Iñaki Irasuegi. Sestaoko Naval ontziolako zuzendaria

«Bankuak hurbiltzen ari dira; kontratuak lortzeko aukera hobea dugu»

Tax lease auziak gogor astindu zuen Sestaoko Naval ontziola: lau urtean, bederatzi erregulazio espediente izan zituzten. Gaur egun, lau kontratu dituzte indarrean, eta lana badute 2017ra arte gutxienez.

2015eko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Pozik egoteko arrazoiak baditu Iñaki Irasuegi (Portugalete, 1956) Sestaoko Naval ontziolako zuzendariak. Lau kontratu dituzte martxan, eta lan erregulazio espedienterik gabe ekin diote urteari. Ez du ukatzen egoera hobetu dela, baina zuhurtziaz begiratu dio ontzigintzaren etorkizunari.

Zein eragin izan zuen tax lease auziak Naval ontziolan?

Tax lease finantza erreminta bat zen, eta barkuen kontratazioak errazago lortzeko bidea ematen zuen. Sistemari salaketa jarri ziotenean, inbertitzaileek eta finantza erakundeek atzera egin zuten: bankuek ontzi industriaren finantzaketa gelditu zuten, eta horrek kontratuak lortzekozailtasuna areagotu zuen. Ekoizpena geldituz joan zen, eta lan erregulazio espediente batzuk jarri behar izan genituen martxan.

Zein dira sistema berriaren oinarriak?

Herbehereen salaketa dela medio, tax lease sistema zaharrari a priori traba batzuk jarri zizkioten. Hori dela eta, Espainiako Gobernuak zentzu horretan ukiezina eta salaezina izango zen finantzaketa sistema jarri zuen abian. Izan ere, ez zen batere komenigarria sistema berriak zalantzarik sortzea, eta jakina, garrantzitsua zen Bruselaren oniritzia lortzea.

Azken lau urtean, bederatzi lan erregulazio espediente izan dituzue. Aurten, lehen aldiz, erregulazio espedienterik gabe ekin diozue urteari. Zein da, orain, ontziolaren egoera?

Krisi garaian, berregituraketa batzuk egin behar izan genituen. Gaur egun, 200 langile inguru ditugu, eta ontzioletako eta industria laguntzaileen ekoizpena suspertu da.

Sektorearen desagertzeaz ere hitz egin zuten ontzioletako sindikatuak, eta, orain, aste bakar batean, hiru itsasoratze izan dira Euskal Herriko ontzioletan. Zerk eragin du horrelako aldaketa?

Itsasoratze horiek jarduera areagotzearen fruitua dira. Gauzak nahiko ongi egiten ditugu, baina askotan hori ez da nahikoa izaten:Herbehereek jarritako salaketek ez diete segurtasunik ematen inbertitzaileei, eta finantza erakundeek sektorean inbertitzeari uzten diote. Ukaezina da ontziak egiteko teknologia zehatz bat ezagutu behar dela, baina ontziak egiteko inbertsio ekonomiko handiak behar dira, bankuek finantzatutako mekanismoak. Hortaz, ontziak egitea ezinezkoa da bankuek ez badute mailegurik eta bermerik ematen.

Gaur egun, beraz, sektorearen aldekoa da finantza erakundeen jarrera?

Bai, finantza erakundeak hurbiltzen ari dira. Beldurra galdu dute, tax lease berria daukagulako, eta tax lease zaharraren auzia erabatbukatuta ez badago ere, hasieran baino egoera onuragarriagoan itxi daitekeelako. Ondorioz, kontratuak lortzeko aukera hobeak ditugu.

Zenbat kontratu lortu dituzue tax lease sistema berriarekin?

2014. eta 2015.urteetan lau kontratu lortu ditugu: lehengo astean itsasoratu genuen bat, eta 2016ko urtarrilean entregatuko dugu. Bigarrena, urrian hasi ginen egiten, eta 2017ko apirilean entregatuko dugu. Hirugarrena, 2015eko abenduaren 1ean hasiko gara egiten, eta 2017ko maiatzean entregatuko dugu. Laugarrena, 2016ko maiatzean hasiko gara egiten, eta 2017ko azaroan entregatuko dugu.

Zein helburu dituzue etorkizunari begira?

Negoziazio komertziala etengabekoa da: 2018 eta 2019rako lan karga lortzeko operazio batzuk egiten ari gara, eta horietakoren bat denbora gutxian ixtea espero dugu. Baldintza makroekonomikoak aldatzen ez badira, ontzi-industria garatzen joango da. Dena den, denbora luzez egonkor iraun duten aldagai ekonomiko batzuk bat-batean alda daitezke, petrolioaren prezioarekin gertatu den moduan, eta kontuan hartu behar dugu horrek petrolio ontzien eskaera jaits dezakeela .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.