Basogintza sektorea eraikuntza sektorea baino 10-15 aldiz hilgarriagoa dela salatu dute

Sindikatuen iritziz, «sektorearen sakoneko prekaritateak» berekin dakar heriotza tasa handia. Neurriak hartzeko eskatu diete Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei.

Sindikatuen ekintza, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean. LAB SINDIKATUA
Sindikatuen ekintza, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren parean. LAB SINDIKATUA
Paulo Ostolaza.
2024ko azaroaren 27a
13:00
Entzun

«Bistan da aktibitateak badituela berezko arriskuak, baina basogintza eredu intentsiboak nabarmen areagotzen ditu arrisku horiek». LAB, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek basoen ustiaketa eredua aldatzeko eskatu dute gaur Donostian, azken urteetako heriotza tasak handiak izan direla iritzita: azken hiru urteetan bederatzi langile hil dira basoan, horietatik zortzi ustiaketa intentsiboan zebiltzala. «Duen langile kopurua ikusita, sektore hori eraikuntza bera baino 10-15 aldiz hilgarriagoa da», nabarmendu dute.

Izan ere, sindikatuen arabera, Euskal Herrian nekez dira mila lagun jardun horretan dabiltzanak. Heriotza tasa handia izatea «sakoneko» prekaritatearen ondorio dela adierazi dute, eta hori berresteko datu bat ere eman dute: 2018. urtera arte oso langile gutxi zeuden izena emanda basogintzan, baina ikuskaritza kanpaina baten ostean nabarmen handitu zen erregistratutakoen kopurua. «Horrek ez du esan nahi langile kopuruak gora egin zuenik, baizik eta lanean ziharduten asko izena eman gabe zeudela».

Sindikatuen iritziz, azken urteetan Euskal Herriko basoetan sustatu den ereduak porrot egin du ekonomikoki, baita bioaniztasunaren eta lan osasunaren ikuspegitik ere. Salatu dute lanaldi luzeak «modu masiboan» egiten direla, makineria zahar eta desegokia erabiltzen dela eta lan erritmoak oso handiak direla.

Eskaerak

Horregatik guztiagatik, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiei eta Batzar Nagusiei eskatu diete eredua aldatzeko eta mendi foruaren arauak moldatzeko, basogintza jasangarria izan dadin. Hori egin bitartean, zenbait neurri aplikatzea proposatu dute: lurraldearen okupazioa orekatzea, elikadura jardueraren beharrak kontuan hartuta; lur publikoan basogintza intentsiboa debekatzea; lur pribatuetan arriskuen arabera zonifikazio bat egitea; eta, eredu berria ezarri bitartean, langileen baldintzak ikuskatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.