Bat egitearekin kooperatiba eredua indartu nahi du Ipar Kutxak

Eredu ezberdinetako kreditu kooperatibak izan arren, batak bestearen berezitasunak hartuko dituela nabarmendu du Osesek2010ean baino %18,2 gutxiago irabazi du, erreserbetara %36 gehiago bideratu duelako

Carlos Oses Ipar Kutxako zuzendari nagusia, atzo, erakundearen batzar nagusian. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Euskadiko Kutxak ez du Ipar Kutxa bereganatuko. Bi ereduen arteko bateratzea eta integrazioa izango da, Carlos Oses Ipar Kutxako zuzendariak zehaztu duenez. «Hemendik urte batera edo bitara ez da haietaz edo gutaz hitz egingo, kooperatiba eredu bateratu baten inguruan baizik». Biak ere kreditu kooperatibak dira, baina eredu ezberdinetakoak: Euskadiko Kutxan langileak erakundeko bazkide dira; Ipar Kutxan, berriz, bezeroak. «Gu ez gaude euren eredura ohituak, ezta eurak gurera ere. Beraz, elkar egokitu beharko dugu aurrerantzean». Laster hasi beharko dute ohitzen, uda aurretik bat egin ahal izateko baimen guztiak lortuta izan nahi baitituzte bi erakundeek, eta azken hiruhilekorako kreditu kooperatiba bateratu gisa lan egin nahi baitute. Hala adierazi zuen atzo Osesek, erakundearen urteko batzarrean.

Aste honetan jakinarazi dute bi erakundeek bat egiteko elkarrizketa formalak hasi dituztela, eta orain arteko harremanetan «gure balioek bat egin dute», Osesen arabera. Pertsonen balioan, lanarenean, kudeaketaren demokratizazioan eta konpromiso sozialean bat datoz, esaterako. «Balio horiek gure DNAn daramatzagu». Bi erakundeak kooperatibak izaki, horretan laguntzen dutela uste du Ipar Kutxako zuzendariak.

Bat egitearen ondorioz, Arabako eta Bizkaiko herri askotan —Ipar Kutxak herrialde horietan du presentzia nabarmena— bulegoen bikoizketa gertatuko litzateke. «Baina guk diogun moduan, lokalak egongo dira sobera, ez pertsonak». Orain arte ezagutu dugun banku bulegoen eredua zaharkituta geratu dela uste du Osesek. «Bazter guztietan bizpahiru langile dituzten bulegoen eredua amaitu da». Hemendik aurrera, langile gehiago dituzten bulego handiagoak jarriko dituzte. Era horretan, kalera irteteko aukera izango lukete langileek. Beraz, hasiera batean ez dute inongo kaleratzerik aurreikusten sortuko litzatekeen erakunde berrian. Edonola ere, hemendik urtebetera, «dinamizazio prozesuak edo erretiro aurreratuak egon daitezke, borondatezkoak eta adostutakoak beti».

Irabazietan, %18,2ko jaitsiera

2011n Ipar Kutxak izan dituen emaitzen inguruan, Oses gustura agertu da: «Egin behar genuena egin dugu; are gehiago, finantza erakundeek oro har izan dituzten emaitzekin alderatuz gero». Iaz 10,93 milioi euroren irabaziak izan zituen erakundeak; 2010eko datuekin alderatuz gero, %18,2ko jaitsiera izan du kreditu kooperatibak. Baina irabazi gutxiago lortzearen arrazoia, erreserbetara bideratu duen dirutza izan da: 2010ean 18,9 milioi euro izan ziren eta 25,8 milioi 2011n, %36 gehiago, beraz. Horrela, arriskutsuak izan daitezkeen aktiboen %88 kapitalez estali ditu dagoeneko.

Sektore pribatuaren bitartekaritzaz lortutako baliabideetan, %3ko hazkundea erdietsi zuen. Kreditu inbertsioetan %0,1 igo zen, eta finantza erakundeak 4.884 milioi euroko jarduera bolumena ere lortu zuen. Osesek berak eman zituen datuak, erakundearen batzar nagusian.

Urte zail bati «ahal bezain ongien» aurre egin eta gero, gainera, bezero gehiago bildu ditu Ipar Kutxak. 8.039 bezero berri ditu kreditu kooperatibak, eta dagoeneko 174.456 pertsonari ematen die zerbitzua.

Euskadiko Kutxarekin bat egiteari esker, 2012an datu horiek guztiak hobetzeko modua izango dutela uste du Osesek. Izan ere, fusioaren ondotik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bigarren finantza erakundea sortuko dute;1.400.000 laguni emango lieke zerbitzua; horietatik, 860.000 hego euskal herritarrak. «Finantza sisteman gertatzen ari den bankarizazio prozesuari aurre egiteko alternatiba izango gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.