Hipoteken zerga

Bankuen amesgaiztoa

Zoru klausulak, lehentasunezko ekarpenak, IRPH erreferentzia, menpeko ekarpenak... Finantza entitateen aurkako milioi bat salaketa inguru jaso dituzte Espainiako epaitegiek azken bost urteetan.

xabier martin
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako bankaren abusuzko jarduerekin lotutako salaketek epaitegiak kolapsatu dituzte. Zoru klausulak eta swap kredituak baliogabetzeko, lehentasunezko eta menpeko ekarpenen dirua itzultzeko, edota IRPH erreferentzia ordezkatzeko jarri dituzte kontsumitzaileek demanda horiek; milioi bat inguru bost urtean. Hipoteken gaineko eskrituren zerga bankaren amesgaiztoaren azken atala izan da.

Baina ez dira izan bakarrik salaketak; bankuen bezeroek defenditu egin behar izan dute urte gutxian hipoteken exekuzioek hartutako abiaduraren aurrean, adibidez. Jose Luis Rodriguez Zapatero Moncloako maizter zela abiatu zen auzi eskeen ufada, orain hamar urte, eta Europako justiziaren hauspoarekin gehienetan. Espainiak «finantza sistema sendo eta irmoa» zuela aldarrikatu zuenean hasi zen erromesaldi judiziala, eta Mariano Rajoyk Espainiako erreskatea ontzat eman zuenean indartu zen, ozen esan zuenean erreskate horrek ez zuela gastu publikorik eragingo.

ZORU KLAUSULA



CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren arabera, zoru klausulekin lotutako 178.800 kasu daude oraindik ebazteko. Hego Euskal Herrian, ia 100.000 lagunen hipoteka kontratuetan azaltzen ziren zoru klausulak, baina haietako batzuek dagoeneko negoziatu dute bankuekin. 2016ko abenduan, EBko Justizia Auzitegi Gorenak ebatzi zuen bankuek interesak ere ordainduko zituztela zoru klausulak itzulitakoan. Ordutik, 52.000 kasu aztertu ditu Espainiako justiziak propio zabaldutako epaitegi berezien bidez, eta bezeroei eman die arrazoia ia beti (%97,3). Horrez gain, bitartekaritza sistemaren bidez, milioi bat erreklamaziotik gora jaso dituzte bankuek, eta kasuen %37tan dirua itzuli dute. Esan beharrik ez dago: itzulketa lortzen ez dutenek auzitara jotzen dute. Zoru klausulen auziak egin dio kalterik handiena bankari orain arte; bankuek interesen jaitsiera saihesteko 2009tik hipoteketan ipini zituzten klausulak dira. Etxebizitzen hipotekak kalkulatzeko euribor indizeak finkatzen dituen interesei izkin egin, eta tasa finkoak jarri zituzten bankuek behetik, galerei atea ixteko.

IRPH ERREFERENTZIA



Hipoteken interesa ezartzeko euriborra ez, baina IRPH erreferentzia baliogabetzeko eskaerak ere bide luzea egin du epaitegietan. Batasuneko Justizia Auzitegian epaiaren zain dago Gorenak legezkotzat jotako IRPH erreferentzia indizearen klausulen auzia. 2019 hasierarako espero da Espainiako bankuentzat 4.000 milioi euroko eragina izan dezakeen auzi horren ikustaldia.

LEHENTASUNEZKO EKARPENAK



Amaierarik gabeko inbertsio produktuen salmentak goia zuen 2009tik 2011ra. 700.000 lehentasunezko ekarpen saldu zituzten finantza entitateek, gehienetan behar bezainbesteko gardentasunik gabe. Euskal Herrian menpeko ekarpenen auzia dago. 40.000 lagunek erosi zituzten ekarpen horiek, eta 845 milioi jarri zituzten: 660 milioi Eroskin eta 185 Fagor Etxetresnak enpresan. Bi produktuen artean alde nabarmena dago, ordea: interesa ordaintzea bermatua dago euskal ekarpenetan, baina ez finantza erakundeen lehentasunezkoetan. Epaitegiek 69.000 kasu ebatzi dituzte produktu bien inguruan, gehienetan bezeroen alde.

ETXEGABETZEAK



Hamar urtean 700.000 salaketa jarri ditu Espainiako bankak hipotekak exekutatzeko. Aktibo toxikoz bete dira bankuak, eta orain funts batzuk dira etxebizitza jabe handienak, Sareb erakundeaz gain. Azken bost urteetan 143.683 etxegabetze eskatu dituzte bankuek epaitegietan, 502 astero. Aurtengo lehen seihilekoan, 424ra jaitsi da batezbesteko hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.