Basoan aizkorak kamuts

Bidegurutze batean dago egurgintzaren sektorea, ezinean. Pinua izan da haren baliabide nagusia, baina xingola marroiaren gaitzak ezbaian jarri du orain arteko negozio eredua. Basoen jabeak ere kexu dira administrazioen traba eta debekuengatik.

Dimako (Bizkaia) eukalipto baso bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Dimako (Bizkaia) eukalipto baso bat. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 25a
05:00
Entzun

Baso «zahar» eta «abandonatuak». Edo soilgune handiak magaletan. Kontraste handiak ikus daitezke gertuko mendietan. Pinuaren gaixotasunak utzi dituen arrastoetako bat da hori, baina ez da arrazoi bakarra. Europako baso dentsitaterik handienetakoa du Euskal Herriak, eremu osoaren %50etik gorakoa. Gaur egun, 1970eko hamarkadan halako bi dira Hegoaldeko baso eremuak; hasieran, merkaturako landaketen goraldiak eragin zuen ugaritzea, eta orain, arrazoi horrek ez ezik, baita baso asko «utzi» izanak ere. Basoen jabe askorentzat jada ez da errentagarria eremu horiek zaintzea; zuhaitzak moztea, egurra saltzea eta berriz landatzea. Eta basoak «arazo» bihurtu dira.

Basogintza XX. mendearen bigarren erdiko industrializazioarekin batera indartu zen Hego Euskal Herrian. Nekazariak baserriko lanak uzten hasi ziren fabriketan-eta lan egiteko, larre eta baratzeak baso bihurtu zituzten, eta egurra diru sarrera gehigarri bihurtu; gainera, industria indartsu bat abiarazi zen —zerrategiak eta papergintza, bereziki—. Gaur egun, horien oinordekoak dira basoen jabe, baina izan adinagatik edo izan landa ingurunetik eta sektoretik gero eta aldenduago bizi direlako, basoak utziz joan dira.

«Gehienak jabe txikiak dira, eta oso atomizatuta daude. Haietako askok ez dakite basoak dituztenik ere, edo zuzenean paso egiten dute», azaldu du Juan Miguel Villarroelek, Nafarroako Foresna-Zurgaiko kudeatzaileak. Ez dago jakiterik zehazki zenbat jabe diren: 20.000 baino aise gehiago izan daitezkeela uste dute basogintza elkarteek.

Bizkaian eta Gipuzkoan, jabetza nagusiki pribatua da: baso eremuaren %80 inguru. Nafarroan eta Araban, aldiz, kontrakoa gertatzen da: publikoa da gehiena, tokiko erakundeena. Dena den, jabetza pribatukoen antzeko «arazoak eta aukerak» dituztela dio Aitor Onaindiak, Basoa fundazioko zuzendari teknikoak. «Herri txiki askorentzat diru iturri garrantzitsua izan da basoa, baina, orain gauzak nola dauden ikusita, esaten dizute haiek zentimorik ere ezin dutela atera, eta basoak buruko minak baino ez dizkiela ematen».

Abandonua eta gaitzak

«Abandonuaz» mintzo dira elkarteetako kideak, eta, arrazoiei buruz galdetuta, argi dute erantzuna: jabeek gero eta «traba eta betebehar» gehiago dituzte; adibidez, espezie batzuk landatzeko, mozketak garai jakin batzuetan egiteko, baso bideak eta pistak egiteko... «Gehien kontrolatzen diren jarduera ekonomikoetako bat da basogintza, eta hala izan behar du, baina sektorea hilzorian uzteko bidean dira».

Villarroelek salatu duenez, erakundeek eta «gizartearen parte handi batek» gaizki ikusten dute basoetatik etekin ekonomikoa ateratzea. «Baina zer du txarra horrek? Gainera, baso batean ez bada ezer egiten, izurriteak datoz, eta hemengo basoak oso zaharrak dira».

«Herri txiki askorentzat diru iturri garrantzitsua izan da basoa, baina gaur egun ezin dute zentimorik atera, eta buruko minak baino ez dizkie ematen».

