Bartzelona, Txinako auto elektrikoen lehen lantegia Europan

Chery autogintza taldea Omoda markako autoak ekoizten hasiko da Nissanek 2021ean utzitako instalazioetan. Ebro marka berreskuratu dute.

Chreyko arduradunak, Kataluniako eta Espainiako gobernuetako presidenteekin, ostiral honetan. QUIQUE GARCIA / EFE
Chreyko arduradunak, Kataluniako eta Espainiako gobernuetako presidenteekin, gaur. QUIQUE GARCIA / EFE
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 19a
12:00
Entzun

Txinako Chery autogintza taldea Bartzelonan hasiko da ibilgailu elektrikoak egiten, Nissanek hango portu ondoko Zomna Franca eremuan zituen instalazioetan. Omoda markako autoak ekoizten hasiko da, eta Ebro markako lehen ibilgailu elektrikoak ere egingo ditu.

Gaur sinatu dute akordioa, Bartzelonan. Ekitaldian izan dira Cheryko arduradunak, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua eta Pere Aragones Kataluniako Generalitateko presidentea, besteak beste.

Hilabeteak negoziatzen eman ondoren, asteartean itxi zuten tratua Espainiako EV-Motors ibilgailu elektrikoen enpresak (Ebroren matrizea) eta Chery Automobilek. Chery Txinako auto esportatzaile handiena da, eta haren akziodun nagusia Txinako Estatua bera da.

Europan autoak ekoizten hasiko den Txinako lehenengo taldea izango da Chery. Aurrea hartuko dio BYD auto ekoizleari. Hark Hungarian jarriko du bere lantegia, Alemanian, Frantzian edo Espainian jartzea baztertu ondoren. AEBetako Teslarekin batera munduan auto elektriko gehien saltzen duen taldea da BYD.

1.250 langile

Cheryk, berriz, Bartzelonan Nissanek 2021aren amaieran utzi zuen orubea hartuko du. Japoniako fabrikatzaileak 2.500 langile kaleratu, zituen eta Cheryk 1.250 langile kontratatzea aurreikusten du; horietako 600, Nissanentzat lan egiten zutenak. Cheryko arduradunek azaldu dutenez, 2029. urtean Bartzelonako lantegian 150.000 auto ekoiztea aurreikusten dute.

Hasieran, Cheryk Omoda 5 modeloko autoak egingo ditu, eta urteko laugarren hiruhilekotik aurrera Ebro markako lehen auto elektrikoa fabrikatzen hasiko da, pick up furgoneta bat. Duela 37 urte itxi zuten Espainiako marka mitikoa, eta duela urtebete pasa berreskuratu zuen EV-Motorsek. Hark joint venture edo enpresa partekatu bat sortu du Txinako fabrikatzailearekin, Ebroren ibilgailuak ekoizteko.

Chreyk, halaber, Katalunian ireki ditu Omoda markako lehen kontzesionario ofizialak Europan, eta handik gainerako herrialdeetara hedatu nahi du bere sarea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.