Iñigo Uzin. Mondragon taldeko presidentea

«Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean geldi daitezke»

Mondragonek inoizko erronkarik zailenetakoa dauka aurrez aurre: krisitik ahalik eta kalte arinenaz ateratzea. Uzinek dio krisiaren iraupenak finkatuko duela enpresa batzuen geroa.

RAUL BOGAJO / @FOKU.
xabier martin
Arrasate
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Mondragon taldearen egoitzan sartzeko tenperatura hartzen diote bisitariari. Presidentearen bulegoan aurrera eginda maskara ken daiteke, behar bezalako tartea hartu ondoren. Iñigo Uzin(Azkoitia, Gipuzkoa, 1960) gertutasunez aritu da, ordea, korporazioari tenperatura hartzeko galderei luze-zabal erantzunda. Mezu nagusi argi bat utzi du: dena da ziurgabetasuna, baina «krisi hau ere» gaindituko du taldeak.

Ezustean iritsi da eta izugarria izan da. Zein da Mondragoneko enpresen egoera gaur-gaurkoz? Kolpeari neurria hartzen ari dira oraindik edo hasi dira aurrerago begiratzen?

Egia esango dizut: inork ez dauka erantzun zehatzik oraindik. Noiz bukatuko den ere ez dakigu. Birusaren eboluzioak markatuko ditu erritmoak. Birusak mendean-edo jarraitzen badu, orain bezala, azkar jarriko gara berriro martxan. Baina gakoa konfiantza da. Hori gabe ezin da hazi, eta bi arrazoi daude konfiantza oso txikia izateko enpresetan: birusa bera eta eskaera falta. Datorrena irudikatzeko hirugarren hanka Europak ematen digu. Ematen du bere rola ondo jokatzera doala, eta hori oso garrantzitsua da. Hau munduko arazo bat da, eta erantzun globala eskatzen du. Ez dugu ahaztuko AEBen eta Txinaren arteko arazo potoloa ere. Norgehiagoka horrek segituko du Trumpek hauteskundeak ez baditu irabazten ere.

Ez irabazteak lagunduko luke pixka bat, ezta?

Bai noski. Hura baino okerragorik azaltzea oso zaila ematen du.

Panorama beltz samarra margotu duzu...

Europak esperantzako arrazoiak eman dizkigu. Orain arte oso ahularitu da, baina itxura batean bere rola jokatzera doa; oraindik ez dago adostasuna, beti dago zerbait... baina gakoetako bat da susperraldi azkarra egon dadin.

Nazioarteko merkatuak normalizatu arte posible al da enpresei ralentian eustea? Noiz arte egon daitezke horrela kooperatibak?

Sektore bakoitzak, enpresa bakoitzak, bere egoera zehatza dauka. Jarduera berreskuratzen hasi gara, ordea, eta %75 inguruan gaude jada. Kontua da ezin dugula ikusi ongi datorrena. Autogintza ez dago ongi, lehengo arazoek hor jarraitzen dutelako: auto elektrikoa, autonomoa... gauza asko daude dantzan. Eta horrek ez du laguntzen. Baina Europako estatuak laguntzak ematen ari dira, azkena Espainiakoa. Ez da erraza jakitea noiz arte egon daitezkeen enpresak horrela, baina kooperatibetan neurriak hartzen hasi dira dagoeneko. Likidezia ziurtatzen ari dira, ICOren, Elkargiren eta bankuen bidez. Egia da, ordea, errentagarritasun aldetik ez gabiltzala ongi, eta balantzeak ziurtatu behar dira. Horregatik, soldata maila jaisten ari da enpresa askotan, bakoitzak bere egoeraren arabera. Gastua murriztu behar da.

2008ko krisi handiak aurrean eraman zuen Fagor Etxetresnak. Gogor jo zuen taldea gertakari hark. Zenbateko soldata jaitsierak egiten ari dira?

Enpresa bakoitzaren araberako jaitsierak dira. Bazkideek erabakitzen dute. Zertarako? Egoerari aurre egiteko bai, baina estrategiari eutsi eta hurrengo urratsak prestatzeko ere bai. Irtengo baikara halako batean, hori seguru.

