Banku oso bat, txanpon baten truke

Lehen aldiz, euroguneko banku bat diru publikorik gabe erreskatatzeko prozedura abiatu du EBZk Popularrekin. Santanderrek euro bat ordainduta hartu du, eta 7.000 milioi euro jarriko ditu bankuaren zuloak estaltzeko

Iker Aranburu.
2017ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Bankuak diru publikoa jarri gabe salba daitezkeela erakutsi nahi zuen euroguneak, eta hala lortu du, lehen aldiz, Espainiako Banco Popularrarekin. Printzipioz, Santander lehiakideak administrazioaren patrikan arakatu behar izan gabe salbatuko du Popular. Euro sinboliko bat jarri du haren truke, baina 7.000 milioi euroko kapital handitze bat egingo du, diru horrekin Popularrek etxegintzako mailegu ustelekin eragindako zuloak estaltzeko.

Luzea da diru publikoarekin salbatutako bankuen zerrenda: Bankia, Catalunya Banc, Novacaixagalicia, Royal Bank of Scotland, Anglo Irish Bank, Laiki... Zerrenda horretara Popular ez batu izana garaipen gisa saldu du Elke Koenigek, EBZren menpeeuroguneko bankuen likidazioaz arduratzen den SRB erakundeko buruzagiak: «Auzi honek erakutsi du krisiaren ondoren likidazio agintariei emandako tresnak eraginkorrak direla zergapekoen dirua babesteko».

Baina galtzailerik gabeko garaipenak ez direnez posible, kasu honek milaka galtzaile eragin ditu: azken unera arte Popularren akzioari eutsi dioten 300.000 inbertitzaileak, handi zein txiki. Dagoeneko bere inbertsioaren zatirik handiena galdua zuten: Popularren akzioa %99 amildu da 2008an 28 eurotan goia jo zuenetik, eta iragan astean soilik ia bere balioaren erdia galdu zuen, eta beste %25 azken egunotan. Hau da, akzio bakoitzak 31 zentimo balio zuela asteartean; atzo, berriz, zero. Popularren akziodunak Santanderrekoak izango dira orain, bankua guztiz beretzeko asmoa baitu Ana Botinek gidatzen duen bankuak.

Galtzaile izango dira Popularren menpeko zorra eta akzioak bihur daitezken bonuak erosi zituztenak ere, jarritako dirua osorik galduko dutelako.

Erosketarekin, Espainiako bankuetan nagusia bilakatuko da Santander (485.000 milioiren aktiboak), Caixabanken aurretik (370.000). Berez, Santander handiena da aspaldi, baina Espainiatik kanpo dituen adarrei esker gertatzen da hori —Erresuma Batukoak eta Hego Amerikakoak, bereziki—. Aurrerantzean, bere Espainiako adarrak hamazazpi milioi bezero izango ditu, 4.681 bulego eta 35.000 langile. Maileguetan %20ko kuota izango du—%7 zuen Popularrek—, eta %25ekoa, berriz, enpresa txiki eta ertainei emandakoetan, horietan liderra baitzen Popular —%18—.

Litekeena da bulego asko ixtea eta milaka langile kalera joatea, Santanderrek iragarri baitu 500 milioi euroren sinergiak lortu nahi dituela. Euskal Herrira ere iritsi daitezke murrizketak, presentzia esanguratsua duelako hemen ere, batez ere Banco de Vasconia bereganatu zuenetik, 2008an. Guztira, 90 bulego ditu, horietatik ia erdiak Nafarroan.

Historikoki banku zuhurra izan da Popular, Opus Deiri lotutakoa, eta enpresa txikiak eta ertainak ziren haren bezero nagusiak. Baina, errentagarritasuna handitu nahian, estrategia aldatu eta buru-belarri parte hartu zuen Espainiak bizi izan zuen eraikuntzaren mozkorraldian. Baina festa amaitu zenean, biharamuna sendatzen motel jokatu du Popularrek. Bere lehiakide gehienek baino mailegu toxiko gutxiago utzi zituen Sareb banku txarraren esku, eta gaur egun %14,6ko berankortasuna du, batezbestekoa baino bost puntu handiagoa. Mailegu horiek eragin dizkioten galerak estaltzeko milaka milioi euro hornitu ditu, eta horrek galerak eragin dizkio (3.485 milioi, iaz).

Azken saiakera

Bankua laguntzarik gabe onbideratzeko saiatu da Angel Saracho presidente berria, baina ezin zuen kapital gehiago bildu, azken urteotan jasotako 5.500 milioi euroak jada ezer gutxi balio zutelako. Erosle bat bilatu du Sarachok azken asteotan, baina inork ez du eskaintza sendorik egin; Botinek atzo beste hitz batzuekin onartu duen moduan, bankua merkealdiko prezioan erosteko itxaropena zuten.

Asteartean, bandera zuriarekinjoan zen Saracho Frankfurtera, eta EBZk egiaztatu zion Popular porrot egiteko zorian zegoela, «ez duelako likideziarik etorkizun hurbilean ordaindu behar dituen zorrak ordaintzeko». Erreskatatzeko prozedura martxan jarri zuen, eta enkante baten bidez Santanderren esku utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.