Basquevoltek espero du 2028rako bere bateriak auto elektrikoetan egongo direla

Bateria egileak bere zentro teknologikoa inauguratu du, Arabako Parke Teknologikoan. Urkulluk esan du proiektuak merezi duela EBren funtsa jasotzea

Basquevolt Innovation Centerren inaugurazioa, atzo, Miñaoko parke teknologikoan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Aranburu.
Miñao
2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Ezerezean geratu zen proiektu handinahi bat zen, baina espektatiba onak dituen proiektu handinahi baten egoitza bilakatu da Arabako Parke Teknologikoaren Albert Einstein kaleko 35 zenbakiko eraikina, Miñaon. Epsilon 1 Formulako taldearen egoitza izan nahi zuenaren zati bat Basquevolt bateria egilearen zentro teknologikoa da gaur egun. Orain arte bateria txikiekin eginiko saio arrakastatsuen ondoren, urtearen amaierako prest izan nahi dute lehen prototipoa, eta 2027rako hasi nahi dute ekoizpen komertzialarekin. Francisco Carranza Basquevolteko kontseilari ordezkariak azaldu du 2028an ibiliko direla Basquevolten bateria duten autoak, baldin eta epeak betetzen badira.

Atzo inauguratu zuten Basquevolt InnovationCenter, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako jarduneko ahaldun nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkate berria han zirela.

Urkulluk proiektua «aitzindaria eta berritzailea» dela nabarmendu zuen, eta bete egiten dituela etorkizuneko industriaren baldintza guztiak. Hori dela eta, eskatu zuen Europako Batasunaren Next Generation funtsak jasotzeko, diru hori «gizartean eragina duten ekintza eraldatzaileak» finantzatzeko baliatu behar delako. Europako funtsen eskaera ez da alferrikakoa, Basquevolt bateria elektrikoen ESEPE proiektutik kanpo uztekotan baitago Espainiako Gobernua.

Laguntza horrekin ala gabe, Basquevolt aurrera doa. CIC Energigunetik abiatutako proiektua da —alboan dago haren egoitza— eta Eusko Jaurlaritzak ditu akzioen laurdenak; harekin batera dira bazkide Iberdrola, Enagas,Cie Automotive eta EIT InnoEnergy. Urtearen hondarrean akziodun gehiago iragartzeko moduan egongo direla aurreratu du Carranzak.

Hori iritsi bitartean, beren bateriak merkatuan egoteko egutegia betetzen ari dira. Martxorako prest zuten beren lehen prototipoa, ampere-ordu bateko bateria. Egin dituzten probak ongi joan direnez, orain hasi nahi dute hogei ampereko bateriekin. Banku txartel baten neurriko bateriak dira horiek, eta bezero posiblebatzuen interesa piztu dute.

Edonola ere, Basquevolten benetako helburua da 80 ampere-orduko bateria zeldak eraikitzea, horiek erabiltzen baitira autogintzan. Ordenagailu eramangarri baten neurria dute bateria horiek, eta 2025erako horien prototipoak seriean ekoizteko helburua dute, Miñaon bertan. Bateria horiek bezeroen eskaeretara egokituko dira, haiek beren proba propioak egin ditzaten, behar dituzten ezaugarriak zehazteko. Bateriek tenperaturaren arabera duten errendimendua da neurtu beharreko parametro nagusia. Orain arteko ikerketek erakutsi dute eguraldi hotzarekin gutxiago irauten dutela, baina bateria bera asko berotzeak ere arazoak dakartza errendimenduan.

Baterien ekoizpen industriala2027rako hasi nahi dute, oraindik zehaztu ez duten leku batean, baina lantegia Araban egotea da asmoa, Carranzak azaldu duenez. Hurrengo urtean, 2028an, zirkulatuko lukete Basquevolten bateriak dituzten autoek.

Gaur egun 40 langile ditu Basquevolten zentro teknologikoak, Euskal Herrikoak ez ezik, beste dozena bateko herrialdetakoak ere, baterien munduan prestakuntza duten langileak aurkitzea ez baita erraza. Urte bukaerarako 60 langile izan nahi dituzte, eta 2024 amaierarako, 150 eta 200 artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.