AITOR ONAINDIABasoa fundazioa

Onaindiak gogoratu duenez, badaude «basoak uztearen alde» mintzatzen direnak; hori eginda «naturala, tokikoa» itzuliko dela esaten dute. Baina, Onaindiarentzat, hori ez da soluzioa. «Baliteke Euskal Herrian horrelako eremu batzuk egotea, baina basoen kudeaketan gabiltzanok beste ikuspuntu bat dugu. Hemen, basoak eta herriguneak oso gertu daude, eta basoak uzteak arrisku asko eragin ditzake. Klima aldaketarekin, suteak eta gaixotasunak izateko arriskua handitu egingo da. Esperientziak erakutsi digu basoak zaindu egin behar direla. Eta hori egiten duenak etekina nahiko du, ezta?».

Maria Jose Sanz BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko zuzendari zientifikoak neurri batean behintzat defendatzen du ikuspuntu hori; hark ere uste du basoak «garbitu» behar direla, baina azpimarratu du orain arteko eredua bestela planteatu behar dela, eta, bereziki, «Europa osoan zabaldu den monolaborantzarena».

Artikutzako basoa
Arbola zahar bat, Gipuzkoako baso batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Neurri txikiagoan bada ere, Euskal Herrian ere hori gertatu dela uste du, insignis eta radiata pinuekin, isurialde atlantikoan bereziki. Eta, haren iritzian, sektorearen egungo «krisiaren» eragileetako batek, hain justu, zerikusia du espezie horiei eragin dien gaitzarekin (xingola marroia). Sanzek azaldu duenez, klima aldaketak ekarri du izurritea hedatzea, eta, etorkizunean halakorik gerta ez dadin, basoak bestela kudeatu beharko dira.

Noren esku

BC3ko ikerlariaren arabera, sektoreak bi erronka uztartu beharko ditu: etekin ekonomikoa lortzea eta ingurumena zaintzea. «Kontuan hartuta hemengo lursailak txikiak direla, zaila da basoak modu antolatuan kudeatzea, jabeek askotariko egoerak, ikuskerak eta interesak dituzte eta. Dena den, nire ustez, zer negozio eredu aukeratzen den, horrek zehaztuko du basoa zenbateraino izango den errentagarria».

«Lursailak txikiak dira, eta lur jabe asko daude. Zer negozio eredu aukeratzen den, horrek zehaztuko du basoa zenbateraino izango den errentagarria».

MARIA JOSE SANZ BC3ko zuzendari zientifikoa

Haren iritzian, Euskal Herrian jabe txiki asko daudenez, formularik egokiena horiek biltzea litzateke: kooperatibetan, adibidez. «Beste aukera lurzoru edo baso horiek errentan ematea da. Baina horrekin Europa iparraldeko eta beste leku batzuetako estrakzio eredua esportatuko genuke. Horretan aritzen diren enpresek, oro har, kontu gutxiago izaten dute pistekin, makineria handiagoarekin sartzen dira mendietan...».

Sanzen ustez, berdin pentsatzen dute sektoreko eragileek, eta hala berretsi du Villarroelek ere. «Jabeekin lan egiten ari gara hori gerta ez dadin. Urteak daramatzagu horretan, baina ez da erraza haiek aurkitzea eta konbentzitzea». Zaraitzuko eta Erronkariko ibarretan halako elkarteak bultzatzen ari dira. Ez dira kooperatibak: kudeaketa bateratua dute, baina nork bere jabetzari eusten dio. Non moztu, non landatu eta non ezer ez egin erabakitzen laguntzen diete Foresna-Zurgaiko adituek. «Modu horretan, errazago antolatu daiteke mendia: pistak non egin, non ez, finantzaketa eta erosleak nola lortu... Gainera, egur ekoizle bat ez da mendira joango hiru hektarea moztera, baina bai bateratuta dauden 60-70 hektarea badira».

IRATI - OIHANGINTZA OBRAK
Egurgintza sektoreko behargin batzuk, Nafarroako baso batean lanean. BERRIA

Villarroelek ezinbestekotzat dauka biltzea; dena den, «egoera zertan den ikusita», ez du baztertzen 20-30 urte barru Euskal Herriko baso asko enpresa handien esku geratzea. «Batzuk egur produkziorako izango dira, baina gerta daiteke talde handi batzuek basoetan inbertitzea ere, karbono emisioen ordainketarako; bide berri bat zabaltzen ari da hor».

Gipuzkoan ere ari dira lanean, aldundiak bultzatutako Basotik fundazioaren bidez. Ostiral honetan aurkeztu dute egitasmoa. Haren helburua da jabetza pribatuko 40.000 hektarea biltzea eta kudeatzea. Trukean, jabeek diru sarrera finko bat jasoko dute hasiera-hasieratik, eta baso lurren jabetzari eutsiko diote. Bi milioi euroko aurrekontuarekin abiatu dute egitasmoa. Fundazioa, besteak beste, zura merkaturatzeaz arduratuko da, eta «negozio bide berriak» bilatuko ditu, hala nola karbono merkatu alternatiboena.

Baso errentagarriak

Baina zerk egiten du baso bat errentagarri? Hori da jarduerarekin jarraitu nahi dutenen galdera nagusia. Onaindiak adierazi duenez, basoak «multifuntzionalak» dira, baina, ikuspuntu ekonomikotik, nagusiki egurra ematen dute. «Merkatuari begira, hori da aukera bakarrenetakoa. Besteek balioa izango dute, baina ez preziorik. Nik, nire basoarekin, gizartearentzat onuragarri den zerbait eskain dezaket, baina ez badut konpentsaziorik jasotzen, zertarako egingo dut?».

Villarroelek beste gako bat aipatu du: etekin azkarra. Orain, basogintzan aritzen denak lehenago lortu nahi izaten du errentagarritasuna, «baina ez da erraza». Pinuei dagokienez, adibidez, landatzen direnetik merkaturatzen diren arte 35 urte igaro ohi dira gutxienez. «Lehen, basoa aurrezki kutxa moduko bat zen, epe ertain-luzeko inbertsio bat. Azkenean, baso bat mozten zuenak Iruñean etxebizitza bat erosteko adina diru lortzen zuen».

Hori kontuan hartuta hautatzen dute baso jabeek espezie bat edo bestea landatu. Nafarroan, adibidez, makala (txopoa) jarri ahal den eremuetan horren alde egiten ari dira, Erriberako ibai eremuetan nagusiki. Hamabost urteren buruan moztu daitezke, eta beste «elementu positibo asko» dituzte, Villarroelen arabera: lurrari eusten diote, lagungarriak dira uholde garaietan... Baina, bereziki, industriak oso ondo ordaintzen du. Garai jakin batzuetan, «dirutza izugarria» pagatu da makal egurragatik. Egun, 80 eta 100 euro artean dago metro kubikoa. Beste eremu batzuetan, laritza edo pinu zuria bultzatzen ari dira, eta Ameriketako edo norteko haritza.

«Lehen, basoa aurrezki kutxa moduko bat zen, epe ertain-luzeko inbertsio bat. Baso bat mozten zuenak Iruñean etxebizitza bat erosteko adina diru lortzen zuen». 

JUAN MIGUEL VILLARROEL Foresna-Zurgai

Baina eukaliptoa da, halere, denen ahotan dabilen espeziea. Isurialde atlantikoan, Gipuzkoan eta bereziki Bizkaian landatzen ari dira gero eta gehiago, pinuaren gaitzarekin zer gertatu den ikusi ondoren, haren ordezko gisa. Eukaliptoaren gehiegizko zabaltzea gelditzeko, Bizkaiko Foru Aldundiak, esaterako, moratoria bat ezarri du 2026ra arte, eta Gipuzkoakoak murriztu egin ditu eukalipto gazteak mozteko baimenak.

Onaindiak, halere, espeziea defendatu du. Gogoratu du eukaliptoak batez beste zazpi eta hamabi urte bitartean behar dituela heltzeko, eta merkaturatu ahal izateko. «Egoera zertan den ikusita, baso jabeen apustua logikoa da. Lan gutxi eginda eta denbora gutxian, merkatuak eskertzen duen produktu bat ekoizten dute. Europan oso leku gutxitan lortu ahal da; merkatuan, eskaria oso handia da, eta prezio onean saltzen da».

«Haritzaren antzekoa» da: oso egokia eraikuntzarako, altzarietarako, lurretarako... Eta erraz birrindu daitekeenez eta haren zuntzek ezaugarri bereziak dauzkatenez, kalitatezko paperak, paketeak eta oihalak egiteko erabiltzen da. Onaindiak azaldu duenez, euskal industriak ere eukalipto asko erabiltzen du, baina ez behar duen beste. Bertako basoetan ekoizten den egur guztiaren %1 baino ez da eukaliptoa, eta kanpotik ekarri behar izaten dute.

