Batasun irudia emango du gaur Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak

Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOOk eta UGTk hainbat itun onartuko dituzte, ELA eta LAB Maria Txibiterekin elkartuko diren egun berean

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren azken bileraren osteko agerraldia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2020ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Greba orokorreko manifestazio handien ondoren, batasun irudia eskainiko dute gaur Elkarrizketa Sozialerako Mahaiko kideek, Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek eta CCOO eta UGT sindikatuek.Gehiengo sindikalak deitutako lanuzte egunaren aldarrikapenez harago, gobernuak erakutsi nahi du gaitasuna duela akordioak lortzeko enplegu eta genero berdintasunaren esparruetan, besteak beste; itun horiek patronalarekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin egin ditu, eta gaur bertan onartuko dituzte aldeek Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, iazko otsailaz geroztik dekretuz egitura juridikoa duen bilkuran.

ELA eta LABeko idazkari nagusiak, Mitxel Lakuntza eta Garbiñe Aranburu, Nafarroako presidente Maria Txibiterekin elkartuko diren egun berean plazaratuko du mahaiak azken urtean egindako lana. Greba orokorraren aurretik onartu zuen Txibitek gehiengo sindikalak eskatutako bilera, eta, ostean, lanuzte ondorenerako atzeratu zuen. Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak ukatu egin zien sindikatuei batzar hori, eta agendak egun berean elkartu ditu orain ekitaldi biak: ELA eta LABen bilera Txibiterekin eta Elkarrizketa Sozialerako Mahaia.

Bilera, «zuritzeko»

Sindikatu abertzaleen ustez, mahaiaren deialdia egun berean ezarri izanak «oso argi erakusten du deitzaileek Urkullu lehendakariaren jarrera harroputza ezkutatzea besterik ez dutela nahi». Deialdi hori greba orokorraren bezperan egin izana «probokazio hutsa» da, ELA eta LABen arabera, «eta bat egiten du Jaurlaritzak duen langileak eta haien ordezkaritza mespretxuz tratatzeko ildoarekin». Finean, «bileraren helburu bakarra langileen aldarrikapenei entzungor egiten dieten eragile guztiek beren buruak zuritzea izango da», sindikatuek ohar batean azaldu zutenez, atzo.

Gainera, gogoratu zuten «%10eko ordezkaritza duen sindikatuarekin akordioa egitea nahikoa» dela langileen «ordezkaritza osoaren zilegitasuna» izateko, mahaiari buruzko dekretuak finkatu zuenez; «hau da, patronalak beto eskubidea duen bitartean langileon ordezkaritza manipulagarria da, akordio irudia emateko».

Ia urtebete daramate jardunean patronaleko, sindikatuetako eta Jaurlaritzako kideek osatutako lantaldeek, ados jartzeko hainbat esparrutan. Enplegua, lan osasuna, enpresen lehiakortasuna, genero berdintasuna eta Lanbide Heziketa dira landu dituzten alorrak. Haien inguruko akordioak onartzearekin batera, 2020an gauzatu beharreko plana zehaztuko dute bileran.

2018ko apirilean desegin egin zen gobernuak, patronalak eta bi sindikatuk osatzen duten foroa. Jaurlaritzak eta Confebaskek itun bat sinatu zuten, haien arteko lankidetza sakontzeko bete beharreko lanpostuen azterketan, eta CCOOk eta UGTk mahaia uztea erabaki zuten, beste bi kideek baztertu egin zituztelakoan. Ez zuen asko iraun egoera horrek, Jaurlaritzak Elkarrizketa Sozialerako Mahaiari buruzko dekretua onartu nahi zuelako; CCOO eta UGTren babesik gabe ez zuen izango zentzurik mahaiari egitura juridikoa emateak. Hala, Jaurlaritzaren eta Confebasken arteko ituna ez aktibatzea eskaini zien Urkulluren gobernuak sindikatuei, eta irailean CCOOk mahaira itzultzea onartu zuen. UGTk aurretik emana zuen baietza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.