«Sabotajeetan» milaka zuhaitz moztu dituztela salatu dute EHNEk, ENBAk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak

Lurraren Altxamenduak mugimenduak joan den astean jakinarazi zuenez, 11.000 zuhaitz moztu ditu Azpeitian eta Berangon, baso industriaren monolaborantza eredua salatzeko.

EHNE, ENBA eta Gipuzkoako Baso Elkarteko ordezkariak
EHNE, ENBA eta Gipuzkoako Baso Elkarteko ordezkariak, gaur, Donostian egin duten agerraldian. ENBA
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko apirilaren 18a
12:50
Entzun

«Haserre» eta «ulertu ezinik» daudela esan dute Gipuzkoako EHNE eta ENBA nekazarien sindikatuek, eta Gipuzkoako Baso Elkarteak, azken asteetan baso jabe batzuek jasan dituzten «sabotaje» ekintzen harira. Lurraren Altxamenduak mugimenduak joan den astean jakinarazi zuen 11.000 zuhaitz moztu dituela Azpeitian (Gipuzkoa) eta Berangon (Bizkaia), bederatzi hektareako eremu batean. Ekintza «krisi ekosozialarekin» lotu zuten, ohar bidez, Argia-k jaso zuenez. Basogintzaren eredu industriala salatu zuen mugimenduak, haren «monolaborantza ereduak» mendiko lurzoruei kalte «izugarria» eragiten diela iritzita.

EHNEk, ENBAk eta Gipuzkoako Baso Elkarteak gaur goizean Donostian egin duten agerraldian adierazi dutenez, ez dute Berangoko zuhaitz mozketen berri, baina baieztatu dute Azpeitian eta Zestoan (Gipuzkoa) «arrasean» moztu dituztela 7.000 zuhaitz inguru. Moztutako zuhaitzak cryptomeria espeziekoak dira —zedro japoniarra izenez ere ezagutzen da—, eta egurgintzan erabili ohi dira.

Sindikatuek eta baso jabeen elkarteak azaldu dutenez, «sabotajeak ez dira gauza berria gure mendietan», baina ohartarazi dute azken asteetan «erasoek bestelako kutsua eta tamaina» hartu dutela, «geroz eta zuhaitz espezie eta lur jabe gehiagoren kontra» egin baitira.

Prentsaurrekoan, erasoak jasan dituzten baso jabeen jarduera defendatu dute. «Basokoa da herri honetan egiten den aktibitaterik berdeena. Landareak sartu, hazten laguntzeko zaindu, garbitu, eta bere garaian ekoiztutakoa bildu, gizarteari egurra eskaintzeko. Trantsizio ekologikoarekin betetzen zaigu ahoa, jasangarritasunarekin, berriztagarriak diren materialak erabili eta petrolioaren edo hartatik eratorritakoen alternatibak bilatzearekin. Horiek denak ditu basoko ekoizpenak. Eta hala ere, ugaritzen ari diren gertakari lotsagarri batzuk salatu beharrean aurkitzen gara». Salatu dutenez, halako ekintzek «baso jabea izutzea» dute helburu, «material sintetikoaren, burdinaren eta hormigoiaren lurraldean, gizarteari esanez landareak direla krisi ekosozialaren erantzule».

Lursailen jabeek salaketak jarri dituzte, baina agerraldia egin duten elkarteek ez dute uste ikerketak aurrera egingo duenik. Adierazi dute  erakunde publikoen eta alderdi politikoen babesaren falta nabari dutela. «Inork pentsatzen al du kalte horiek lantegi, denda, etxebizitza edo parke publiko batean gertatu balira jarrera bera izango zutela? Ez dago eskubiderik».

Agerraldian eskatu dute zuhaitz mozketen erantzuleak identifikatzeko, galerak erabat estaltzeko moduko kalte ordainak emateko kaltetuei, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak birlandatzeak laguntzeko.

Hain zuzen ere, Gipuzkoako Diputazioak «gaitzespen irmoa» adierazi du mozketen harira, eta elkartasuna adierazi die «ekintza bandalikoak» jasan dituzten baso jabeei. Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuaren hitzetan, halako ekintzak «onartezinak» dira. «Natura eta ekologismoa aitzakiatzat hartuta, kalte egiten diete basoen berritzeari eta ingurumenari, pertsonen eskubideak eta gizarte gisa partekatzen ditugun arauak urratzen dituzte». Basogintza defendatu du Arrutik,  «ongizatea eta lurralde oreka berdea» bermatzen dituelako, haren hitzetan.

«Proiektu txikitzaileak»

Apirilaren 9an, Lurraren Altxamenduak mugimenduak bere gain hartu zuen baso industriaren landaketen kontrako ekintza. Mugimenduak ohar bidez jakinarazi zuen 11.000 zuhaitz inguru moztu zituztela Azpeitian eta Berangon, hazkunde azkarreko zuhaitzen monolaborantza eredua salatzeko. Mugimendu horretako kideen iritziz, mendiko lurzoruei «izugarrizko» kaltea eragiten diete landaketetan espezie bakarra erabiltzeak, zuhaitz horiek urte gutxiren buruan arrasean moztuta ateratzeak, makineria astuna erabiltzeak eta hura mugitzeko pistak egiteak.

Horregatik, zuhaitzen landaketa industriala «gelditu beharreko beste hainbat proiektu txikitzaileren parekoa» dela uste du Lurraren Altxamenduak taldeak. AHTarekin, autobideekin, goi tentsioko lineekin eta energia berriztagarrien azpiegitura handiekin parekatu du baso industriaren jarduera. Mugimenduak herritarrei dei egin zien «bailaraz bailara» antola daitezen, eta «landaketa industrialak desegin» ditzaten.

Lurraren Altxamenduak taldekoek «baso industriaren etengabeko propaganda» salatu zuten, eta adierazi moztu zituzten zuhaitz landaketak ez direla basoak. «Basoak bizidun aniztasuna duten ekosistema konplexuak dira, adin, tamaina, forma eta kolore ezberdinetako landare, onddo eta animaliek osatuak». Oharrean, zuriketa berdea egitea egotzi zieten egur ekoizpen industrialean dihardutenei. «Beren burua ingurumenaren babeslez mozorrotzen dute, baina naturaguneen txikizioaren arduradun nagusiak dira». Izenez aipatu zituen Smurfit Kappa, Iberpapel eta Kutxabank. Administrazioari «zuriketa» horren konplize izatea leporatu zioten, besteak beste «Basotik eta halako txiringito publiko-pribatuak» sortzeagatik.

Europako zenbait herrialdetan antzeko ekintzak hartu ditu bere gain Lurraren Altxamenduak taldeak. Esaterako, Alemanian eta Frantzian. Azken horretan, gobernuak erabaki zuen taldea legez kanporatzea, baina Frantziako Estatu Kontseiluak erabakia baliogabetu egin zuen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.