Bere bizitzaren azken hogei urteak elikatu dituen konspirazioaren teoriarentzat bazka gehiago lortu du Mario Condek (Tui, Galizia, 1948). Indar boteretsuen biktima dela esaten aritu da 1993an Espainiako Bankuak Banestoren lehendakaritzatik bota zuenetik. Eskuineko hedabideek emandako bozgorailuek hauspotutako biktimaren rola espetxean ustiatu behar izateko aukerak ez dira gutxi, salaketa larri bati egin behar baitio aurre: Baneston ostutako dirua zuritzea.
Atzo goizean atxilotu zuten Conde, Alejandra alabarekin, Mario semearekin, eta beste bost lagunekin batera. Santiago Pedraz Auzitegi Nazionaleko epaileak eta Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak leporatzen diete Suitzan eta Erresuma Batuan ezkutatutako hamahiru milioi euro Espainiaratzen aritu izana, testaferroek jasotako maileguen, kapital handitzeen edo transferentzien bidez.
1990eko hamarkadan Espainiako finantza munduak izandako eskandalu handienaren protagonista da Conde. Antibioticos enpresaren salmentak ekarritako diruarekin Banesto bankuko lehendakaritza lortu zuen Condek 1987. urtean. Banku historikoa ez zegoen aldirik onenean, eta are okerrago aurkitu zuen Espainiako Bankuak, 1993ko Inuzente egunean esku hartzea erabaki zuenean. Conderen finantza ingeniaritzak ordurako ezkutatzerik ez zuen 605.000 milioi pezetako zuloa zuen. Ikerketak erakutsi zuen diru horren zatirik handiena kudeaketa txar batek eragin zuela, baina Condek kutxatik 3,6 milioi euro hartu zituela frogatutzat jo zuten. Auzitegi Nazionalak hamar urteko zigorra ezarri zion, eta hogei urtera igo zuen gero Gorenak. Sartu-irten ugarien artean, zortzi urte egin ditu preso. Estatuak 600 milioi euro jarri zituen Banestoren gordailuak estaltzeko, eta Santanderren esku utzi zuen.
Anbizio politikoak hondoratu zuela dio Condek, baina anbizio hori praktikan jarri duenean porrot egin du: izar mediatiko baten beharra zuen CDSk Kongresurako lehen postua eskaini zion 2000an, eta 23.000 boto ziztrin lortu zituen; porrot egin zuen 2012an ere, Galiziako Parlamenturako lehiatu zenean, berak sortutako SCDrekin.
SOSLAIA. Mario Conde
Banestoko harrapakinak harrapatuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu