Gaindegiako bazkidea

Antxon Lafont Mendizabal: «Barnealdean du euskaldunak bere ekonomia gauzatu beharko»

Euskal Herri osoko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea amesten du; nonbait Gaindegiarekin lortzea espero duena.

Antxon Lafont ekonomista eta enpresaburua. JENOFA BERHOKOIRIGOIN
Antxon Lafont ekonomista eta enpresaburua. JENOFA BERHOKOIRIGOIN
Jenofa Berhokoirigoin.
Donostia
2011ko apirilaren 22a
00:00
Entzun

«Gehiagotik hobera» printzipioan sinesten du Antton Lafontek (Donostia, 1935). Beti gehiago ekoitzi beharrean hobe ekoitzi behar dela dio Gaindegiako bazkideak. Munduan, besteetarik ezberdintzeko gisan, kalitateari lehentasuna ematera aholkatzen ditu Euskal Herriko ekoizleak.

2004an sortu zen Gaindegia. Nola baloratzen duzu egin bidea?

Gure printzipioetariko bat zen egitura eta funtzionamendu beharrei erantzuteko diru laguntzarik ez eskatzea, gure arima deabruari ez saltzeko. Printzipio hori segitu dugu. Egitasmo batzuk gauzatu ditugu, baina ez beharbada espero genuen bezainbat, ekintzetarako diru laguntzak uste baino gutxiago izan direlako. Erran dezakegu Euskal Herri osoko ekonomiaren behatoki gisa ezagutua izan dela Gaindegia. Ipar Euskal Herria ere barne sartu genuen. Ez da erraza izan; domaia da, zeren helburuetariko bat zen Euskal Herri osoko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea sortzea. Ez zen ofiziala izanen, baina berez hori izanen zen; bai Hegoaldeko bai Iparraldeko industriaburu, nekazari, arrantzari, unibertsitate ikasleak konbentzitu bagenitu lortuko genuen. Gure herriaren onerako izanen zen, hainbat egitasmoen inguruan hitz egin eta iritzia emanen genuelako. Adibidez, ekonomikoki justifikatua ez den eta ingurumenarekiko atentatu handi bat den Pasaiako kanpo portuari buruz. Argudio multzoan Bilbo, Santander, Girona aipatzen dituzte, baina ez Baiona! Alta, gure herrian 40 kilometro barne, bi portu horiek ditugu. Horrez gain, garapenerako norabideak zehaztuko zituen, eta biziaz dugun kontzepzio batetik bestera pasarazten lagundu. Hau da, gehiago-tik hobera pasatzea. Denek diote utopia bat dela, baina nik utopia eraikigarriak ditut begi bistan.

Euskal Herriak «gehiagotik hobera» printzipioan oinarritu behar duela diozu.

Bai, uste dut Euskal Herriak munduan kokatu beharko duela, printzipio horren bidez besteetarik desberdinduz. Horretarako, jendarte zibilak norabide hori hartu, eta jendarte politikoa presionatu beharko du.

Zergatik da inportanta herri batek bere zifra ekonomiko-sozialak eskuratzea eta, horrez gain, lokalki lortuak izatea?

Niri berdin zait tokiko batek edo INSEEk eskuratzea, baina Ipar Euskal Herriari eta Euskal Herriari buruzkoak izatea zait inporta. Merkataritza eta Industria Ganberako zuzendari nintzenean, Zuberoa kontuan hartzeko borrokatu nintzen, eta Ipar Euskal
Herria bere osotasunean hartzen zuen egitura bakarra zen garaian. Baina abertzaleek ez zuten kontuan hartu; alta, garaian Euskal Herriaren izenean hitz eginez egitasmo batzuk gauzatzen ahalko genituen. Gaindegiak hori du helburu, eta horrek dio mami politiko-zibila ematen egiturari.

Zer egoeratan da Ipar Euskal Herriko ekonomia?

Kostaldearen garapena soilik turistikoa da, industria ere badu, baina ez dena euskaldunon eskuetan. Badira euskaldunen esku diren industria lorpen interesgarriak, baina gutxi dira. Euskal Herri barnealdean du euskaldunak bere ekonomia gauzatu beharko, kostaldea jada hartua delako. Eta barnealdeko ekonomia azkartua ukanen dugunean, orduan kostalderantz joaten ahalko gara. Hego Euskal Herriarekin gehiago kolaboratu behar da. Eta kalitateari eman behar zaio lehentasuna, eta hori ez bakarrik laborantzan. Euskaldunok behar dugu marka gisako zerbait, dioena: «Guk kalitatea ekoizten dugu».

Lurralde antolaketan lurra eta nortasuna hartu behar direla kontuan diozu. Zer diozu Ipar Euskal Herriko lurralde antolaketaz?

Lurraldea lurraz eta nortasunaz osatua da, eta, nortasuna kentzen baduzu, soilik lurra da geratzen. Nortasuna ez bada kontuan hartzen, lurralde antolaketa zolaren okupazio plano bat besterik ez da. Adibidez, Garapen Kontseiluaren lurralde antolaketa zolaren okupazio plano bat da; lurralde antolaketa ezin daiteke Bidasoan gelditu; kulturak eta horren adierazpenak ez du mugarik.

Nahiz bi estatuen artean zatituak izan, egingarria ikusten al duzu Euskal Herri osoa kontuan hartuko lukeen lurralde antolaketa?

Nire ustez ez, lurralde antolaketa plano batek lurralde txiki bat baino zabalagoa izan behar duelako. Euskal Herriari mugatuz, zolaren okupazio planoa litzateke; eremu horretara mugatuz ezingo genuke lan egin. Europa ezingo dugu eraiki estatuen mugetan mugatzen diren lurralde antolaketekin. Pirinioak har ditzazkeen euroeskualdea proposatzen dut. Hain zuzen, eremuak zabalagoa izan behar du, baina euskal nortasuna kontuan hartuko duen eremua izan beharko du; burujabe izan beharko dugu, eta hori, eremu horretan diren beste kulturak onartuz. Gure nortasunaren bizia eta garapena Europaren koadroak digu ahalbidetuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.