Baserriko lana eta beste lan bat uztartzeko aukera emango du Gipuzkoak

Baserritar Misto Profesionala programaren bitartez, 60.000 euroko laguntzak emango dizkie baserriko lana beste enplegu batekin bateratzen dutenei.

Gipuzkoako baserri bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Gipuzkoako baserri bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Estibaliz Navarro Argaz
2025eko urtarrilaren 30a
17:30
Entzun

Euskal Herriko baserrietan belaunaldien arteko errelebo falta da arazo nagusietako bat, eta hori baserriaren errentagarritasun eskasari lotuta dago. Arazo horri irtenbide bat bilatzeko programa bat aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Baserritar Misto Profesionala izenekoa. Programa horren bitartez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duenak bere aurreko enpleguan %50eko lanaldi murrizketa eskatu ahal izango du, eta aldundiaren laguntza ekonomikoa jasoko du horretarako.

Eider Mendozak Gipuzkoako diputatu nagusiak azaldu du lurraldeko baserritarren %78k baino gehiagok 50 urte baino gehiago dituztela, eta horiei segida emateko arazoa dagoela. Mendozak dioenez, lehenengo sektoreak «sekulako» ekarpena egiten du bai ekonomiaren aldetik eta baita ingurumenaren ikuspegitik ere: «Baserritarren lana funtsezkoa da gure biodibertsitatea zaintzeko eta tokiko eta kalitatezko elikagaien ekoizpena bermatzeko». 

Proiektua harago doala azaldu du Xabier Arrutik, Lurralde Oreka Berdeko diputatuak: «Elikagaiak sortzea, paisaia zaintzea, herri txikiak bizirik mantentzea, adibidez, ezin da baserritarren esku soilik utzi. Ardura hori gizarte osoarena da, enpresena barne».

Arrutik azaldu du proiektuan parte hartu nahi dutenek 18 eta 55 urte bitarte izan behar dituztela, eta ustiategiak Gipuzkoan egon behar duela. Horretaz gain, Gizarte Segurantzan nekazarien erregimenean izena eman beharko dute. Bideragarritasun plan bat izatea ezinbestekoa dela dio: «Programa ez da sortu baserrira denbora pasa joateko; gure asmoa da baserrian modu profesionalean lan egitea». Enpresek ere hainbat baldintza bete behar dituztela argitu du: «Ezin du lehen sektorearekin lotura duen enpresa bat izan, eta, sei urteren ondoren langileak enpresara bueltatzeko borondatea balu, enpresak berriro kontratatu beharko luke».

Laguntzak enpresentzat ere

Arrutik azaldu du bai baserritarrek eta bai enpresek diru laguntza jasoko dutela programan parte hartzen badute. «Baserritarrek 60.000 euro jasoko dituzte, bi ordainketetan banatuta, bata programaren hasieran, eta, bestea, hirugarren urtean; enpresek, berriz, 30.000 euroko ordainketa bakarra jasoko dute». 

baserritar misto
Baserritar Misto Profesionala programaren aurkezpena, Donostian. Erdian, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Xabier Arruti diputatua.

80 pertsona baino gehiago jarri dira harremanetan aldundiarekin programan parte hartzeko. Horietako bat da Jon Areitio. Harentzat, lehen sektorean lan egitea ez da lanbide bat soilik, benetako bokazioa baizik: «Ogia lortzeko, baserrian lan egiteaz gain, beharrezkoa da lanaldi bat kanpoan egitea. Aukera bikaina da hau nire pasioa denaren eta etorkizunean nire ogibidea izatea espero dudan horren bidea egiteko: profesionalki garatzeko eta proiektua aurrera eramateko beharrezkoa dugun denbora hori eskaini ahal izateko». Gaineratu du gazte asko ikusten dituela bere egoera berean, baina lehen sektorearen «ezegonkortasunak» atzera eginarazten diela. «Baserritar Misto Profesional izateak segurtasun handiagoa ematen digu pausoa egitera ausartzeko, hazteko eta sendotzeko». 

Programan parte hartu nahi du Aitor Esnaolak ere. «Bi tokitan %100ean egotea ezinezkoa da. Aukera honekin bi lanak partekatu ahal izango ditugu». Horretarako ezinbestekoa ikusten du aldundiak emango duen dirua. «Negozioaren egunerokoan aurrera egiten ere lagunduko digu». 

Enpresen aldetik, Iñaki Gorostidi Logikalineko gerenteak eta Xabier Iturrioz Construcciones Iturriotzeko gerenteak proiektuan parte hartzeko asmoa dutela adierazi dute. «Baserritarrak beren kontura lan egitera ohituta daude, erantzukizunak beren gain hartzen dituzte, eraginkorrak izaten dira, eta trebetasunak izaten dituzte, adibidez, bezeroekin lan egiteko. Irabazia da bi aldeentzat», azaldu du Gorostidik.

Iturriozek esan du lehen sektoreari lotutako pertsona asko daudela, eta enpresek horiei lagundu egin behar dietela: «Ezin diegu bizkarra eman. Ez dugu ahaztu behar haien lanari esker gozatu eta elikatu gaitezkeela kalitatezko tokiko produktuekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.