Banco Sabadellek gaur goizean sindikatuei adierazi die enplegua erregulatzeko beste espediente bat martxan jartzeko asmoa duela. 1.800-2.000 langile inguru kaleratzeko asmoa dauka, urtean 100 milioi euro inguru aurreztu ahal izateko. Kaleratze horiek egiteko, Sabadellek aurre erretiroak, kalte-ordaina izango duten bajak eta langileak birkokatzeko plan sozial bat —«merkatuko estandarren gainekoa»— eskainiko ditu, 300 milioi euroren kostua aurreikusita.
Datorren ostegunean, Sabadelleko zuzendaritzak espedienterako aurreikusitako egutegia eta eragina zehaztuko dizkie langileen ordezkariei.
CCOO sindikatuak adierazi du ez duela onartuko «erregulazio traumatikorik», ez dagoela arrazoirik horrelako zerbait egiteko.
Hilabete gutxitan Sabadellek egiten duen bigarren erregulazioa da. 2020. urtearen amaieran, erakundeak 1.800 langile kaleratzea adostu zuen sindikatuekin.
Sabadellekoekin, aurten, Espainiako finantza erakunde nagusiek 17.000 langile baino gehiago kaleratu dituzte.