Eukaliptoaren «ospe txarra»

«Albisteak ez luke izan behar zenbat eukalipto landatzen ari diren, zenbat baso uzten ari diren baizik. Hori da gelan daukagun elefantea», ohartarazi du basogintza konfederazioko eledunak. Haren ustez, espezie horren alde txarrenak hartu dira, eta, horrekin, haren «aurkako diskurtso bat» sortu. «Ez da eztabaida seriorik egin. Eukaliptoaren ordez zer sartuko dugu? Hemengo merkatuan irtenbiderik ez duen beste espezie bat? Eukaliptoak dituen gauza onak ere aipatu behar dira».

Eukaliptoa suteekin lotu izan da maiz. Haren azaleko xaflak oso arinak eta arriskutsuak dira, haizeak sugarrekin batera eramaten baititu. Dena den, Onaindiaren iritzian, baditu «egokitze biologiko» oso interesgarriak ere. «Gaztea denean, kosta egiten zaio su hartzea, eta, heldua denean, arbolaren burua asko aldentzen da lurretik, sua azpitik pasatu dadin».

EUKALIPTOAK ELGOIBARREN
Eukalipto landaketa bat Elgoibarko (Gipuzkoa) mendi batean. GORKA RUBIO / FOKU

Sanzek ez du berdin pentsatzen, eta beste arrisku batzuk nabarmendu ditu. Gogoratu du arbola horiek denak batera mozten direla, eta, Euskal Herrian, pendiz handiko magaletan. «Hutsune handiak sortzen dira, eta hori oso arriskutsua da. Klima aldatzen ari da; etorkizunean euri gutxiago egingo du, baina gogorrago. Lurzoruen higatze horrek, gainera, ondorioak ditu beste azpiegitura batzuetan».

BC3ko ikerlariaren ustez, eukaliptoaren alde egitea «luze gabeko ikuspegiarekin pentsatzea da». Dioenez, «balio erantsia» ematen duten beste espezie batzuen alde egin beharko litzateke. «Egia da espezie horiek denbora gehiago eta inbertsio handiagoak behar dituztela. Horregatik uste dut administrazioek ere ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar dutela horiek bultzatzeko, pizgarri zuzen eta zeharkakoekin». Horrekin batera, haren iritzian, industriak ere irmoago egin beharko luke ekonomia zirkularraren alde, «produktu iraunkorragoak eta prezio eta kalitate handiagokoak ekoiztuz». Sektoreak negozio nitxo berriak bilatu beharko lituzke, eta administrazioek, berriz, trantsizio aldi horretan laguntzeko modua bilatu».

Egurra baino gehiago

Egurraz gain, zer alternatiba ekonomiko eskain dezakete basoek? Azken urteetan beste joera bat zabaltzen ari da: jabeek dirua jasotzea aniztasun handiagoko basoak izateagatik, zerbitzu ekosistemiko bat eskaintzen dutenez. «Zuzenean edo zeharka egin daiteke hori. Dena den, eredu gutxi daude, eta martxan jarri direnetako gutxik iraun dute», azaldu du Sanzek. «Baliteke ordainketa horiek egiteko baliabiderik ez egotea, eta bideragarriak izateari uztea. Edo industriak presioa egitea eta diru asko eskaintzea basoetako zurarengatik, eta ezin aurrera eramatea. Ez da erraza izango, baina iruditzen zait bide hori urratu beharrekoa dela».

 

Hego Euskal Herrian, oraingoz, beste bide bat lantzen ari dira: CO2 merkatu alternatiboena. Onaindiak zuzentzen duen Basoa elkartea da egitasmo horren bultzatzaile nagusietako bat, eta EHUko ikerlari batzuk aritu dira haren bideragarritasuna aztertzen. Egun existitzen diren derrigorrezko COmerkatuen osagarria izango litzateke, kutsatzeagatik ordaindu behar duten enpresentzat. Gaur egun, Europako Batasunean indar gutxi dute halako merkatu alternatiboek, baina derrigorrezkoetara enpresa eta sektore gehiago sartu ahala eta prezioak igo ahala etorkizuna izango dutela uste dute bultzatzaileek. Beste leku batzuetan ere garatzen ari dira halakoak: Akitanian, Galizian eta Herrialde Katalanetan, besteak beste.

 

Onaindiaren iritzian, diru sarrera osagarri bat izango litzateke baso jabeentzat, egur ekoizpenarekin bateragarria. Sanz eszeptikoagoa da. «Ez dut uste onura asko ekarriko duenik. Errazagoa izango litzateke administrazioek zuhaitzak landatzera bultzatzea karbonoa atxikitzeko, zeregin hori inork nola jokatuko duen ez dakien merkatu baten esku uztea baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.