ENBA nekazarien elkarteko presidentea

Iñaki Goenaga: «Baserritarrok ere ikasi behar dugu gehiago produzitzea ez dela bidea»

Baserritarrek eta bereziki ekoizle txikiek urteak daramatzate «egoera ahulean». ENBAko kideek sektorearen geroa aztertuko dute gaurko batzarrean, Hernanin.

IÑAKI GOENAGA
Iñaki Goenaga ENBA baserritar elkarteko presidentea, Oiamar baserrian, Urnietan (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA / FOKU
jokin sagarzazu
Urnieta
2024ko urtarrilaren 26a
05:00
Entzun

Badu poz bat Iñaki Goenagak (Urnieta, Gipuzkoa, 1966), semeak erreleboa hartuko baitio baserriko lanetan. Ergoien auzoan dago Oiamar, Adarra mendirako bidean. 150 abelburu inguru dituzte, esnetarako nagusiki. Goenaga sorreratik da ENBA nekazarien elkartekoa, eta hamabi urte badira presidentea dela. ENBAk 450 bat kide ditu, gehienak Gipuzkoan.

Gaur egingo duzue batzarra, Etorkizuna irabaziko dugu goiburupean. Oraingo egoeran, ez al da baikorregia?

Beti negarrez dagoen sektore baten gisan ikusten gaitu askok, eta horrek ez digu askorik laguntzen. Guk diogu baserritik bizi litekeela gizarteak laguntzen badigu.

Ez duzue babesik?

Aldaketa handia egon da azken urteetan, bereziki ekologismoak pisu handia hartu duenetik. Joera handia dago gu erabat kontra gaudela esateko, mutur batean gaudela irudikatzeko, baina hori benetan ez da horrela.

Protesta giroa hedatzen ari da Europako nekazarien artean. Arrazoien artean, ekoizpen kostuen igoera. Baina baita Bruselaren Nekazaritza Politika Bateratu berriaren ingurumen baldintzak ere, gero eta zorrotzagoak, haien hitzetan. Zein da zuen iritzia?

Betebehar gero eta gehiago ditugu, eta gero eta estuago gaude. Neurri batean, denok onartuta daukagu klima aldaketagatik denon artean zer edo zer egin behar dugula, baina gure lanetik etekinik ez badugu lortzen, nekez. Garai batean, gure produktuen merkatzeari aurre egiteko sortu zen Nekazaritza Politika Bateratua. Laguntzak jaisten badira eta prezioak ezin baditugu igo, nondik biziko gara?

Eskuin muturra protesta horietatik etekina lortu nahian dabil. Nola ikusten duzue egoera?

AEBetan ere argi ikusi zen hori: baten ezinegonetik beste batek probetxua ateratzea. Euskal Herrian, arazoa ez da eskuin muturra. Gurean, eskuinetik ezkerrera, alderdi gehienek antzera pentsatzen dute nekazaritzaren alorrean. Politikarien eta teknikarien artean ekologisten ikuspegia gailentzen ari da. Gizarte osoa kontra jartzen ari zaigu, eta guk ere hori gestionatzen ikasi behar dugu; bestela, bazterrean gelditu gaitezke. Gu prest gaude behar dena egiteko, baina etekin batekin.

Zuen produktua behar beste baloratuta dagoela uste duzue?

Bai, baina gehienek prezioari begiratzen diote. Esneari dagokionez ez hainbeste, ia alderik ez dagoelako. Baina haragian diferentzia handia dago prezioan hemengoa izan ala kanpokoa izan. Salbuespen bakarra barazkiak dira: hemengoak oso ondo saltzen dira.

«Politikarien eta teknikarien artean ekologisten ikuspegia gailentzen ari da. Gizartea kontra jartzen ari zaigu».

Esnearekin izandako gatazka konponduta al dago?

Urte oso latzak pasatu ditugu, ekoizpen kostuak asko handitu zaizkigulako. Ia bi urtez gerra handia izan dugu, banatzaileekin gehienbat. Baina saltokietan %50eko igoera izan du esneak, eta gure presioen ondorioz lortu dugu hori guri ere iristea.

