BARTZELONA, MASA TURISMOAREN MEKA

Hondartza, arte galeriak, kalexka zaharrak; milioika turista erakartzen ditu Bartzelonak urtero. Turismoak elikatzen du hiriko ekonomiaren zati handi bat, baina herritarrak gogaituta daude. «Lehen, toki ezagunenetan pilatzen ziren; orain, edonon daude». Venezia ere gainezkatu dute.

Turista batzuk Bartzelonan, atzean gida turistikoak ematen dituen autobusa dutela, 2019an. QUIQUE GARCIA / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Astelehena da, 12:00ak, udako azken eguzki izpiek kiskaltzen dute hiria. Ia ordubetekoa izan da unibertsitatetik etxerako bidea, baina iritsi da hurrengo geltokia: Katalunia plaza. Azpimundutik irten, eta, azkenean, airea. Tipi-tapa, tipi-tapa, tipi-tapa. Hasi da ibilaldia. Pitxer bete sangria ezkerrean, sugandila formako imanak eskuinean, eta azal gorriko ilehoriak aurrean. «Excuse me», «Entschuldigung», «excusa». Gerria ezker-eskuin, itzuri egin die guztiei. Berrehun metro eta hamar minutu geroago, danbateko batez itxi du atariko atea. Urria da ia, eta turistaz lepo dago Bartzelona.

Ikusi gehiago:«Venezia hotel erraldoi bat da; herritarrek alde egin dute»

INE Espainiako Estatistika Institutuaren arabera, 1,26 milioi bisitari jaso zituen Bartzelonak ekainean bakarrik. Gehienak Erresuma Batutik, Frantziatik, Italiatik, Alemaniatik eta Espainiatik joaten dira, baina badira bidaia urrutiagotik hasten dutenak ere: AEB Ameriketako Estatu Batuetatik, Japoniatik eta Australiatik, esate baterako. COVID-19a hasi baino lehen, 2019an, bederatzi milioi turista izan ziren Bartzelonan. Baina horren atzetik iritsi zen pandemia, eta, harekin batera, turismoa eten egin zen bi urtez. Edonola ere, aurten pandemia aurreko datuak gaindituko dituzten susmoa dute sektorean; martxorako beteta zeuden hiriko establezimendu turistiko guztien %67: 2022an hil berean baino hogei puntu gehiago.

Nolako turista, halako hiria da Bartzelona. «Badira lan kontuengatik etortzen direnak, musika jaialdiek erakarrita iristen direnak, hondartzan eguna ematen dutenak, eta arte galeriak bisitatzen dituztenak. Askotarikoak dira hiria bisitatzeko arrazoiak», adierazi du Kataluniako Gida Turistikoen Elkarteko idazkari Elisabet Simok. Hiriburura iristeko dauden moduek ere errazten dute bidea: «Autoz bidaiatu dezakete Frantziako eta Alemaniako turistek, eta eskalarik gabeko hegaldiak daude AEBetatik».

Turismoa, alde biko arma

Lehenbizi bat, gero bi, eta, azkenean, dozenaka. Turisten aurkako mezu ugari aurkitu daitezke Bartzelonako kaleetan. Haiek ere uler ditzaten, ingelesez idazten dituzte: Tourist go home, fuck tourism (turistak etxera, turismoa pikutara). «Bartzelonako biztanleak kexu dira, eta ulertzekoa da. Baina turistek diru asko ematen dute. Herritar askok alokatzen dizkiete beren etxeak turistei. Turismoaren sektoretik dator hiriko barne produktu gordinaren %15 inguru, eta familia askoren ogibidea da», azaldu du Simok.

Europako hiri handienetako bat da Bartzelona, baita biztanle gehien dutenetako bat ere —han bizi dira 1,6 milioi pertsona inguru—. Baina jasotzen dituen bisitari guztien aldean, «txikiegi» geratzen ari da hiria. «Lehen, turista guztiak katedralaren inguruan pilatzen ziren, Auzo Gotikoan eta Rambletan. Orain, hiriko bazter guztietan daude».

La Salut eta El Carmel dira turistek gehien bisitatzen dituzten auzoetako bi. Antoni Gaudiren Guell parkea dago Saluten, eta 1936ko gerra garaiko bunkerren arrastoak El Carmelen; hiriaren begiraleku paregabeak biak. Gaudiren obrak ikusi nahi dituenak hamahiru euro inguru ordaindu behar ditu, eta aldez aurretik hartu hara sartzeko txanda. Baina ez da sarrerarik behar bunkerretara igotzeko, eta kale zurrutean aritzeko geraleku bihurtu dira.

«Pixkanaka-pixkanaka, lehen bertakoek bakarrik ezagutzen zituzten tokiak aurkitu dituzte turistek», azaldu du Simok. Horietako zenbait sare sozialei esker ezagutu dituzte. «Duela aste batzuk, Hego Koreako abeslari batek argazki bat igo zuen Instagramera. Bartzelonako kalexka bateko kafetegi batean zen, txokolatea eta txurroak jaten. Orain, kafetegi hori poltsa gizentzen ari da».

Venezia, turistek itota

Bartzelonatik hasi eta ekialdera, Italiaren eskuin aldean, arazo berak itotzear da Venezia. Makina bat jende ibiltzen da egunero hango kale zidorretan barrena: Statista datu konpainiak 2019an egindako ikerketa baten arabera, Venezia da bertako herritar bakoitzeko turista gehien duten hirietan bigarrena Europan, hots; herritar bakoitzeko 21 bisitari. Non lo egin aurkitu behar dute horiek guztiek, baina Venezia prest dago horretarako.

Hala adierazten du Marco Polo izeneko liburu denda baten aurrean zenbait ekintzailek jarritako zenbatzaile elektronikoak. Joan den apirilean jarri zuten martxan aparatua. Hirian turistentzat dagoen ohe kopurua ematen du: gaur egun, 48.600 inguru daude. Baina hori ez da hirian abian dagoen zenbatzaile elektroniko bakarra. Bada beste bat, 2008an instalatu zutena, eta hiriko alde zaharrean bizi diren herritarren kopurua adierazten du, hots, 49.365 pertsona inguru. Bi datuak parez pare jarrita, argi dago zein den ekuazioaren emaitza: alde zaharreko herritar adina ohe daude hirian turistentzat, ia.

Kanalen hiritik 800 kilometro hego-ekialdera dago orain gutxi Europako masa turismoaren zerrendara batu den hiri bat, Dubrovnik. Hein handi batean, Kroazia kostaldeko hiriak HBO plataformak ekoitzitako Game of Thrones telesailari zor dio azken urteotako fama; han baitago fikziozko erreinuko hiriburua, King's Landing. 2011n, 500.000 bisitari izan ziren hirian. Zortzi urte ondoren, 2019an, 1,5 milioi bisitari. Statistak urte hartan egindako ikerketaren arabera, Dubrovnik da Europan biztanleko bisitari gehien duen hiria: 36 turista herritar bakoitzeko.

Hein handi batean, jendearen etengabeko joan-etorriek elikatzen dituzte Bartzelonako, Dubrovnikeko eta Veneziako ekonomiak. Baina eman adina ken dezakete, bisitarien kopurua hiria bera baino handiagoa denean batez ere. Unescok 2017an ohartarazi zuenez, Dubrovnikeko alde zaharrean ez lirateke aldi berean pilatu behar 8.000 lagun baino gehiago. Ordutik, mugatuta dago egunean hirian sar daitezkeen bisitarien kopurua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.