«Euskadiko industria Europako mapara hurbiltzea eta mapan kokatzea» du helburu Basque Open Industryk. Topaketetan, enpresek modua izango dute euskal industria eta azken berrikuntza eta joerak ikusgai jartzeko eta aurkezteko. Talentua atzemateko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoan geratzeko baliatu nahi dute foroa.
Industriaren energia eta ingurumen arloetako trantsizioaz, trantsizio teknologiko-digitalaz eta trantsizio demografiko-sozialazhitz egiten ari dira: «Euskadi berdeaz, Euskadi digitalaz eta Euskadi inklusiboaz», haien esanetan.
Industriari dagokionez, «Euskadi Europako eskualde aitzindarietako bat» dela esan du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak. Bestalde, Europako Batzordeko Barne Merkatuko eta Industriako Zuzendaritza Nagusiko buru Bonifacio Garcia Porrasek azpimarratu du «EAEk klima aldaketaren harira egindako ekarpen teknologikoa funtsezkoa» dela.
Enpresa Txiki eta Ertainen Europako Astearen barruan egiten ari dira ekitaldi hori, gaur eta bihar. 2.100 pertsonak eman dute izena diziplina anitzeko foro horretarako, eta 1.900 eragile publiko, pribatu eta enpresa bilduko dira BECen.