Txanpon beraren bi aldeak izan dira luzaroan Kukuxumusu eta Mikel Urmeneta. 1989an Koldo Aiestaran eta Txema Dominguez de Bidaurretarekin batera marka sortu zuenetik, Urmeneta izan da marrazki faktoriaren erreferente eta irudi publikoa. Orain arte: eten da enpresa eta marrazkilariaren arteko erlazioa. Egoeraren aurrean, egitasmo berria jarri du abian Urmenetak. Atzo aurkeztu zuen Katuki Saguyaki, Iruñean, Kukuxumusuko «marrazkilari historiko» Txema Sanz, Belatz, Marko eta Asisko Urmenetarekin batera. Kukuxumusurekin zuen harremanaren bukaera azaltzeko baliatu zuen agerraldia.
Kronologia azkar batean laburbildu zuen enpresaren ibilbidea: orain 27 urte jarri zuten martxan Kukuxumusu, «marrazkiak euskarri ezberdinetara eramatea, orduko souvenir-en merkatu aspergarria iraultzea, ongi pasatzea eta ongi pasaraztea» xede. Denborarekin, handituz joan zen egitasmoa; Euskal Herrian zein nazioartean 19 denda ireki eta ehundik gora langile enplegatu zituen.
Krisiak, hala ere, «amildegi ertzean» jarri zuen konpainia, Urmenetaren esanetan, eta hartzekodunen konkurtsoan sartu zen elastikoen ekoizpenerako adarra. «Finantzaketa gihar beharrean» zirela, Ricardo Bermejo «diseinatzaile, publizista eta Nafarroako Kutxaren entxufatuarekin» ituna sinatu zuen Kukuxumusuk. Ordura arte CANeko komunikazio arloko lanak hartzen zituen Bermejok, Bermer & Co bere konpainiaren bidez. Hitzarmenarekin, Kukuxumusuren bi herenen jabe —haien zatiak saldu zituzten Aiestaran eta Dominguez de Bidaurretak— eta enpresaren «administratzaile» egin zen.
Urmenetak, hain justu, Bermejo egin du hortik aurrera gertatutakoaren erantzule: «Jostailu berri bat erosi zuen, jarraibideak irakurri gabe». Jabeak, gainera, Kukuxumusuren «historia eta filosofia» baztertu zituela salatu zuen atzo marrazkilariak, eta «tipografia eta logotipoa aldatzea, marrazkiak manipulatzea eta euskara gaizki tratatzea» egotzi zion. Horren ostean, «kaleratze nabarmenak» izan zirela esan zuen Urmenetak: Antxon Iñarrea bazkidearena, batetik; eta berea, bestetik. Iazko ekainean jakinarazi zioten kaleratzea, abenduan indarrean sartzekoa zena, eta azkenean, azaroaren 3ra aurreratu zena: egun horretan, «hainbat ez ordaintze eta marrazkilariekiko mespretxu keinuen ostean», eztabaida «sutsua» izan zuten Bermejok eta Urmenetak: «Ordenagailua erauzten amaitu nuen».
Iazko azaroaren 5ean Bermejok bidalitako burofax bat irakurri zuen atzo Urmenetak. Kontratuaren etetea jakinarazten zion bertan enpresako jabeak. Keinu horrekin, konpainiak emandako bertsioa gezurtatu nahi izan zuen marrazkilariak. Izan ere, herenegun zabaldutako oharrean, kaleratzea ukatu eta enpresa bere kabuz utzi izana egotzi zion Kukuxumusuk Urmenetari. Kontratu berri bat negoziatzeko aukera eman ziotela ere esan zuen enpresak, eta marrazkilariak horren aurrean izaniko jarrera gaitzetsi: «Ez du ulertu nahi izan enpresa, langileak eta marka bere pertsona baino inportanteagoak direla».
Urmeneta kanpoan, honezkero ez dago enpresan fundatzailerik. Atzo bere inguruan izandako marrazkilariek ere Kukuxumusurekin zuten harremana apurtu dute azken gertakarien ondorioz. «Desagertu egin da Kukuxumusuren DNA», esan zuen Urmenetak. Oraingoz, baina, enpresaren %33aren jabe izaten segituko du.
Edonola, «iraganaz hitz egiteari utzi » nahi dio Urmenetak, atzo azaldu zuenez. Bide horretan aurkeztu zuen Katuki Saguyaki egitasmoa, «umore subrealista eta irudimentsuaz gozatzen jarraitzeko. Marrazkiak eta teknologia, biak izango dira ardatz nagusi.
Lagun batek Japonian bizitako istorioa du oinarrian proiektuaren izenak: etxera iristean, saguz betetako kaiolako barroteen artean hankak trabatuta aurkitu zuen katua; haren atzaparrak jaten ari ziren saguak. Izena «originala, dibertigarria eta irakurketa askotakoa» dela uste du Urmenetak. Atzo aurkeztu zuten marka berriaren lehen produktua: Iruñeko Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak protagonista dituen irudia. Egitasmoaren bereizgarriak aurreratu zituen: «Gure kultura eta hizkuntza zaindu, eta elkartasun proiektuetan interes handia jarriko dugu». Sarean saltoki bat ere jarriko dute martxan. «Eguneroko gauzez, heriotzaz, geure buruaz eta besteez» barre egiteko asmoz jaio da egitasmoa.
Barre egiten jarraitzeko
Egitasmo berria aurkeztu du Mikel Urmenetak, Katuki Saguyaki izenpean.Kukuxumusurekin harremana eten ondoren dator erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu