Barazki kontserben Nafarroako lan hitzarmen propioa lortu nahi du LABek

Sektorean diharduten 10.000 langileei Espainiako hitzarmena aplikatzen zaie, eta, sindikatuaren arabera, haren baldintzak ez dira duinak. Biltzeko deia egin die enpresei.

Bi emakume, zainzuriak garbitzen, Alloko kontserba fabrika batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Bi emakume, zainzuriak garbitzen, Alloko kontserba fabrika batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko azaroaren 19a
15:25
Entzun

LAB sindikatuak barazki kontserben sektoreko lan hitzarmen propioa bultzatu nahi du Nafarroan. Horrenbestez, sektoreko enpresei eta beste sindikatuei dei egin diete negoziatzera eser daitezen, horrela «10.000 langileen baldintzak duindu ahal izateko». Egun, Espainiako lan hitzarmena aplikatzen zaie, eta, haren soldata taulen arabera, jaso dezaketen diru saririk handiena 1.400 euro gordinekoa da.

LABek barazki kontserben Nafarroako sektoreko enpresekin eta mahai negoziatzailea osatzeko adina ordezkari duten sindikatuekin biltzeko asmoa plazaratu du, horrela lurraldeko lan hitzarmena osatzeko lehen pausoak eman ahal izateko. Sindikatu subiranistak Cadreitan (Nafarroa) egin die dei, sektoreko enpresa gehienak Erriberan baitaude. Onartuz gero, Espainiako lan hitzarmena aplikatzeari utzi beharko liokete, eta Nafarroakoaren alde egin.

LABek Espainiako lan hitzarmenaren hainbat baldintza azaldu ditu. Esaterako, soldata taulan hamabost maila daude, eta horietatik sei gutxieneko soldatatik behera daude. Handiena, berriz, 1.400 euro gordinekoa da, eta ez da batere ohikoa. Lanorduei dagokienez, 1.776 dira, Nafarroako enpresa gehienetan baino askoz gehiago.

LABek salatu du lan itun horrek aitortzen dituen gizarte eskubideak egun Nafarroako gizarteak dituenetatik «oso urrun» daudela. Alde horretatik, adierazi du «Espainiako patronalaren negoziazio esparrua» ez dela egokia, ez baitu Nafarroako langileen baldintzak duintzeko asmorik: «Hemen arautu behar dira, Nafarroan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.