Bankuetatik aulkietara

Espainiako Auzitegi Nazionalak Caixa Penedeseko agintari ohien kontrako epaiketa hasi du

Pages, Caellas, Trouano eta Abella Caixa Penedesko buruak, atzo, Espainiako Auzitegi Nazionalean. CHEMA MOYA / EFE.
Jon Fernandez.
2014ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bankuetako agintariak epaitegietako aulkietan ikustea ez da ohiko argazkia. Ezta sei urteren ondoren konpondu barik jarraitzen duen finantza krisiaren erdian ere. Horregatik da albiste Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea baten aurrean lau bankari akusatuen aulkian eserita ikustea. Auzitegi horrek aurrezki kutxetako zuzendari batzuei irekitako lehen epaiketa hasi zen atzo Madrilen. Akusatuak lau dira: Ricard Pages Font Caixa Penedeseko zuzendari ohia, eta Manuel Troyano Molina, Santiago Jose Abella Rodriguez eta Juan Caellas Fernandez Caixa Penedeseko zuzendaritzako kide ohiak. Euren buruarentzat modu irregularrean pentsio plan handiak onartzea leporatzen diete. Lehenengo argazkia da, baina ez da azkena izango. Izan ere, Auzitegi Nazionalak CAMeko eta Novacaixagaliciako gidari ohiak ere epaituko ditu datozen hilabeteetan aurrezki kutxen kontura aberasteagatik.

Iruzurraren kontrako fiskaltzaren ustez, Caixa Penedeseko lau akusatuek, zendutako Jaume Jorba aurrezki kutxako Giza Baliabideetako zuzendari ohiarekin batera, 31,6 milioi euro poltsikoratu zituzten pentsio eta hainbat polizaren bidez. Fiskalaren arabera, 2001ean hasi ziren bostak, «elkarren arteko adostasunez», euren interes pertsonalerako eta kutxaren kalterako neurriak onartzen, «iruzur bidez eta erakundeko organo kolegiatu nagusien bizkar». Fiskaltzak aurrezki kutxari kalte-ordainak pagatzeko eskatu die lau akusatuei —12,6 milioi euro—, eta baita Jorbaren ondorengoei ere —bere oinordekoek 2,5 milioitik gora bueltatu behar lituzkete—.

Krisi ekonomikoa hasi aurretik hasi zuten iruzurra, baina 2008tik aurrera, Caixa Penedesek ere estutasun ekonomikoak pairatu arren, ez zuten plana baztertu. Areago, euren trikimailuak ahal bezain lasterren bermatzeko erabakiak hartu zituzten. 2010ean Caixa Penedes Banco Mare Nostrumen (BNM) barruan sartu zenean —Caja Granada, Caja Murcia eta Sa Nostra Caja de Balearesekin batera— eta FROBek 915 milioi euroko laguntza eman zion une berean, Pagesek eta beste akusatuek euren pribilegioak blindatu zituzten formalki euren kontratuetan. Fiskaltzaren esanetan, «itsumustuan eta eurek kontrolatutako Ordainsarien Batzordea eta Batzorde Eragilea bilduta» egin zuten iruzurrezko tramitea.

2013an, hain zuzen ere, ehun urte bete zituen Caixa Penedesek, baina ez zen ospakizunetarako urtea izan. Iaz, Banco Sabadellek bereganatu egin zuen BNM, eta horrela, behin betiko desagertu zen Caixa Penedes.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.