Kutxabanken bazkide pribatuak sartzea gertaera saihetsezin baten modura irudikatu ohi zuen Mario Fernandez presidente ohiak. Ez du hori pentsatzen presidente berriak, Gregorio Billalabetiak. Azken erabakia banku fundazioen eskuetan dago oraindik, baina, gaur-gaurkoz, bazkide pribatuak sartzea ez da aztertzen ari diren lehen aukera. Pribatizazioa urrundu egin da, oraingoz.
Etorkizuneko ildoak definitzeko momentua da banku fundazio bihurtutako aurrezki kutxentzat. Kutxabanken akziodun eta jabe bakarrak izaten jarraitu nahi badute, traba tekniko batzuk gainditu beharko dituzte. Lehenbizikoa da elkar hartuta dauden edo ez argitzea. Espainiako Bankuak elkar hartuta daudela erabakitzen badu —eta hala egin zuen hasieran— erreserba funtsa akzioen %100 horren arabera hornitu beharko lukete BBK-k, Vitalek eta Kutxak. Batera ari ez direla onartuz gero, soilik BBK-k luke betebehar hori, akzioen %50 baino gehiago dituelako.
Hiru kutxek alegazioak aurkeztu zituzten, eta Espainiako Bankuak ez du oraindik azken iritzia eman. Hala ere, gainditutzat jo zuen arazoa atzo Billalabeitiak: «Elkar hartuta egoteak funtsa nabarmen zailduko luke; ez dago behin betiko zirkularra, baina geure kasuan elkar hartuta ez geundekeela dirudi».
Euren burua erakunde independente gisa aurkezteko urrats batzuk egiten ari dira fundazioak. Esaterako, amaitutzat jo dute Kutxabank fusio hotz baten bidez sortzeko modua ekarri zuen akordioa. Zer esan nahi du horrek? Erakundeak batera aritzen zirela ondorioztatzeko ituna bertan behera geratu dela. Akziodunen akordio berria laster jakinaraziko diote Espainiako Bankuari, eta elkar hartuta ez daudela adierazteko moduak jasoko ditu.
«Saltzeko unerik txarrena»
BBK-k erreserba funtsa hornitzeko alternatiba aukeratu du, eta hori jasoko duen protokoloa prestatzen ari da orain. Aukera horrek «zentzua» duela esan zuen Kutxabankeko presidenteak. «Erakunde honek ez du laguntzarik edo erreskaterik jaso. Ez du merezi inork bultzatzea bere kapitalaren parte bat behar baino lehen saltzera». Gainera, finantza erakunde bat saltzeko «unerik txarrena» dela nabarmendu zuen.
Oraintxe, bankuaren lehentasuna ez da handitzea. Errentagarritasuna eta eraginkortasuna hobetzeko erronka jarri dio bere buruari presidente berriak. Estrategia horretan, ez dago arrazoi handirik burtsara ateratzeko. Erreserba funtsa eratzeak epe ertainera aukera estrategiko guztiak oraindik zabalik izateko modua dakar, orain erabaki azkar eta traumatiko bat hartu ordez.
Hala ere, erreserba funtsa sortzeak ez ditu arazo guztiak konponduko. Espero liteke Espainiako Bankuak zalantzak izatea, banku fundazioen diru iturri bakarra Kutxabanken dibidendua izateak dakarren arriskua dela eta. Beste era batera esanda, fundazioei eskatuko die argitzeko nolako estrategiak prestatuko dituzten bestelako diru sarrera osagarriak izateko.
Irtenbide bat bankuak enpresetan dituen parte hartze oparoetatik etor liteke. Fundazioek gizarte ekintzaren kontzeptua zabaltzeko gogoeta egiten ari dira, eta, horren barruan, ezin da baztertu industria akzioen zorro bat izatea. Gaur egun, 3.300 milioi ditu Kutxabankek inbertituta 170 enpresatan. Parte hartze estrategikoenak Iberdrola, Euskaltel eta CAF dira. Akzio horien parte bat banku fundazioen esku musu truk uzteko bidea izan liteke jenerotan emandako dibidendu berezi bat.
Kutxabanken urteko emaitzak. Akzioen pribatizazioa
Bankuaren parte bat pribatizatzeko aukera urrundu du Billalabeitiak
«Erakunde honek ez du merezi inork bultzatzea behar baino lehen kapitala saltzera», azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu