Motor elektrikoa martxan jarri ezinik dabil Europako Batasuna. Northvoltek, auto elektrikoentzako bateriak ekoizten dituen Europako enpresarik handienak, asteon iragarri du Suedian dituen langileen laurdenak kaleratzeko asmoa duela, guztira dituen bostetik bat. Denera, 1.600 lagun. Helburua gastuak murriztu eta inbertsio gehiago lortzea da, enpresari eusteko lanak baititu iaz mila milioi euro baino gehiagoren galerak izan ostean.
Kaleratze gehienak, mila inguru, Suedia iparraldeko Skelleftea herrian duen fabrika erraldoian egin nahi ditu enpresak —zirkulu polar artikotik 200 kilometrora—, beste 400 Vasteras hiriko lantegian eta 200 Stockholm hiriburuan. Sindikatuekin negoziatzea falta zaio oraindik.
18.000Inbertsioa, milioi eurotan. 2017. urtean sortu zutenetik, Northvolten 18.000 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte hainbat enpresak: Volkswagenek, BMWk, Goldman Sachsek, Siemensek... Aurrera egiteko, ordea, diru gehiagoren beharra du bateria ekoizleak.
Northvolten egoerak agerian utzi du autogintzaren sektoreak Europan duen egoera kezkagarria. Elektrifikaziorako lasterketan zenbait pauso aurretik du Txina. Northvolt diru gehien jaso duen Europako start-upa da, baina gehiago beharko du porrot egin nahi ez badu.
Duela zortzi urte Teslako bi langile ohik sortu zutenetik, 18.000 milioi euro inguru jarri dituzte Suediako enpresaren inbertitzaileek —Volkswagen eta BMW autogileek, Goldman Sachs inbertsio bankuak, Siemensek...—, eta laguntza publikoen bidez ere milioika euro bildu ditu, nagusiki Alemanian. Azken bultzada handia urtarrilean jaso zuen, 5.000 milioi eurokoa. Baina auto elektrikoen salmentak ez du abiadurarik hartu oraindik, auto elektriko gehienak oraindik oso garestiak direlako eta kargaleku nahikorik ez dagoelako.
Gaur egun, Txinako CATL eta BYD eta Hego Koreako LG eta Samsung enpresek egiten dituzte gisa horretako ibilgailuentzako bateria gehien. Bitartean, Europak desabantaila ugariri egin behar die aurre, Txinarekin lehiatu ahal izateko: esaterako, Asiako herrialdean energiaren kostua txikiagoa da, eta litio hornidura, berriz, handiagoa. Horrez gainera, ibilgailu bat egiteko balio erantsiaren kate osoa menperatzen du Txinak, Europak ez bezala.
Kalitate txarra
Inbertitzaileak limurtzeko, Northvoltek jakinarazi du Skellefteako fabrikaren ekoizpena hirukoiztu egin dela urtea hasi zenetik. Zenbait bezerok, ordea, salatu dute berandu heldu zaizkiela eskariak, eta, gainera, kalitate txarrekoak direla han ekoitzitako bateriak.
BMWrena da kasurik esanguratsuena: Northvolten jabeetako bat den autogile alemaniarrak bertan behera utzi zuen 2.000 milioi euroko eskaera bat ekainean, eta Samsungi erosiko dizkio bateriak.
Volkswagen taldeko kamioigile batek ere, Scaniak, murriztu egin behar izan du kamioi elektrikoen produkzioa, arazo beragatik. Scaniako buruak, Leif Ostlingek, elkarrizketa batean adierazi zuen Northvolt «arrisku handiko proiektu bat» dela, eta hark egindako motorrek, oraingoz, ez dutela Asian egindakoek besteko mailarik. «Gauzak hobetzen ari dira pixkanaka, baina BMWk atzera nola egin duen ikusi besterik ez dago egoera zein den jakiteko», gehitu zuen.
«Urte ugari daramatzat enpresa hau eraikitzeko lanean, eta gaurkoa bezalako egunak, noski, oso mingarriak dira. Kostuak murriztea, ordea, ezinbestekoa da inbertitzaileak erakartzeko»
PETER CARLSSONNorthvolteko zuzendari exekutiboa
Horiek horrela, Peter Carlsson Northvolteko zuzendari exekutiboak esan du galerak mugatu beharrean direla; besteak beste, beharginak kaleratuz: «Urte ugari daramatzat enpresa hau eraikitzeko lanean, eta gaurkoa bezalako egunak, noski, oso mingarriak dira. Kostuak murriztea, ordea, ezinbestekoa da inbertitzaileak erakartzeko».
Ez da iragarri duten neurri bakarra, bertan behera utzi baitituzte Skellefteako lantegia handitzeko asmoak, baita hiru fabrika berri zabaltzekoak ere —bana Suedian, Kanadan eta Alemanian—. Azken horretarako, 900 milioi euro bideratuak zituen jada Schleswig-Holstein landerreko gobernuak.
Suediako Gobernuak, berriz, azken urteetan ezarri duen politikari industrialari jarraituz, argi utzi du ez duela konpainia erreskatatzeko asmorik.
Konspirazioa
Zeresana eman du ustez Europako autogintzaren salbazioa izan behar zuen enpresak horrenbeste arazo izateak, eta errudun baten bila dabiltzanek Txinan topatu dituzte erantzunak. Suediako Affarsvarlden ekonomia aldizkariak argitaratu duenez, Northvoltek ekoizpen arazo handiak ditu Skelleftean, eta fabrikaren zati bat erabat itxita dago. Horri aurre egiteko, Txinatik materiala inportatzen ari da enpresa.
Northvolt materiala inportatzen ari da Txinatik, baita makinak eta langileak ere
Kontua da lantegiak Txinarekin duen dependentzia haratago doala. Northvolten kolaboratzaile handienetako bat da Wuxi Lead Txinako enpresa publikoa; makineria eta langileak bidaltzen dizkio hark. Bai, langileak ere bai: 2020. urtetik, gutxienez Txinako 574 lagun jardun dira lanean Skelleftean. Baterien piezak muntatzen diren ataleko makina gehienak handik bidalitakoak dira.
Affarsvarlden aldizkariak bildutako testigantzetan azaldu dutenez, ordea, makina horiek oso eskasak dira, Txinako kalitate estandarren arabera eginda daude eta, gainera, menu guztiak txineraz idatziak dituzte. Txinako langileak ekoizpenerako ezinbestekoak bilakatu ditu horrek.
Hori dela eta, sektoreko hedabideetan bada Txinak Northvolt sabotatu duela dioenik, baita Pekinen helburua enpresak porrot egitea dela eta hura erosi nahi duela dioenik ere. Northvolt, ordea, ez da Wuxi Leadekin elkarlanean jardun den bakarra, VWek eta Teslak ere egin izan baitituzte tratuak harekin. Pilak jartzeko beharra du Europak.