Ez dago dirurik denetarako. Ideia horren inguruan osatu du bere hitzaldia Michel Barnier Frantziako lehen ministroak, bere gobernuaren politika aurkezteko Asanblean egindako agerraldian. Kontu publikoen egoera «katastrofikoak» markatuko du Barnierren agintaldia, eta defizit publikoa arintzea izango da gobernu berriaren helburu lehena.
Horretarako zehazki zer egingo duen ez du azaldu, baina bai, ordea, defizitaren murrizketaren bi heren gastu publikoa txikituz lortu nahi duela. Iragarri du zerga igoerak «aldi baterakoak» eta «jomuga zehatzekoak» izango direla, eta enpresa handien irabaziei eta «aberatsenei» soilik eragingo dietela.
Ikusi gehiago
Datorren astean aurkeztekoa du gobernuak 2025erako aurrekontua, eta ordurako espero dira neurri zehatzagoak. Hedabideetan azaldu denez, gobernua aztertzen ari da mila milioi eurotik gorako salmentak dituzten enpresen sozietate zerga urtebetez %25etik %33,5era igotzea eta enpresek beren akzioak erostean zerga berezi bat ordaintzea.
Zor publiko «kolosala»
Kontu publikoen egoerarekin abiatu du hitzaldia Barnierrek, eta panorama beltza marraztu du. Urtetik urtera defizit handiak pilatzearen ondorioz, Frantziak dagoeneko 3,28 bilioi euroren zor publiko «kolosala» du, eta hori «Damoklesen ezpata» bat dela ziurtatu du, zor horren interesak ordaintzeak 51.000 milioi euroren kostua duelako —aurrekontuaren sail handienetan bigarrena da, hezkuntzaren ondoren—.
Barnierrek azaldu du defizit publikoa BPGaren %6ra iristekoa dela aurten, eta iragarri du gehiago handituko dela datorren urtean «ezer egiten ez badugu». Baina zerbait egingo duela agindu du, eta bi konpromiso hartu ditu: 2025ean, %5era jaitsiko da defizita, eta 2029an iritsiko da %3ra, Europako Egonkortasun Itunak zehazten duen gehienezko kopurura. Aurreko gobernuak 2027an nahi zuen kopuru horretara iritsi, baina zerga bilketa uste baino pattalago dabil, eta gastua, ordea, ez da murriztu.
Kopuru horiek betetzea ez da erraza izango. Izan ere, defizita %6tik %3ra jaisteak 90.000 milioi euroren aurrezkia (edo diru sarrera gehigarria) eskatzen du. Ideia bat egiteko, Hezkuntza Ministerioaren aurrekontua 63.600 milioi eurorena izan da aurten.
Gehiengoa, auzitan
Defizita murriztearen berezko zailtasunari batuko zaio gobernuaren ahultasuna. Barnierren gobernua ez da gehiengo sendo baten inguruan eratu, Emmanuel Macron Frantziako Errepublikako presidenteak ezkerraren zati bati jarritako betoaren inguruan baizik. Ezkerreko NPF Fronte Popular Berriak, diputatu gehien dituen taldeak, legitimitatea ukatzen dio Barnierri, eta hori gogorarazi diote talde horretako diputatu askok, oihuka aritu baitira Barnierren hitzaldi osoan. Talde horrek Barnierren aurkako zentsura mozioa aurkeztu du, eta haren alde bozkatzeko deitu ditu beste taldeak. Marine Le Pen RN Batasun Nazionaleko buruak baieztatu du ez dutela mozioaren alde egingo.
Teorian eskuineko familien babesa du Barnierrek, baina ez dago garbi haien artean nahiko babes lortuko ote duen zerga igoerak berresteko. Diputatu macronista ezagun batzuek, tartean Gerald Darmanin Barne ministro ohiak, ohartarazi dute zerga igoeren aurkako botoa emango dutela. Haren alboan esertzen dena, Gabriel Attal oraintsu arteko lehen ministroa, enpresei zergak igotzearen aurka mintzatu da, baina ez du gaizki hartu enpresek zergak ordaintzea beren akzioen erosteagatik.
Zergen emendatzearen aurkako kontrako jarrera du Barnierren alderdiak berak, eskuineko Errepublikanoak, eta adierazi du gastu publikoa murriztea dela defizita gutxitzeko bidea. Baina salbuespen bat egiteko prest daudela esan du haien buruak, Laurent Wauquiezek. «Gastuei dagokienez benetako ahalegina egongo al da, eta zergetan eskatutakoa aldi baterakoa, salbuespenezkoa eta bidezkoa izango al da? Hala bada, babestuko dugu», adierazi du Wauquiezek, RTL irratian. Darmanin aipatu gabe, harekin bereziki kritiko azaldu da: «Nahiko bitxia da zazpi urtez ministro izan direnek, eta gaur egungo kontu publikoen egoera katastrofikoa lagundu dutenek, iritsi berri den lehen ministro bati ikasgaiak eman nahi izatea».
beste gaiak
- SMIC. Gutxieneko soldataren %2ko emendatzea bi hilabetez aurreratuko du gobernuak: azaroaren 1ean izango da, eta ez urtarrilaren 1ean.
- Kaledonia Berria. Barnierrek azaldu du «garai berri bat» zabaldu nahi duela Pazifikoko kolonian, eta haren estatusari buruz ados jartzen saiatuko dela. Lehen keinu gisa, eten egingo du uharteetako hauteskunde erroldan Europatik azkenaldian iritsitakoak sartzeko Frantziako Asanbleak berak onartzeko legea. Puntu horrek kanakiar jatorrikoen haserrea eragin du, beren lurraldean gutxiengoan geratzeko beldur direlako. Kongresuaren esku zegoen lege hori berrestea, hau da, Asanblearen eta Senatuaren saio bateratu baten esku, baina Barnierrek prozedura etengo du.
- Lerro gorriak. Oso eskuinera ez duela joko erakutsi nahian, Barnierrek esan du gai batzuen inguruan ez duela gibeleratzerik onartuko: arrazakeriaren, antisemitismoaren eta «komunitarismoaren» aurkako borroka, laikotasuna, emakumeen aurkako indarkeria, sexu berekoen arteko ezkontza, abortua...
- Immigrazioa. Mugetan kontrol zorrotzagoak agindu ditu, immigrazioa mugatu ahal izateko, eta esan du indartu egingo dituela kanporatze agindua dutenak Frantziatik botatzeko ahaleginak.
- Erretreten erreforma. Macronen agintaldiko erreformarik gatazkatsuena izan da erretretarena. Zenbait puntu «zuzentzeko» prest azaldu da, elkarrizketa bidez.
- Proportzionala. Hauteskundeetan ordezkaritza proportzionalagoa sartzeari buruz «mintzatzeko» prest azaldu da. Eskuin muturraren ohiko eskaera da, gaurko sistemak kalte egiten diolakoan.
- Energia. Iragarri du erreaktore nuklear gehiago sustatuko dituela. Energia berriztagarrien alde mintzatu da, baina zehaztu du eolikoaren inpaktuak ongi neurtu behar direla.