxiago kotizatu dutenek pentsio ez-kontributiboa eskuratzen dute, baina horien zenbatekoa Espainiako Gobernuaren esku dago.
datuak
60.000Genero arrakalaren gainsaria. Seme-alabak zaindu behar izateak batez ere emakumeen pentsioetan eragin ohi duen kaltea estaltzeko osagarri bat sortu zuten 2015eko erreforma, 2016ko urtarrilaren 1etik aurrera pentsioa jasotzeko eskubidea jaso zutenentzat. EBk behartuta, gaur egun gizonek ere har dezakete, baina bi gurasoetako bakar batek du eskubidea. Azaroan, 60.000 pentsiodunek jaso zuten, eta hamarretik bederatzi emakumeak dira. 2024an hilean 33,2 euroren gainsaria izan da seme-alaba bakoitzeko. Bitik batek bi seme-alaba izateagatik jaso du..
79.300Gutxieneko pentsioak. Hegoaldeko hamar pentsiodunetik batek (79.300) gutxieneko kopurua eskuratzen du. Azken urteetan haien zenbatekoa inflazioa baino gehiago hazi da. Jasotzaileen %70 emakumeak dira, haiek izan dituztelako, batez beste, soldatarik kaskarrenak eta lanaldirik laburrenak. 2025ean zenbat igoko diren ez du azaldu oraindik Espainiako Gobernuak, baina pentsatzekoa da %2,8tik gora igoko direla.
3.267Gehienezko pentsioa, eurotan. Pentsio gehienak baino pixka bat gehiago handituko dira gehienezko pentsioak (%2,93), 3.267 euroraino, hamalau ordainketatan banatuta. Hori gertatuko da hurrengo urteetan ere, pentsio horiek ordaintzen dituzten gizarte kotizazioak ere handituko direlako.
2011. urtera arte, ohikoena zen inflazio aurreikuspenaren arabera igotzea pentsioak eta gero, benetako inflazioa handiagoa izanez gero, tartea konpentsatzea. Mariano Rajoyren gobernuak sistema aldatu zuen, eta Gizarte Segurantzaren kontuen egoerari lotutako sistema bat ezarri zuen. Haren ondorioa izan zen bost urtez %0,25 baizik ez zirela igo, sistemak defizita zuelako.
Defizitak jarraitzen du, baina pentsiodunen protestak eta gehiengo parlamentarioaren aldaketak 2021eko erreforma ekarri zuen. Haren bidez, azken urteetan pentsioak Espainiako batez besteko inflazioaren arabera eguneratu dira; zehatzago esateko, aurreko urteko abenduko eta ondoko urteko lehen hamaika hilabeteetako batezbestekoaren arabera.
Inflazioaren sukarra
Sistema berriak protesta biziak piztu zituen hasieran, eragina izan zuen lehen urtean —2022an—, askoz handiagoa izan zelako azaroko inflazioa (%5,7) batezbestekoa baino (%2,5). Erosteko ahalmenaren galeraz garratz kexatu ziren pentsiodunen mugimenduak, baina azken hiru urteetan doi-doi kontrakoa gertatu da: batez besteko inflazioa urte amaierakoa baino handiagoa izan da, 2022ko udazkenean goia jo ondoren, sukar inflazionista jaitsi egin delako urratsez urrats. Aldea nahiko handia izan zen 2023ko eguneratzean (%8,5 igo zen, eta ez %6,8), eta txikiagoa iazkoan (%3,8 igo zen, eta ez %3,2). Aurten aldea lau hamarrenekoa izan da, behin-behineko datuen arabera.
Edonola ere, kontuan hartu behar da luzera begira ez dela alderik bataren eta bestearen artean, urte batzuetako galera beste urte batzuetako irabaziak konpentsatzen duelako. Horrela, 2003-2024 garaiko azaroko inflazioaren baturak 48,3 ematen du, eta 49,8, berriz, batez besteko inflazioaren baturak.
PENTSIOETAN GASTUA %6,2 HANDITU DA AZKEN URTEAN
2024ko urtarrilean %3,8 igo ziren pentsio gehienak, baina hortik gora handitu da pentsioetan egindako gastua. Azaroan, esaterako, 1.117 milioi euro izan ziren, urtebete lehenago baino %6,2 gehiago. Hiru arrazoi daude horretarako. Batetik, gutxieneko pentsioak gehiago igo ziren, %6,9 eta ez %3,8. Bigarrenik, pentsiodunak ugaritzen ari dira, nagusiki erretiroa hartzen dutenak gehiago direlako hiltzen direnak baino. Hirugarrenik, erretirora iristen diren horiek, oro har, gehiago kotizatu dute aurreko belaunalditakoek baino, eta, ondorioz, pentsio handiagoak dagozkie. Horrek ekarri du batez besteko benetako pentsioa %5 handitu izana 2024an.
.
da