Bere garaian, ezerezean geratu zen proiektu handinahi bat izan zen Miñaoko Arabako Parke Teknologikoaren Albert Einstein kaleko 35 zenbakiko eraikina; orain, berriz, espektatiba onak dituen proiektu handinahi baten egoitza bihurtu da. Izan ere, Epsilon 1 Formulako taldearen egoitza izan nahi zuenaren zati bat Basquevolt bateria egilearen zentro teknologikoa da gaur egun.
Orain arte bateria txikiekin egindako saio arrakastatsuen ondoren, urtearen amaierako prest izan nahi dute lehen prototipoa, eta 2027rako hasi nahi dute ekoizpen komertzialarekin. Epeak betetzen badira, Basquevolten bateria duten autoak 2028an ibiliko direla azaldu du Francisco Carranza Basquevolteko kontseilari ordezkariak.
Basquevolt Innovation Center izenekoa gaur inauguratu dute, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako jarduneko ahaldun nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate berria han zirela.
Urkulluk nabarmendu du proiektua «aintzindaria eta berritzailea» dela, eta bete egiten dituela etorkizuneko industriaren baldintza guztiak. Hori dela eta, eskatu du Europako Batasunaren Next Generation funtsak jasotzeko, diru hori «gizartean eragina duten ekintza eraldatzaileak» finantzatzeko baliatu behar delako. Europako funtsen eskaera ez da alferrikakoa, Basquevolt bateria elektrikoen ESEPE proiektutik kanpo uztekotan baitago Espainiako Gobernua.
Diru publikoa
Laguntza horrekin ala gabe, Basquevolt aurrera doa. CIC Energigunetik abiatutako proiektua da —alboan dago haren egoitza—, eta Eusko Jaurlaritzak ditu akzioen laurdenak; harekin batera dira bazkide Iberdrola, Enagas, Cie Automotive eta EIT Innoenergy. Urtearen hondarrean akziodun gehiago iragartzeko moduan egongo direla aurreratu du Carranza zuzendariak.
Hori iritsi bitartean, beren bateriak merkatuan egoteko egutegia betetzen ari dira. Martxorako prest zuten beren lehen prototipoa, ampere-ordu bateko bateria. Egin dituzten probak ongi joan direnez, orain hogei ampereko bateriekin hasi nahi dute. Banku txartel baten neurriko bateriak dira horiek, eta, bezero posible batzuen interesa piztu dute.
Edonola ere, Basquevolten benetako helburua da 80 ampere-orduko bateria zeldak sortzea, horiek baitira autogintzan erabiltzen direnak. Ordenagailu eramangarri bateko neurria dute bateria horiek, eta 2025erako horien prototipoak seriean ekoizteko helburua dute, Miñaon bertan. Bateria horiek beren bezeroen eskaeretara egokituko dira, haiek beren proba propioak egin ditzaten, bilatzen dituzten ezaugarriak zehazteko.
Bateriek tenperaturaren arabera duten errendimendua da neurtu beharreko parametro nagusia. Orain arteko ikerketek erakutsi dute eguraldi hotzarekin gutxiago irauten dutela, baina bateria bera gehiegi berotzeak ere arazoak dakartza errendimenduan.
Ekoizpena, 2027rako
Baterien ekoizpen industriala 2027rako hasi nahi dute, oraindik zehaztu ez duten leku batean, baina lantegia Araban egotea da asmoa, Carranzak azaldu duenez. Hurrengo urtean, 2028an, zirkulatuko lukete Basquevolten bateriak dituzten autoak.
Gaur egun 40 langile ditu Basquevolten zentro teknologikoak, Euskal Herrikoak ez ezik, baita beste dozena bateko herrialdeetakoak, baterien munduan prestakuntza duten langileak aurkitzea ez baita erraza. Urte bukaerarako 60 langile izan nahi dituzte, eta 2024 amaierarako, 150 eta 200 artean.