Batez besteko pentsioa 1.531 eurora iritsi da Hegoaldean

Pentsioetan egiten den gastua ia %5 handitu da azken urtean. Uztailean 1.108 milioi euro jarri dira horiek ordaintzeko.

Erretiratuak Barakaldoko plaza batean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Erretiratuak Barakaldoko plaza batean, artxiboko irudi batean. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko abuztuaren 27a
12:15
Entzun

Pentsioetan egiten den gastuak inflazioaren gainetik hazten jarraitzen du. Espainiako Gizarte Segurantzak gaur kaleratu dituen datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.108 milioi erabili ditu abuztuan pentsioak ordaintzeko, iazko abuztuan baino ia %5 gehiago. Gastuaren handitzearen arrazoietako bat da 2024. urte hasieran pentsioak eguneratu egin zirela —%3,8 orokorrean, baina hortik gora txikienak—, baina beste arrazoi bat da pentsiodun berriek sari handiagoetarako eskubidea dutela, beren lan bizitzan gehiago kotizatu dutelako.

Horrela, Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.531 eurorena izan zen abuztuan, urtebete lehenago baino 92 euro handiagoa (+%6,4), eta inoizko handiena.

Gizarte Segurantzaren arabera, 655.155 pentsiodun izan dira abuztuan, eta haien artean 723.446 pentsio banatzen dituzte. Pentsio gehiago daude pentsiodun baino haietako batzuk eskubidea dutelako bi pentsio jasotzeko (propioa eta alargun izatearen ondorioz jasotakoa).

Erretiratuek dituzte pentsiorik handienak, alde handiz gainera. Lau lurraldeetako batez besteko erretiro pentsioa 1.736 eurorena da, baina badira aldeak haien artean: Bizkaiko (1.798 euro) eta Arabako (1.780) erretiratuek gehiago patrikaratzen dituzte Gipuzkoakoek (1.711) eta Nafarroakoek baino (1.622).

Pentsiodun berriak, erretiratuak

Biztanleen zahartzearen ondorioz, erretiratuena da azken hamar urteetan gehien handitu den pentsioa: 2014ko udan baino 75.000 pentsio gehiago banatu ditu aurten Gizarte Segurantzak. Batez besteko pentsioa nabarmen hazi da (+%43), 1.214 eurorena baitzen duela hamar urte, orain baino 521 euro txikiagoa. Tarte horretan %10 handitu da pentsiodunen kopurua.

Are gehiago handitu da alargun pentsioaren batez besteko zenbatekoa: %47), 1.071 euroraino. Alargun pentsioen kopurua nahiko egonkorra da (-%0,4, 2014az geroztik), eta horrek esan nahi du biztanleria zahartzen ari den arren, gero eta emakume gehiagok dutela eskubidea beren pentsio propioa eskuratzeko, eta ez daudela hildako senarraren pentsioaren menpe —etxean lan egiten zutenentzat sortutako pentsio bat da berez—.

Elbarritasun pentsioak ere apaldu dira azken hamar urteetan (%6,2). Batez beste, 1.460 euro jasotzen dituzte egoera horretan daudenek.

Zifrak

80.000

Gutxieneko osagarriak. Hamarretik pentsio bat baino gehiago (80.000 inguru) ez da iristen legezko gutxieneko mailara Hego Euskal Herrian. Pentsio horiei osagarria ematen die Gizarte Segurantzak kopuru minimora hel daitezen.

65.000

Genero arrakalaren osagarria. 2016az geroztik, guraso izan direnek pentsio osagarri bat jaso dezakete, edukitako seme-alaben arabera. Hasiera batean emakumeentzat soilik zen, haiek direlako hein handi batean etxetik kanpoko lana eteten dutenak seme-alabak zaintzeko. 2019an, ordea, Europako Auzitegiak ebatzi zuen gizonek ez jaso ahal izatea baztertzailea zela, eta orduz geroztik aitak edo amak jaso dezake osagarria, baina ez biek —gurasoetako batek sexu bereko bikoteak badira—. Abuztuan halako 65.000 banatu ditu Gizarte Segurantzak, eta hamarretik ia bederatzi emakumeentzat izan dira. Haur bakoitzeko 30,40 euro dira aurten.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.