Burtsan kotizatzen duten enpresen bilakaera termometro ona izan ohi da ekonomia globalaren egoerari tenperatura hartzeko. Euskal Herriko enpresei dagokienez, 2024a urte gazi-gozoa izan da. Zortzik handitu dute euren balioa: bi erraldoiek —BBVA eta Iberdrola—, eta urteko irabazleak: Artechek. Gainerako hamarrek balioa galdu dute, eta horien artean batek bereziki: Gestampek. Bestela esanda, urte gozoa izan dute finantzen eta energien alorrekoek, eta gazia autogintzarekin loturikoek.
BBVAk eta Iberdrolak Espainiako Ibex-35ean kotizatzen dute. Indize horretako konpainien balioa %14,78 handitu da batez beste. Bilbon egoitza duen bankuaren akzioak apur bat gutxiago handitu diren arren —%14 gehiago, 9,45 euro—, oso bilakaera ona izan dute, bankuek iaz izan zituzten mozkin historikoek hauspotuta eta BBVAk Sabadell erosteko abiatu duen prozesuak lagunduta. Antzera dago Iberdrola: emaitza historikoak izan zituen iaz, eta haren akzioek urte hasieran baino %11,4 gehiago balio dute, 13,3 euro.
Baina aurten burtsan irabazle bat baldin badago, Arteche izan da irabazlea. %87 gehiago balio dute haren akzioek; 2021etik, burtsan kotizatzen hasi zenetik, inoizko gehien: 7,5 euro. Mungiako (Bizkaia) multinazionalak energia berriztagarrien haizea izan du lagun. Izan ere, sektore horretarako ekipo elektronikoak ekoizten ditu, bereziki AEBetarako, eta inbertsio handiak iragarri ditu hango merkatuan sartzeko, Trumpek indarrean jarri asmo duen muga zergen politikari aurre egiteko.
Ez dago zuzenean lotuta finantzen sektorearekin, baina higiezinen sektoreak harreman estua du harekin. Eta hain justu horretan aritzen da Neinor Homes. Haren akzioen balioa %57 handitu da, eta 16,9 eurotan pagatzen dira orain. Etxebizitza eskari handiak eta horien garestitzeak erakarri ditu inbertitzaileak enpresa horretara. Baita azken urteetan akziodunen artean banatu dituen dibidendu handiak ere.
CAF eta Viscofan, irmo
Gorabehera izugarririk gabe, baina sendo. Hala aritu dira aurten Hego Euskal Herriko beste bi enpresa historiko. CAFen akzioak %6 garestiago daude iaz baino, 34,9 eurotan. Beasaingo (Gipuzkoa) tren ekoizleak eskari zorroa gainezka izateak lagundu du horretan.
Viscofanen kasua berezia da. Hobera egin duen bakarrenetarikoa izan da bere sektorean —elikaduran—: haren akzioek 61 euro balio dute, %13,4 gehiago. Kasedako (Nafarroa) enpresak haragi produktuen tripa zorro artifizialak egiten ditu. Haren bezero nagusia AEBak izateak eta han dagoeneko hiru planta izateak piztu du inbertsiogileen arreta.
Burtsako hizkera erabilita, berdez amaitu duten beste enpresen artean Vocento azaltzen da. %13 handitu da komunikabide taldearen akzioen prezioa, 0,61 euroraino, eta sektoreak bizi duen krisiari eutsi dio. Azken urteetan bere produktu batzuekin arazoak izan dituen beste konpainia batek ere, Faes Farmak farmazia konpainiak, urte ona izan du: bere akzioen balioa %9,4 handitu da, 3,48 euroraino.
Ifrentzua: autogintza eta hodiak
Txanponaren beste aldean, euskal ekonomian oso garrantzitsuak diren bi sektoretako enpresa batzuk azaltzen dira: autogintza eta hodiak. Auto elektrikorako trantsizioak eta Txinako konkurrentziak dardarka jarri ditu Europako auto ekoizle nagusiak eta haientzat lan egiten dutenak. Gestamp erreferente bat izan da horientzat, baina Zamudion (Bizkaia) egoitza duen multinazionala oso garai zailean dago. Urtebetean %30 egin du behera haren balioak, eta haren akzioek 2,48 euro balio dute. Konparazio baterako, sektoreko eta lurralde bereko CIE Automotivek %1,2 galdu du, eta 25,4 euro balio dute haren akzioek.
Antzera daude hodi ekoizleak: Tubacexen akzioen balioa %5,9 jaitsi da, 3,25 eurora, eta Tubos Reunidosena, %25, 0,46 eurora. Emaitza txarrak izan arren, gogoratu behar da 2023an igoera ikusgarriak izan zituztela: Tubacexen akzioak %75 garestitu ziren, eta Tubos Reunidosenak, %162. Sektoreak urteak daramatza gorabehera handiak izaten, eta litekeena da Donald Trump Etxe Zurira itzultzearekin okerrera egitea, hark bere lehen agintaldian indarrean jarritako muga zergek kalte handia egin zuten eta.
Energia kontsumo handiko industrientzat ere urte txarra izan da: Iberpapel Gipuzkoako paper fabrikaren akzioek %1,9 galdu dute, eta Vidrala beiragilearenek, %2,5. Galera handia izan dute, halaber, Dominion teknologia enpresak (%17), Agile Content bideo eta telebista digitaleko soluzioen hornitzaileak (%14) eta NBI Bearing errodamendu ekoizleak (%19).