Banatzaile handiek prezioak ezartzeko orduan duten indarra ez da berria, baina okerrera egin duela uste duzue?

Hemen kulpa besteei botatzen diegu beti, baina baserritarrok ere autokritika egin behar genuke. Presio egiteko gorputzik ez dugu; asko kostatzen zaigu elkarrekin aritzea.

Autokritika, zertan?

Esnearen kasuan, adibidez, beste urte batzuetan arazoa konpondu edo prezioak igotzen zirenean, zer egiten genuen? Hurrengo egunetik gehiago produzitu, eta prezioek behera egiten zuten urtebeteren buruan. Hori ikastea asko kostatzen ari zaigu. Azken bi urteetan ondo jokatu dugu: 2022an esnea falta izan zen, eta 2023an ez genuen handitu produkzioa.

Zuek hala nahita?

Ez, ezinagatik. Baserritarrok ere ikasi behar dugu gehiago produzitzea ez dela bidea.

Haragiari dagokionez, Eroskik eta Uvesco taldeak beren iragarkietan-eta esaten dute euskal okelaren aldeko apustua egiten dutela. Zure iritzian, hala da?

Egiten dute, baina txapela jartzeko. Kontsumitzaileak, berriz, prezio merkeagoa duena erosten du. Eta guk ere badugu zer hausnartu. Gure arteko batzuk ikaratu egiten dira, gure haragiaren prezioa igotzen badugu kontsumoa are gehiago jaitsi litekeelako. Azken urtean, Jaurlaritzaren diru laguntzek salbatu gaituzte, baina hori beti ezin da izan. Ezta ekoizpen kostuen azpitik saltzea ere.

«Hemen kulpa besteei botatzen diegu beti, baina baserritarroi asko kostatzen zaigu elkarrekin aritzea».

Duela bi urte indarrean sartutako elikadura katearen legeak ez al du hori debekatzen?

Bai, eta, horrekin batera, lege horrek dio salerosketa guztiak kontratu bidez egin behar direla, baina Gipuzkoan ez da hala jokatzen haragiarekin, eta, hala egiten bada, erdi faltsuan edo behartuta egiten da. Akaso, inertzia zaharrak hor daudelako gertatuko da hori, baina kontratuak egitea gutxienekoa izan behar du. Gero baserritarrak onartzen badu kostaprezioa baino merkeago saltzea, hor ez daukagu zereginik.

Duela gutxi, ekoizpen kostuak zehazteko metodologia berri bat lantzea adostu zenuten beste eragileekin. Hasi zarete hizketan?

Ez. Aurreakordioa Eroskirekin egin genuen zehazki, baina Eroskiren eta baserritarren artean kooperatiba dago. Baserritarrena da kooperatiba, baina sindikatuok zuzendaritzarekin ulertu ezina daukagu. Eroskik haragiaren prezioa igo du, baina guri ez zaigu iristen.

Legea betetzen ez bada, zergatik ez duzue salatzen?

Legea betetzen ez duten enpresak zein diren badakigu, baina gu ere ez goaz denak batera. Baserritar bakoitzak diru asko du jokoan, eta badaki salaketa bat jartzen badu arazoak izango dituela bere produktua saltzeko. Sindikatuok edo elkarteok egin beharko dugu lan hori. Nafarroan, adibidez, kontrol handiagoa dago.

Azken urteetan, aurre egin behar izan diozue pinuen gaitzari ere. Nola dago egoera?

Oso gaizki. Gaitzak egur handia eman dio sektoreari, prezioak asko jaitsi dira, eta, gainera, erreleboa falta da. Lur jabeen %90 65 urtetik gorakoak dira, eta jabe asko daude: 10.000 inguru Gipuzkoan. Gero, presio handia dago gizarte ingurutik, talde ekologistetatik eta. Espezie batzuk galarazi nahi dituzte. Baso jabeak nekatzen ari dira. Lanean ari denak ere etekina behar du. Horrek guztiak ekartzen du basoa uztea, eta abandonatzea ez da inorentzat ona: sute arriskua izugarri handitu da. Basoa antolatzea beharrezkoa da. Administrazioa bi muturren artean dago, zer egin ez dakiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.