Bateria fabrikaren lehen harria jarri dute Noainen

Garraioaren Hiriko 100.000 metro koadro hartuko ditu bateria fabrikak. Txibitek nabarmendu du «ezinbesteko» urratsa dela ibilgailu elektrikoranzko trantsizioa azkartzeko.

Mobiseko arduradunak, Ra Shin eta Inbo Jung, bateria fabrikaren lehen harria jartzen. MIGUEL OSES
Mobiseko arduradunak, Ra Shin eta Inbo Jung, bateria fabrikaren lehen harria jartzen. MIGUEL OSES
joxerra senar
2024ko apirilaren 23a
16:20
Entzun

Bateriak muntatzeko fabrikaren lehen harria jarri dute Noaingo Garraioaren Hirian, Elortzibarren (Nafarroa). Hyundai Motor taldeko Mobis enpresak 214 milioi euro inbertituko ditu, eta 350 lanpostu zuzen sortzea espero du. Garraioaren Hiriko 100.000 metro koadro hartuko ditu fabrikak, eta eremuaren erdia.

Ekitaldi ofiziala hasi aurretik, Noainen izan dira Ra Shin Mobis taldeko presidenteordea eta Inbo Yung Mobis Spain konpainiako presidentea. Javier Muñoz Nafarroako Volkswageneko kalitate zuzendaria bertan izan da, Nafarroako Gobernuko agintariekin batera: hala nola Maria Txibite lehendakaria eta Mikel Irujo Industria kontseilaria.

Ekitaldia hasi aurretik, Nafarroako Gobernuko arduradunen inbertsioari buruzko lehen eskuko informazioa jaso dute. Ondoren, Txibitek gogora ekarri du foru intereseko inbertsiotzat jo zuela gobernuak, obraren tramite administratiboak azkartzeko asmoz. «Ibilgailu elektrikoranzko trantsizioa azkartu ahal izateko ezinbesteko urratsa da», nabarmendu du.

Irujok gaineratu duenez, Mobisen lantoki horri esker, ibilgailu elektrikoaren hornidura kateko elementu guztiak bere lurraldean izango ditu Nafarroak.

Lantokiaren xehetasunak

Ibilgailu elektrikoak egiteko industria prozesuaren barruan, urrats garrantzitsua da baterien muntaketa. Osagai elektrikoak eta kudeaketa sistemak bateratzen ditu, bateriak modu seguru eta eraginkorrean funtziona dezan. Urtean 360.000 bateria sistema ekoitziko dituela iragarri du Mobis enpresak.

Volkswagenek Landabenen ekoitziko dituen ibilgailu elektrikoentzako tentsio handiko bateriak muntatuko dituzte bertan. VWen fabrikatik hamalau kilometrora egongo da.

Gaur egun, Mobisek Txinan, Hego Korean eta Txekiako Errepublikan egiten ditu bateria sistemak. Noainen ez ezik, Ameriketako Estatu Batuetan eta Indonesian ere eraikiko ditu lantokiak.

214

Inbertsioa. Auto elektrikoak egiteko VWen 1.014 milioi euroko inbertsioaren ondoren, Nafarroan egingo diren inbertsio handienen artean bigarrena da. 214 milioi euro horietatik 12,7 milioi ekonomia suspertzeko eta eraldatzeko proiektu estrategikoaren bigarren deialditik lortuko ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.