Enpresa bat kooperatiba izatea mesedegarria al da soldata jaitsiera horiek azkar erabaki daitezen? %13 arteko jaitsieraz hitz egiten ari baikara, ezta?

Hartu behar ziren lekuetan neurri gogorrak hartu dituzte batzuek, eta azkar eman dute pauso hori. Eredugarri izan dira. Lehen ez dakit zer gertatuko zen, baina orain gauzak azkar eta ondo egin dira, erreakzio azkarra gauzatuta.

Apokalipsia datorrela, V formako susperraldia... Zarata handia dago. Zer diote merkatua bertatik bertara ezagutzen duten enpresariek? Noiz iritsiko da susperraldia?

Birusa menderatzen bada, edo egoera gutxi gorabehera normalizatzen bada, ekonomia mugitzen hasiko da. Egoera oso apartekoa da, berria, baina aukera ematen badigute, gora hasiko gara, eta gainera palanka bat dago horrela izan dadin mundu osoan. Sekula hartu gabeko neurriak hartzen ari dira, neurriz eta helburuz, eta horrek aldea egin dezake. Ez da berehalako soluziorik egongo, baina oraingo zulotik ateratzen hasiko gara.

Orduan birusak su-etena ematen badu urte bukaera arte, bada aukerarik susperraldia aurten ikusteko?

Ez da ezinezkoa, baina birusaren eboluzioaren arabera izango da. Begira Pekinen eta Alemanian gertatu dena. Erne jarraitu behar dugu.

Bexen ezagun egin da maskarei esker. Onnera Group ere sartu da hor. Mondragon Assemblyk makinak egin ditu. Urgentzia bati erantzuteaz harago, negoziorako aukera aurkitu dute taldeko enpresa batzuek, ezta?

Maskaren ekoizpenean hasteko ez zegoen negoziorako motibaziorik, benetako urgentzia bati erantzutea baizik. Orain maskaren eskaera jakin bat dago, noski, eta jarduera ekonomiko bat sortu da, eta enplegua. Sektore horretan ezin da beste herrialde batzuen mende egon, eta aurrerago sortuko dira ildo beretik beste jarduera batzuk.

Enpresa asko sartu dira negozioan. Denentzat lekua egongo da maskaren eskaria apaltzen denean?

Merkatuan aukera berri bat sortzen denean eragile asko azaltzen dira, baina gero aukeraketa bat dago. Hala ere, eskaerak hor jarraituko du aurrerantzean ere, ez beharbada oraingo mailan, baina lehen baino handiagoa izango da beti.

Madrilgo Kongresuan izan zara hizlari Berreraikitze Sozioekonomikorako Batzordean, eta Voxeko kide baten galdera iraingarri bati erantzun behar izan diozu maskaren harira. Zer ikasi duzu bidaia horretan?

Voxi buruz ez dut hitz egingo; izan du bere tartea, eta ez diot gehiago eman nahi. Gure pentsaera eta gure beharra foro horretan helaraztea zen nire asmoa. Ordezkari haren galderak ez zuen zerikusirik horrekin; denok dakigu zertan ari zen.

2019an salmenta errekorrra egin zuen taldeko industriaren adarrak. 2020an saihetsezina da hondamendia?

Ez, oraindik ere partida jokatzen ari gara; ez doa ondo, baina batzuetan azken minutuan iristen dira golak. Ez nuke etsiko oraindik. Batez ere Europan adosten ari diren neurriak iragarri bakarrik ez, iristen badira, egon daiteke aukera urtea txukuntzeko.

Autogintzaren sektorea ataka larrian dago aspaldiko arazoak gaiztotu ondoren. Elektrifikaziotik urrun badaude, etorkizunik izango al da euskal hornitzaileentzat?

Auto elektrikoaren inguruan teknologia asko daude, eta ikusteko dago oraindik zein nagusituko den. Baina, bai, hortik hurbil egon behar dugu. Dena den, auto batean ez da dena motorra; osagai asko daude, eta auto soilenak ere automatismo ugari ditu orain. Beraz, gure osagai hornitzaileek badute zer garatu eta non lehiatu, baina, horretarako, oinarrizkoa da auto ekoizleen alboan aritzea.

