Baserritarren neurriko I+G

Nekazarien bizimoldea aldatu den modu berean aldatu dira lan egiteko moduak ere. Horrek eragina izan du tresna eta erreminten garapen teknologikoan, besteak beste.

Nekazari bat mahastiak inausten, guraize elektriko batzuekin. BELLOTA.
aitor biain
2022ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
San Isidro egunak ez du garai batekoarenantzik gaur egun. Maiatzaren 15a festa eta oturuntza eguna izaten zen baserritar askorentzat, baina apenas bilakatu den efemeride bat gehiengoarentzat; aitzakia bat afari baterako, edo, kasuren batean, azoka baterako. Baserrian lanik ez egiteko eguna izaten zen lehen, baina gaur gutxi izango dira biharko lanak etzirako utziko dituztenak. Asko aldatu da nekazarien bizimoldea, baita lan egiteko modua ere: batetik, gero eta gutxiago direlako baserritik bizi direnak; eta, bestetik, teknologiaren garapenak tresna berriak ekarri dituelako, garaiko beharretara egokitutakoak.

Aldaketa horiei adi-adi jarraitzen die Pablo Lodeirok, nekazaritzako tresnak eta erremintak ekoizten dituen Legazpiko (Gipuzkoa) Bellota enpresako langileak. Nekazaritza eta lorezaintzako erabiltzaile-espezialista da bera, eta baserritarren eta enpresaren arteko zubi lanak egiteaz arduratzen da. «Nire lana da erabiltzailearen ezagutza eta iritzia enpresara eramatea, gero, trukean, beharren eta egungo ezaugarrien araberako tresna garatzeko helburuarekin. Hemen, nola lan egiten duten ezagutzen saiatzen naiz».

Bost urte daramatza lan horretan Bellotan. Euskal Herrian, Espainian eta Portugalen aritzen da batez ere, baina tarteka beste herrialde batzuk ere bisitatzen ditu. «Profesionalak direnekin eta ez direnekin egoten naiz, ezagunak izan edo ez. Zer lan egiten duten galdetzen diet, zer tresna erabiltzen dituzten, eta zer arazo eragiten dieten». Ikerketa eta garapen prozesuaren aurreneko pausoa da harena: arazoak edo beharrak identifikatzea.

Eta behaketa horretan jabetu da, hain zuzen, bizimoduaren eta lan ereduaren aldaketak nola eragin dien tresnei. «Ez da gauza bera aitzurrarekin egunean zortzi ordu egitea edo soilik bi ordu egitea. Eta gauza bera gertatzen da inausteko guraizeekin. Lanerako erabiltzen den jarrera, egiten den esfortzua, erabiltzen den indarra, ez da berdina, eta hori igarri egiten da egunerokoan».

Izan ere, garai batean bizibide zena jarduera osagarri bilakatu da askorentzat, eta beste lan batekin uztartzen dute askok orain. Kontsumo propiorako ereiten dute, aisialdirako edota diru sarrera gehigarri bat lortzeko. Ibai Ormaetxea da horietako bat. Aramaiokoa da (Araba), eta, bederatzi urte berak ereindakotik bizitzen eman ondoren, beste lan bat topatzea erabaki du. «Gustuko lana da niretzat, eta maite dut egiten dudana. Baina lan gogorra da, eta ordaina, oso txikia. Ez du merezi; prekaritatea oso handia da».

Autokontsumorako ekoizten du orain, nahiz eta zerbait saltzen duen oraindik: barazkiak, fruituak... denetarik ekoizten du. Eskulanaren sakrifizioa «handiegia» da oraindik, haren ustez, eta ez du behar adinako aitortzarik gero. Aitortu du, halere, garapen teknologikoak «izugarri» erraztu duela nekazarien egunerokoa.

Aitzurra, berrikuntza

Aldaketa horietara egokitzen ari dira Bellotan, hain zuzen ere. Mende luzez fabrikatu dituzte nekazariek eskulanerako erabili dituzten tresna eta erremintak: aitzurrak, palak, sardeak, aizkorak, eskuareak, guraizeak... Oinarrizkoak dira guztiak; beti-betikoak, baina tresna horiek ere izan dute aldaketarik urteekin.

«Aitzurra aitzurra da; hor ez dago ezer berritzekorik. Hala zen orain mila urte, eta hala da orain ere», esan du Ormaetxeak, ezkor, zein tresna hobetuko lukeen galdetuta. Lodeiro ez dator bat ideia horrekin, ordea. «Aitzurra oso tresna sinplea da, baina sekulako erreminta da, eta atzean urte askoko garapena dauka. Baina beti dago zer hobetu».

Aitzurra da, hain zuzen ere, Bellotaren berrikuntzetako bat. Merkaturatzear da heldulekutik askatzen ez den aitzurra. «Arazo handietako bat izan da nekazarientzat: heldulekua egurrezkoa denez, hezetasunarekin handitu egiten da, eta gero, berriz lehortzean, uzkurtu, pieza nagusia askatu arte. Askotariko konponbideak ikusi ditut nik: egurrezko falkak, iltzeak, plastikozko piezak, pneumatiko zatiak... Baina topatu dugu konponbidea».

Ez da aitzurraren berrikuntza bakarra, halere: heldulekuaren luzera da bestea. Izan ere, adierazi du gero eta helduleku luzeagoak erabiltzeko joera orokortzen ari dela, «bizkarra zuzenago mantentzeko». «Arabako Errioxan helduleku txikiagoak erabiltzen dituzte oraindik, halere».

Elektrifikazioaren iraultza

Tresna bakoitza desberdina da, hala ere; izan dira aldaketarik izan ez dutenak, baina baita goitik behera berritu direnak ere. Horietan, materialei eta ergonomiari lotutako aldaketak izan dira gehienbat. «Inauste guraizeen kasua adierazgarria da, esaterako. Oraindik oinarrizkoak fabrikatzen ditugu, burdinazkoak, baina orain aluminiozkoak ere baditugu, eskura egokitzeko forma dutenak...».

Halere, iraultzarik handiena elektrifikazioa izan dela aitortu du. Izan ere, lehen baino denbora gutxiago dutenez gehienek, azkarrago eta ahalik eta esfortzu txikiagoa egiteko aukera eskaintzen dieten tresnak izatea inoiz baino garrantzitsuagoa da. «Ez da gauza bera zortzi orduko lanaldiaren ostean, beste bi edo hiru orduz guraize mekanikoekin edo guraize elektrikoarekin aritzea, noski».

Ormaetxeak badaki zerbait horretaz. Izan ere, fruta arbolak kimatzeko erabili izan ditu berak guraize elektrikoak. «Sekulako aldea dago. Guraize normalekin bost egunetan egiten duzun lana ordu batzuetan egin dezakezu elektrikoarekin, eta tendinitis barik amaitu, gainera».

San Isidroren kondairak kontatzen du egun batez, mezetatik bueltan zela, soroko lan guztiak eginda aurkitu zituela. Mirari hori dela-eta ospatzen da haren omenezko eguna. Gaurko nekazariei halako miraririk gertatu artean, ordea, bederen eguneroko lana arintzen lagun dezake erremintak egungo beharretara egokitzeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.