Alemania eta Frantzia estatu laguntzen bidez prestatzen ari dira beren enpresak, birusak eragindako lege aldaketa tarteko. Merkatuan posizioak galtzeko arriskuak kezkatzen zaitu?

Krisia dela edo ez dela, beti lortu dituzte laguntza horiek aplikatzea. Lur jota zeuden enpresak zutik jarri dituzte. Ez da berria. Eta arriskutsua da, bai, krisiak etortzen direnean merkatuko posizioak alda daitezkeelako. Gu ere ari gara horrelako mugimenduak zaintzen, jokotik kanpo ez gelditzeko. Krisia egokia baita giharra duenak beste enpresak erosteko. Orain ekoizpena etxera ekarri nahi dute askok. Guk ez dugu ikusten gaizki kanpoan egotea, kanpoko merkatuak elikatzeko bada.

Zenbateraino itotzen ari dira kooperatibak? Lidergoak gal daitezke apnea hau bukatzean?

Mondragonen enpresa asko daude, eta denetik dugu, liderrak direnak eta ahulagoak ere bai. Batzuk sendoago aterako dira, eta beste batzuk bidean gal daitezke, krisiak zenbat irauten duen, horren arabera ikusiko delako noiz arte eutsi ahal diezaioketen. Basamortu bat igarotzen ari gara, eta batzuk bidean gera daitezke.

Ez duzu baztertzen itxierarik?

Ez dut kasu argirik ikusten gaur-gaurkoz, baina ikusi egin behar da honek zenbat irauten duen.

Taldeak baditu elkartasun mekanismo batzuk. Enpresa askok egin dute laguntza eskaera?

Beti egoten dira kasuak, baina ez dira hazi bereziki. Gure funtsak hor daude, eta kanpokoak ere bai. Enpresek finantza arloa berrindartu dute; hala ere... ehun urteko gaitzik ez da izango, baina hortik onik ateratzen den gaixorik ere ez.

Eroskiren 2019ko emaitzek irabazi argiak islatu dituzte. Zalantza guztiak uxatu ditu?

Eroski bere bidea egiten ari da, ondo doa. Garrantzitsuena da negozioa nola dagoen, eta negozio arrunta urtez urte hobetzen ari da. Errentagarria da. Beste kontu bat da doikuntzak egin behar izan dituela. Urte batzuetan emaitza negatiboa izan du, garaia ez zen egokiena ere, baina hor dago etorkizunerako estrategiaren emaitza. Zenbat zor itzuli du?

1.900 milioi euro.

Ea nork duen gaitasuna hori egiteko. Zoriontzekoa da egin duten lana.

Langile bazkideek bere gain hartu behar izan dituzte galerak. Kooperatiba izan ez balitz zutik egongo litzateke orain?

Beharbada Errusiako oligarka bat egongo litzateke Agustin Markaideren lekuan, eta kooperatibarik ez legoke. Eroski erabat markatu du kooperatiba bat izateak, eta azken krisi honetan ere izaera sozial hori argi erakutsi du. Jarrera txalogarria izan du, eskaerari erantzun aparta emanda, bulegoetako jendea saltokietan lanean egonda, adibidez.

Salmentak asko hazi dira janari banaketan hil hauetan. Horrek ere lagunduko du noski.

Asko hazi dira, baina negozioaren beste atal batzuk itxita egon dira. Haien ekarpena zero izan da. Bidaia Agentziak, bazarretako adarra... hori gelditik egon da.

Nola bizi izan duzue alarma egoeraren atariko kaosa? Enpresak ixteko eskerak egon ziren?

Txinatik maskarak eta beste babesgarriak ekartzeko aukera izan dugu hasieratik, eta milioika ekarri digutu, guretzat, Osakidetzarentzat, aldundientzat, eta baita beste enpresa batzuentzat ere. Ez da negozio bat izan, zerbitzua baizik. Shanghaiko aireportua gehien pagatzen zuenarentzat zegoen orduan, argi. Bada, horri esker eta protoloei esker aurrera egin dugu, eta gure jendearen erantzuna itzela izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.